Lana bilatzearen lana

Lander Muñagorri / 2016-06-02 / 1040 hitz

Curriculum bat egitea ez da norberaren datuak bere horretan ematea. Lanpostu bakoitzera egokituriko curriculum bat prestatzeko aholkua ematen dute adituek, baita gainerakoetatik bereiziko den bat egitekoa ere. Bideocurriculuma gero eta presenteago dagoen aukera bat da.

Izen-abizenak, adina, ikasketak, laneko esperientzia, eta ordenagailuko programen inguruko ezagutza. Curriculum batean azaldu ohi den informazioa izaten da hori guztia, lan eskaintza baterako hautagai bakoitzak bete ohi dituen hutsuneak, hain zuzen. Baina, edukia antzekoa izan arren, curriculuma egiteko modu ezberdinak daude. Argi azaldu du hori Nora Busturiak. Sormena bultzatzen duen Peopleing estudioko kidea da, eta curriculumak egitearen inguruko ikastaroak eman izan ditu. Haren esanetan, «curriculum batek gainerakoetatik nabarmendu behar du». Enpresa batean egunero ehun curriculum jasotzen badituzte, ahaleginak egin behar dira norbere curriculuma ez dadin bihur gainerakoekin pilatuko den «paper bat gehiago». Azaldu du hori lortzeko lan handia egin behar dela curriculum bat egin aurretik; lana bilatzea lan handia baita.

Curriculuma bidaltzeko modutik bertatik has daiteke diferentzia, esaterako. Busturiaren arabera, «opil bat bidali, eta ‘Hitz egin dezagun’ dioen mezu bat atxikitzen badiozu zure curriculumari, horrek dagoeneko bereganatu du jasotzen duen pertsonaren arreta». Ariane Irazustak ere arreta bereganatzeko teknikak erabili izan ditu bere curriculumak egin dituenean. Hasieratik, gainera: «Ikasketak amaitu nituenean, pentsatu nuen gainerako curriculumetatik bereiziko zen zerbait egin behar nuela». Curriculum gehienak zuriak izaten direnez, berak beltza egin zuen, eta horrela lortu zituen bere lehenengo lanak. Diseinu landuak dituzten curriculumak egitea gomendatzen du Busturiak, hortik ere iristen baita hautatzailearengana.

Bideoak, aurkezpen gisa

Baina badaude atentzioa pizteko amu gehiago, eta, horien artean, bideocurriculumak egin izan ditu Irazustak. Hau da, norberaren nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat. Momentu ezberdinetarako bideo ezberdin bat egin izan du, eta, curriculum beltza bezala, hori ere eraginkorra suertatu izan zaio. «Nire azken lana lortzeko, lanpostu horretarako zehazki bideratutako bideo bat egin nuen, erabakia hartu behar zuten pertsona asko baitzeuden, eta gainerakoengandik bereizi behar bainuen». Lanpostu hori betetzeko zeuzkan indarguneak nabarmendu zituen, ahulguneak ezkutatu gabe. Alderantziz, aurrez sortu daitezkeen kezkak edo ustezko hutsuneak azaltzeko baliatu daiteke bideoa, haren ustez. Azkenean, lanpostu hori lortu, eta helburua bete zuen: gainerako hautagaiek eskaini ez zuten zerbait proposatzea.

Azken finean, informazio bera ematen da bideo bidez, baina euskarria ezberdina da, eta horrek sortzen du ezberdintasuna. Bideo horiek egitea, ordea, ez da gauza berria. Duela zenbait urte hasi zen joera hori nagusitzen, baina oraindik ez du izan espero zen hedapena. «Jendeak oraindik ez du pentsatu ere egiten aukera hori dagoenik», azaldu du Patxi Zeberiok, giza baliabideen zerbitzuak eskaintzen dituen Human enpresako aukeraketa saileko zuzendariak. «Gero eta gehiago ikusten da, baina oraindik ez da aukera moduan ikusten». Eta hori gertatzen zaio Irazustari ere. Tabakalerako Ubik liburutegian egiten du lan, ikus-entzunezkoen arduradun, eta curriculumak kudeatzea ere tokatzen zaio askotan. «Ikus-entzunezko ikasleren batek paperean egindako curriculum normal bat ekartzen didanean, galdetzen diot ea zergatik ez duten bideo bat egiten. Harrituta geratzen dira, ez baitute aukera hori pentsatu ere egiten». Paperean menderatzen dutela dioten programa horiek praktikara eramateko aukera on baten moduan ikusten du Irazustak bideocurriculuma. Baina teknologiak presentzia gero eta handiagoa duen gizarte honetan, oraindik papereko curriculumak gailentzen dira, Zeberioren arabera.

Gainera, bideo batean norbere ikasketa eta laneko esperientzia azaltzeaz gain, informazio gehigarria eskaintzen zaio hautatzaileari. «Askotan, elkarrizketa batean lortu daitezkeen gauzak lortzen dira bideocurriculum batean, nola hitz egiten duzun, nola mugitzen zaren eta bestelako informazio ugari ematen baituzu», Irazustak azaldu duenez. Eta, horrez gain, bideoak buruan errazago geratzen direla dio Busturiak. «Horrek erakusten du, era berean, lanpostu hori lortzeko lan handia egin duzula». Azken finean, curriculum batek duen funtzio nagusia errazago betetzen du: lan elkarrizketa bat lortzea.

Informazio berezitua

Horrela ulertzen du Zeberiok ere curriculum bat, elkarrizketa lortzeko tramite gisa. «Baina curriculum bat egiten jakin egin behar da, pertsona horri buruz ezer ez dakizunean zure aurkezpen gutun baten gisa funtzionatzen baitu askotan». Horregatik, informazio berezitua azaldu behar da curriculumean, eta une jakin batean bilatzen den lanpostu baterako egokia izan daitekeen profila. «Lanpostu deialdi bat egin ondoren jasotzen ditugun curriculum gehienek ez dute balio lanpostu hori betetzeko. Normala da, curriculum bat bidaltzeak ez baitu lanik eskatzen; askok proba gisa bidaltzen dute, badaezpada». Baina curriculum bat egitea lan handia dela dio. Eta kontuan hartzeko lehen puntua eskatzen den lanpostuaren baldintzei erantzutea da, Busturiaren arabera. «Hamaika enpresatara curriculum berdina bidaltzea ez da eraginkorra. Azken finean, ez duzu erakusten enpresa hori bera ezagutzen duzunik; egiten dutenaren araberako curriculum bat prestatzea da egokiena». Horregatik, lanpostu bakoitzerako curriculum ezberdin bat prestatu behar dela dio. Zeberiok ere hala baieztatu du. «Horrek ez du esan nahi gezurra esan behar duzunik, norberak egin dituen ikasketak egin ditu eta». Baina nabarmendu du norberaren esperientziari edo ikasketei garrantzi ezberdina ematea komeni dela lanpostu edo enpresa bakoitzaren berezitasunaren arabera. «Inori ziria sartu gabe, curriculum ezberdinak egin daitezke norbere burua aurkezteko».

Horretaz gain, lana bilatu nahi den herrialdearen araberako curriculuma egitea komeni dela dio Busturiak. «Europan, lan egiteko modu ezberdinak daude, eta kultura ezberdinak; horregatik, atzerrian lan egin nahi baldin bada, komeni da kontuan hartzea herrialde bakoitzeko ohiturak». Curriculum bat egin aurretik kultura bera zein den eta enpresak zer egiten duen barneratu behar dela dio, «azken finean, hori sumatu egiten baita modu batera edo beste batera». Baina, horren aurretik, gomendio nagusi bat egin du Busturiak: zertan lan egin nahi den pentsatu. «Mahai aurrean jarri eta horretan pentsatzea beharrezkoa da, ondoren indar guztiak norabide horretan jartzeko». Era horretan indar gutxiago galduko dela iritzi dio, eta egiten den lana azkenerako eraginkorragoa izango dela nabarmendu du.

Sare sozialekin, adi

Curriculum osatu bat landu ondoren, ordea, laneko elkarrizketa batera deitzeko aukerak murriztu egin daitezke baldin eta sare sozialetan irudi ezegokia ematen bada. «Kontuan hartu behar da sare sozialak kalea direla; kalean oihuka eta biluzik jartzen ez baldin bazara, gauza bera egin ezazu sare sozialetan ere, edonork ikusi baitezake». Irazustak kontuz ibili beharreko euskarri gisa ikusten ditu sare sozialak, «curriculumarekin batera enpresa askotan begiratzen baitute aisialdian zer egiten duzun». Zeberiok ere kontuz ibiltzeko gomendioa egin du. «Iraganean, enpresek hautagaien informazio gehigarria eskatzen zuten aurretik lan egindako lantegietara deituta; gaur egun, hori errazagoa da, eta sare sozialetan norberaren profila bilatuta informazio ugari topatu daiteke». Hori saihesteko, norberaren izena ez daraman kontu bat erabiltzea aholkatzen dute, «edo sare sozialean jartzen duzunaren jakitun egotea».

Azken finean, lana lortzeko lana hori ere bai baita, pauso ugari ematea laneko elkarrizketa posible hori lortzeko. Eskaini behar den informazioa ongi egituratu, antolatu, eta kanpora eskaintzen den irudia egokia izatea. Horren ondoren, zorte apur batekin, lana lor daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.