Zaborrontziak janariz hustu nahian

Nagore Etxeberria / 2016-04-16 / 706 hitz

Janari soberakinak murrizteko eta jakiak zaborretara ez botatzeko, elikagaiei iraungitze data kentzea proposatu dute Alemanian, eta iraungitako produktuak saltzeko denda bat ireki dute Danimarkan.

Urtean, hainbat tona janari zaborrontzira botatzen dira, baina elikagai horietako asko eta asko ez dira janari hondakinak, baizik jateko moduan dauden jakiak. Iraungitze data igaroa dutelako edo kontsumitzeko epe egokia gainditua dagoelako, zaborretara joaten dira jaki asko. Tamalez, munduan oso hedatua dagoen ohitura edo joera da jana botatzea.

Europan, esaterako, kontsumitzen den janariaren erdia botatzen da zaborretara urtero. Horrek esan nahi du 90 milioi tona elikagai hondakin sortzen dituztela Europako Batasuneko herrialdeek; 179 kilo biztanleko.

Danimarka da zaborretara janari gehien botatzen duen Europako Batasuneko herrialdea: pertsonako, 747 kilo jaki alferrik galtzen dira urtean; orotara, 700.000 tona janari. Alferrik galtzen den jaki kantitatea murrizteko asmoz, saltoki handi bat ireki berri dute Kopenhageko Amager auzoan (Danimarka): WeFood. Iraungitako produktuak eta paketatze akatsak dituztenak daude salgai; ohiko dendetan baino %30 edo %50 merkeago eskura daitezke produktu horiek.

«Irrigarria da janaria zakarretara botatzea. Ingurumenerako txarra da, eta alferrik botatzen den dirua da. WeFooden gisako saltokiak egoteak zentzu handia du, eta janari hondakinak amaitzeko pauso garrantzitsua da», adierazi du Eva Kjer Hansen Ingurumen eta Nekazaritza ministroak.

Alemanian ere ez da gutxi zaborretara botatzen janaria: 2012an, 82 kilo jaki bota zuen alemaniar bakoitzak. Joera hori amaitzeko asmoz, hordagoa bota du Christian Schmidt Nekazaritza eta Elikadura ministroak: produktuei iraungitze data kentzea proposatu du. Horren ordez, jakiei txip adimendun bat jartzea proposatu du ministro alemaniarrak. Kolore eskala batek neurtuko luke produktuaren freskura eta egoera. Ingurumen eta Elikadura departamentuak hamar milioi euroko inbertsioa egin du sistema berritzaile hori ezartzeko bidean.

Osasuna garrantzitsuena

Jabier Agirre medikuak ez du oso begi onez ikusten Alemaniako ministroaren ideia: «Astakeria bat iruditzen zait. Orain dela 50 urte edo, ez zegoen neurririk. Osasun arloa finduz joan zen heinean, produktu baten gaineko ezaugarriak neurtzeko neurriak hartzen hasi ziren, jendearen osasunari begira. Neurri batek egon, egon behar du». Izan ere, Agirreren iritziz, «beste edozein neurriren gainetik dago osasuna».

Iraungitze datarengatik produktu asko saldu ezinik geratzen dira, nahiz eta ondo egon. Alferrik galtzen zen janaria murrizte aldera, neurri bat proposatu eta indarrean jarri zuen Espainiako Gobernuak orain hiru urte: iraungitze egunaren ordez, kontsumorako epe egokia adierazi behar zen.

Agirrek uste du denbora gehiago «irabazten» dela neurri horiekin. «Kontsumorako epe egoki horretatik aurrera, ez du esan nahi txarra dagoenik, hainbat ezaugarri eta propietate galdu dituela baizik», zehaztu du medikuak. Eta gaineratu du: «Jartzen dituzten epeak malgu samarrak dira; beraz, epez kanpo egon arren, oraindik jan daitezke hainbat elikagai. Dena den, epe horiek jarri beharrekoak dira», aitortu du Agirrek. Hala, itxura txarreko fruta edo barazkiak edo kolpetxoren bat dutenak jatea ez dela kaltegarria dio Agirrek, baina, berez, saltokiek eta dendek ezin dituztela salmentan jarri.

Produktuak zehazten duen data horretatik aurrera, ezin da elikagai hori merkaturatu, eta, beraz, apaletatik kendu behar dituzte saltokiek. Hala, iraungi aurretik, sobran edo saldu ezinik geratuko zaizkien jakiak elikagai bankuetara bideratzen dituzte saltoki eta denda askok.

Saltoki handiekin hitzarmen bat sinatua dutela argitu du Amaia Urberuaga Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak. Saltokiek sobran duten jana jaso eta banatzea da Elikagai Bankuaren egitekoa. «Janaria alferrik galtzearen aurka borroka egiten dugu guk. Hori da Elikagai Bankuaren filosofia. Hala, saltokiek gehiegi erosten dituzten jakiak dira guk banatzen ditugunak. Etxean jango genukeena da jendeari ematen dioguna. Jaki horiek ez daude inondik inora iraungita; oso egoera onean daude», kontatu du Urberuagak. Hain zuzen, Elikagai Bankura iristen diren produktu guztien iraungitze data zehatz-mehatz begiratzea eta kontrolatzea da haien lanetako bat.

Agirre zein Urberuaga bat datoz: «Jan gehiegi botatzen da zakarretara». Maiz, janari soberakinak sortzearen arrazoia «saltzaileen zein erosleen planifikazio txar baten ondorioa» dela uste du Agirre medikuak. Iraungitze dataren eta kontsumorako epe egokiaren artean dagoen aldea bereizten ez jakitea ere izan daitekeela arrazoia uste du Urberuagak.

Arrazoi bat dela edo bestea dela, kontua da janari gehiegi galtzen dela alferrik. Hori saihesteko «formula magikorik» ez duela dio Agirrek, baina «nola bizi garen hausnartu eta pentsatu» beharko litzatekeela dio. «Bestelako gizarte batean eta beste modu batera biziko bagina, gauzak oso bestelakoak izango lirateke. Hobe genuke naturalago bizi eta naturalago kontsumitu. Baina gurpil zoro batean sartu gara, eta zaila da gurpil horretatik irtetea», gaineratu du medikuak.

Urberuagak argi du: «Jendeak kontzientzia hartu behar du. Kontuan izanda mundu osoan zenbat jende dagoen jan ezinik, ezin da janaria bota! Lotsagarria eta onartezina da hainbeste janari zaborretara botatzea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.