Europaren joko zikina, bost puntutan

Mikel Garcia Idiakez / 2016-03-14 / 351 hitz

Errefuxiatuak gainetik kentzeko denak balio du. Etikatik eta legetik urrun dagoen politika darama 2012an Bakearen Nobela jaso zuen Europar Batasunak.

– Ostikoa Turkiara. Grezian pilatuta dauden errefuxiatuak, Europar Batasunaren ustez babesa behar ez dutenak –errefuxiatu ekonomikoak direlako edo Europaren arabera herrialde nahikoa gatazkatsuak ez direlako– Turkiara kaleratuko dituzte. Berdin dio horretarako Erdoganen Gobernuari 6.000 milioi euro ordaindu behar izatea, Turkiak giza eskubideak sistematikoki urratzea, kurduen aurkako gatazka militarra bizi-bizi egotea, herrialde hartan errefuxiatuentzako gutxieneko baldintzak ziurtatuta ez izatea edota Turkiak Siriako gerran parte-hartze zuzena edukitzea; errefuxiatuak kanpora bidali baditzake, beste alde batera begiratuko du Europar Batasunak. Trukean, besteak beste, Turkian dauden errefuxiatu siriarrak hartuko omen ditu EBk, baina akordioan argi utzi du Europako herrialdeek ez dutela betebeharrik errefuxiatuok birkokatzera konprometitzeko, beraz ez dirudi oso fidagarria hala egingo dutenik. Bide batez, mezu argia eman diete Europara ihesean datozenei: ez gurutzatu itsasoa, bueltan bidaliko zaituztegu Turkiara.

– Ikuskizun danteskoa Grezian. Greziako Idomeni kanpalekuan pilatuta bizi diren 14.000 lagunentzako ere argia da mezua: Turkiara bidaliko zaituztegu, edo Grezian mantenduko, baina ez zarete Europan barneratuko. Mazedoniak muga itxi ostean eta negu betean, okerrera egingo du Grezian dauden errefuxiatuen egoerak. Egun, lokatz gainean bustita dauden kanpin-dendetan egiten dute lo eta jasangaitzak dira baldintzak.

– Lehenengo eta bigarren mailakoak. Aipatu moduan, siriar edo irakiar ez direnak ez dituzte errefuxiatutzat hartzen, eta siriarren edo irakiarren egoera gogorra bada, are gogorragoa da beste herrialde batzuetatik ihesean datozen migratzaileentzat. Ateak itxita dituzte zuzenean, eta igarotzea lortzen badute, ilegal izatera pasako dira. Greziara iristen direnen %40 inguru afganiarrak dira, talibanen eraso etengabeen biktimak euren lurraldean, baina horiek ez dute babesik behar, Europar Batasunaren aburuz.

– Legea, zer da hori? Dirudienez, arauak ez daude betetzeko, boterea duzunean eta komeni ez zaizunean. Asiloa behar dutenei babesa emateko betebeharra ez da konplitzen ari Europa eta Genevako hitzarmenak dioen arren asilo eskaerei indibidualki –eta ez kolektiboki– erantzun behar zaiela edo ezin direla asilo eskatzaileak jatorriko herrialdearen arabera diskriminatu, kontrakoa egiten ari da Europar Batasuna.

– Iruzurra. Europako estatuen artean errefuxiatuak birkokatzeko plana hutsaren hurrengoa izaten ari da, lotsagarria da herrialdeek hartu dituzten errefuxiatuen kopurua eta gobernuburuen konpromisoak haizeak eraman ditu. Alderantziz, gero eta kontrol eta muga gehiago jarri dituzte Europan, gotorlekua ondo babesteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.