‘Open Ispilu’: apain, eta aldi berean, informazioz jantzia

Eitb.eus / 2016-03-14 / x hitz

Irontec eta The Makery enpresek sortua, albisteen eta eguraldiaren berri ematen dizun ispiluari Open Data Euskadiren lehen saria eman dio Jaurlaritzak.

Ispilua begiratzean apain jartzeaz gain, albisteen eta eguraldiaren berri izango bazenu? Hala irudikatu dute Irontec eta The Makery enpresek eta Open Ispilusortu dute, datu publiko irekiekin hornitzen den ispilu/aplikazioa. Hain justu, proiektu honek irabazi du Eusko Jaurlaritzak datu irekien erabilera sustatzeko antolatzen duen Open Data Euskadi lehiaketa, aplikazioen kategorian

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan jakinarazi ditu lehiaketan irabazleak. Hain zuzen, sariketa horren bitartez, herritarrek Open Data Euskadiren eta datu irekien bestelako iturrien bidez eskura ditzaketen datu publiko irekien erabilera eta berrerabilera sustatu nahi da.

“Open ispilu”k ispilu arrunta seinaleztapen digitalerako tresna bihurtzen du. Hala, erabiltzaileak albisteen, ekitaldien edo eguraldiaren berri izango du ispilu berezi honetara begiratuta. Bi enpresek 3.000 euro poltsikoratuko dituzte.

‘Open ispilu’z gain, bigarren sari bat ere eman du Jaurlaritzak (2.000 euro) kategori horretan eta korrikalarientzat propio sortutako “Servirace” gidari egokitu zaio. APP honek kirol lasterketa baten kokapenetik gertu dauden zerbitzuen (hotelak, jatetxeak eta abar) gaineko informazioa ematen du.

Ideien atalean, Jeronimo Hernandezek egindako proposamena saritu du Jaurlaritzak, “Hautatu etorkizun oneko ikasketak” delakoa, hain justu. Gazteei ikasketak hautatzen laguntzeko informazioa eskainiko dien webgunerako/mugikorretarako aplikazioa sortzea proposatu zuen Hernandezek. Hainbat iturrietako datuak uztartuta, ikasketa jakin batzuk amaitu ondoren horiei loturiko lana aurkitzeko probabilitatea edo ikasketok bertan behera uzten dutenen indizea ezagutu daitezke.

Bigarrenik, Jon Peyk, Carles Ortolak eta Alberto Rezolak aurkezturiko “iBILI-Lizitazioen bilatzaile adimenduna” nabarmendu dute. Proiektuak teknika matematiko berritzaileak aplikatuko lituzke lizitazio publikoei buruzko informazio adierazgarriena bilatu, aztertu eta bistaratzeko. Gainera, gomendioak ere egingo lizkioke ETEei eta start-up enpresei. Halaber, horien lehiakortasuna areagotuko luke, kontratu publikoak ezagutarazteko plataforma eskaintzen dienez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.