«Mirrey»-ak, luxu eta zigorgabetasunean hazitako familia aberatsetako gazteak

Marti Quintana / 206-05-21 / 864 hitz

Aberaskumeak luxuzko auto, billete-sorta handi eta helikoptero pribatuetan egindako bidaia artean jaio eta hazi dira. «Mirrey»-ak esaten diete Mexikon. Nahi duten guztia egiten dute, inork ez dituela zigortuko jakitun baitira. Ricardo Raphael irakasleak fenomenoa aztertu du kaleratu berri den liburu batean.

Ez da mutikorik beharra bezalakorik”, dio esaera batek. “Beharrak erakusten du bizitza”, beste batek. “Zoritxarra, zoriona baino maisu hobea” dioenik ere bada… Izan ere, bizitzen ikasteko beharra ezinbestekoa dela adierazten duten esaera zahar ugari daude sarean. Baina behar dutena baino askoz gehiago dutenak ere badira munduan, eta horien muturreko adibide bat Mexikon dugu: diru asko duten familietako seme-alabak dira eta oso aberatsak direla jakitera eman beste helbururik ez dutela dirudi; nahi dutena egiten dute, badakitelako beraiek ez dituela inork zigortuko.

Esne-mamitan bizi dira, luxuaren erdian. Beraiek irekitzen duten xanpain botila soil batek Mexikoko gutxieneko soldatak halako ehun balio du, beraien luxuzko autoak ordainezinak dira herritar gehienentzat eta sare sozialetan aberatsenak izateaz harro ageri dira, egin duten azken festaren berri emanez. Mirrey-ak dira, etxeko txikienari esaten zaion “nire errege” espresiotik datorren gaztelaniazko hitza.

Handikeria hori mingarriagoa suertatzen da Mexikon, herrialdeko populazioaren erdia baino gehiago erabateko pobrezian bizi baita. «Ume aberats» horiek bertako sistema klasistaren isla ere badira. Besteak baino gehiago direlakoan daude. Horregatik uste dute edozein gauza eginda ere, ez dutela inolako ondoriorik jasan beharko. Zigorgabetasunaren erdian bizi dira.

Daphne Fernandezen kasua

«Mirrey-ak bere burua gainerako gizakietatik urruti ikusten du. Mirrey-a ez litzateke gaur egun dena inoiz izango, beste gizakien pare jarriz gero», adierazi du Ricardo Raphael “Mirreynato, la otra desigualdad” liburuaren egileak.

Mexikoko alarma guzti-guztiak jo zituen orain aste batzuk Daphne Fernandezen kasuak. Veracruz estatuko adin txikiko neska, 2015eko urtarrilean, ezagunak zituen lau mutilek Mercedes Benz markako auto batera igotzera behartu zuten, erasotzaileetako baten etxera eraman eta bortxatu aurretik. Biktimaren gurasoen presiopean, gazte horietako bik barkatzeko eskatu zioten neskari bideo baten bitartez. Biak dira unibertsitateko ikasleak, Veracruzeko portuko ikastetxe pribatu katoliko bateko ikasle ohiak. Barkatzeko eskatu zuten aurrena, eta krimenarekin zerikusirik ez dutela adierazi zuten ondoren.

Erasoa orain urtebete salatu bazuten ere, orain arte ez dute epaiketarik egin. Veracruz estatuko Gobernuak adierazi du bera ez dela luzamendutan ibili.

Erasotzaileei “Urrezko Itsasertzeko Porkyak” deitzen diete. Gaia ikertu duten hedabideen arabera, gazte horiek urte askotan krimenak egiten aritu den talde bateko kideak dira. Estatuko puntu ezberdinetan egin izan dituzte erasoak. Nabarmentzeko modukoa da 2001ean 15 urteko mutil bat hil zutela.

Gonzalez senataria

Hain atzera joan gabe, Daphne Fernandezen bortxaketan nahastuta dauden lau gazte horiek beste delitu batzuekin ere lotu izan dituzte. Esaterako, 2015eko maiatzean 16 urteko Columba Campillo bortxatu eta erail zuten. Gainera, txirrindulari bat autoarekin harrapatu eta hil egin zuten.

Campilloren bortxaketa eta hilketa hasiera batean bahitzaile talde bati leporatu zitzaion arren, erasoaren buru izan omen zen neskaren anaiek gezurtatu egin zuten orain aste batzuk argitara emandako eskutitz baten bitartez.

Tankerako kasu ugari aipatzen ditu bere liburuan Ricardo Raphaelek. Jorge Emilio Gonzalez senataria Mexikoko Alderdi Berde Ekologistako sortzailearen semea da. 43 urte ditu gaur egun eta dagoeneko zigorrik gabe geratu diren ustezko makina bat delitu egin ditu. Esaterako, mozkor-mozkor eginda autoa gidatzen zihoala harrapatu zutenean, eroskeria egiten saiatu zen, gezurretan aritzeaz gain. Irudi batzuetan senataria zenbait gizonekin ageri zen: bi milioi dolar eskaintzen zizkioten, lan baimen bat lortzearen truke. Gainera, “Ume Berdea” esaten dioten gizona, berea zen Cancun hiriko etxe batean hilda agertu zen Bulgariako neska gazte baten hilketarekin nahastu zuten.

Salaketa, sare sozialetan

Gerardo Saadek 21 urte zituen 20013an. Jesus Murillo garaiko fiskal nagusiaren biloba bere bikotekide ohiaren etxera sartu zen eta jipoitu egin zuen. Biktimak sare sozialetan salatu zuen gertatutakoa, baina agintariengana joan gabe. Saadek Morelos estatuko Fiskaltzaren aurrean bere burua akusatu bazuen ere, ez zioten inolako zigorrik ezarri.

«Hedabideetan urtero erregistratzen diren ehunka kasuen adibide batzuk baino ez dira horiek, zigorrik gabe geratzen diren horietakoak. Edo hedabideek aipatu ere egiten ez dituzten milaka kasuen adibideak», dio Raphaelek bere liburuan. Kazetari eta irakaslearen ustez, «mirrey-en erregimenean ez dute ez muga pertsonalik ez sozialik ez juridikorik». Eransten du egun ondorioen arbitrariotasuna eta zigorren hautakortasuna direla nagusi.

IGI Zigorgabetasunaren Indize Globalak aurten egin duen sailkapenaren arabera, Mexikoko egoera mundu osoko okerrenetakoa da: 59 herrialde sailkatu ditu indizeak eta Mexiko 58. lekuan ageri da. «Mexikon egiten diren 100 delituetatik 7 baino ez dira salatzen», txostenaren arabera. Beraz, 2013az geroztik salatu gabe geratu diren delituak benetan gertatutakoen %92,8 dira.

Testuinguru horretan, bi sexuetako mirrey-ek sekulako arrakasta izaten dute sare sozialetan. Instagramen adibidez, #richkidsofmexicocity etiketak 62.000 jarraitzaile ditu eta bertan ikus daitezkeen irudietan gauza harrigarriak topatuko ditu irakurleak. Esaterako, jaguar handi bat skateboard baten gainean jarrita –seguru asko, gazte dirudun horietako baten maskota izango zen aberea–. Edo “erosketa txikiak egiteko” idatzita duen billete-sorta handia.

Edonola ere, jarrera fribolo horiek Mexikotik kanpo ere izaten dira. Eragiten duten nagusitasun sentsazioarekin gertatzen den moduan.

«Affluenzza»

Ethan Couchek orain hiru urte, 16 urte besterik ez zituela, lau pertsona hil zituen AEBetako Texas estatuan, mozkor-mozkor eginda autoa gidatzen ari zela. Kartzelara sartzea saihestu zuen gazteak, “affluenza” gaixotasuna diagnostikatu ondoren: diru asko duen familia batean hazi zenez, ez omen zituen ez mugak ez berak egindakoaren ondorioak ezagutzen.

Azkenean bere burua kaltetu zuen Ethan Couchek: baldintzapeko askatasuna kendu zioten bideo batean alkohola edaten azaldu ostean. Ondoren, bere amarekin batera, Mexikoko Puerto Vallarta hirira ihes egin zuen. Bertan harrapatu eta AEBetara estraditatu zuten. Baina hori salbuespena izan zela esan daiteke. Normalean ez dituzte salatu ere egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.