Hirigintza plan bat bertan behera utzi dute Galesen, hizkuntza eragina dela eta

G. Goikoetxea / 2016-04-14 / 334 hitz

Herri batean 366 etxebizitza egiteko proiektua atzera bota dute, galesari eragingo liokeela eta. Legeetan jasoa dute hizkuntza kontuan hartzea.

Galesko herri zaharrena dela esaten dute. Bangor. Herrialdearen ipar-mendebaldean dago. 19.000 biztanle inguru ditu, baina horietatik gehienak unibertsitate ikasleak dira. Etxebizitzak egiteko hirigintza plan handi bat martxan izan dute orain arte: 366 etxebizitza egiteko asmoa. Bertan behera geratu da, ordea. Hirigintza planak galesari kalte egiteko arriskua ikusi dute, eta eraikitzaileari baimenik ez ematea erabaki du herri kontseiluak —proiektuaren alde bozkatu dute hiru ordezkarik, eta kontra, hamarrek—. Urte hasieratik, legeetan sartua dago hirigintza planak onartzerakoan hizkuntza aintzat hartu beharra.

Planifikazio Legea aldatu dute Galesen, eta orain hirigintza egitasmo bat baimentzerakoan ezinbestekoa da galesarentzat izango lukeen eragina aztertzea. Carl Sargeant Planifikazio ministroak legea aurkeztean esan zuen «mugarria» dela irizpide hori txertatzea, eta Gales osoan «koherente» jokatzen ahaleginduko direla.

Mentrau Iaith Cymru elkarteko koordinatzaile Meirion Daviesek BERRIAri azaldu dionez, gales hiztun gehieneko eskualdean dago Bangor: %65 bat dira gales hiztunak —Bangor herrian gutxixeago, unibertsitatearen eraginagatik—. Hamalau hektareako hirigintza plana zen, eta protestak eragin zituen. Azterketa egin zutenean, neurri zuzentzaile gisa proposatu zuten etxeak zatika eraikitzea, ez denak segidan, eta galesa ikasteko ikastaroak ematea biztanleei. Herri kontseiluak harago jo du: egitasmoa bertan behera utzi du.

Daviesek azaldu du lehen aldia dela bigarren pausoan proiektua bertan behera uzten dutena. Hala ere, enpresak aukera du helegitea jartzeko. Ez du argitu zer egingo duen. Hizkuntzen gaia kontuan hartu dutela esan du —txosten bat ere egin du galesarentzat eragin ona izango duela esanez—. Keith Nutter, zuzendaria: «Hiru etxebizitzatik bat prezio eskuragarrikoak ziren, eta horietako gehienak gales hiztunek erosten dituzte».

Ingalaterratik joandakoak

Etxe gehienak kanpotarrentzat pentsatuak direla aitortu du enpresak. Hori da egoera, Daviesen arabera: «Bizitzeko leku atsegin gisa ikusten da Gales. Normalean etxeak erosteko diru gehiago dago Ingalaterran. Leku batzuetan, erdiak baino gehiago dira Ingalaterran jaiotakoak». Galesarentzat eragin txarra dauka horrek: «Hirigintza proiektuak eta gales hiztun gazteak Ingalaterrara joatea dira gales hiztunen komunitatearentzat mehatxurik handienak».

Oraintsu Euskal Herrian izan da Davies, Uemarekin, lege aldaketaz hizketan. Ezinbestekotzat jo du: «Lege aldaketa gabe, ezinezkoa zen garapen hau izatea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.