Jon Ordoñez / 2016-04-07 / 208 hitz
Atxilotuari inork ez dio galdetzen ea baimena ematen duen eskuburdinak jarrita argazkia ateratzeko. Erredakzio gutxitan jartzen da zalantzan argazki hori argitaratzen duten hedabideak errugabetasun presuntzioa urratzen ari diren. Irakurle askok ez dute galdetzen atxilotuaren familiari kalterik egiten ote zaion irudi hori argitaratzen denean. Mozal legeak, ordea, ez du atxilotua babesten. Herritarren Segurtasunerako legea da, baina atxilotuak, sobra ere, ez dira herritarrak; ezta haien senideak ere. Poliziak, bai. Eta nahiz eta euren burua operazio baterako presta eta estal dezaketen, atxilotuak ez bezala, legeak ez ditu behartzen. Kontua ez baita nor ikusten den, baizik eta zer ezkutatu nahi den.
Axier Lopez Argia-koa da mozal legea baliatuz zigortu duten lehen kazetaria. 601 euro ordaindu beharko du polizia operazio baten argazkiak zabaltzeagatik Twitterren. Delitu larria leporatu diote. Argazkiak ikusten dituen edonork, ordea, ikusiko du ez dagoela deliturik, eta ezkutatu nahi dena eta ezkutatzeko modua dela larria. Ez da kasualitatea Lopez izatea #KazetaritzaEzDaDelitua kanpainaren bultzatzaileetako bat. Asteartean eskatu zuten Espainiako Kongresuan PPk ez beste alderdi guztiek lege hori bertan behera uzteko, baina Egin, Egin irratia, Euskaldunon Egunkaria eta Ateak Ireki ataria itxi zituztenean Espainiako Gobernuan zegoen alderdiak bereari eusten dio, botereari. 2003an, euskara babestu nahi zutela zioten. Orain, herritarrak. Axier Lopezi jarri diote isuna, baina, aurrera egin ezean, zigorra denontzat izango da.