Lizentziak

Miren Aranguren / 2016-06-15 / 432 hitz

AR-15 batekin erail zituzten lehengoan Orlandoko Pulse klubean 50 lagun eta beste hainbeste zauritu zituzten. Antza, AEBetan erailketa masiboak egiteko erabili ohi den asalto fusila dugu honako hau; San Bernardinoko edota Sandy Hookeko erasoetan hauxe erabili zuten hiltzaileek. Honen helburua, modu eraginkor, erraz eta azkar batean ahalik eta pertsona gehien akabatzea da.

AK-47 famatuaren bertsio amerikarra den M-16aren «bertsio zibila» dela diote askok. Eta, nahiz eta guztiz letala izan, guztiz legala da honen salmenta AEBetako estatu gehienetan. Egunotan irakurri ditudan berrietan, 500 dolar baino gutxiagogatik eros daitekeela aipatzen zen. Ez da arma lizentziarik behar, 18 urtetik gora eta nortasun agiriarekin eskuratu daiteke arazorik gabe.

Omar Siddique Mateen izan zen kolpekaria sakatu zuena. 29 urteko estatubatuarra zen, komunikabideetan mila bider, haren gurasoen jatorria errepikatzen egon badira ere. Haren motibazioa zein zen oraindik guztiz argitu ez den arren, eraso terroristatzat hartu dute hainbat gobernu ordezkariek eta komunikabideek eta Estatu Islamiarrarekin (EI) lotu. Pertsona ezegonkorra zela aipatu da (kasu honetan ez zen gizon «normal» eta jator horietako bat); haren emazte ohia jotzen zuela eta arrazagatiko gorrotoa zuela; matxista eta homofoboa zela. Otso bakarti edota soldadu saindu, gaixoa. Inondik inora, heteropatriarkatuaren seme osasuntsua.

Eta Barack Obama gaixoa frustatuta dago. Ez daki zer egin haren inperio eredugarriaren ezaugarri bilakatu diren horrelako triskantzekin. Ez daki nola arautu armen erabilera, eta hark gobernatzen dituen herritarrak defendatu ezinean dabil. Gaixoa. Edozein komunitatetan gerta zitekeela aipatu du, bazterraren bazterrean kokatzen dituen askotariko jatorridun gay, lesbiana eta transen kontrako eraso hau, kasualitatea bailitzan. Kolpekaria sakatu zuena, arduradun bakarra bailitzan. Pulse-ko sarraskia, LGBTI komunitateak eta berauek eraiki eta asko borrokatu behar izan diren espazio seguruen kontrako erasoa, bakarra bailitzan.

Ez, Obama jauna. Hau ez da kasualitatea. Kasualitateak ez baitira existitzen. Emakumeen, lesbianen, transexualen, mariken… eskubideak ez dira jendarte eredu tolerante baten emaitza. Ez dugu sinisten sasi demokrazia liberalen askatasun eta berdintasun faltsuaren zirian. Jakin baitakigu tolerantzia guztiz dagoela lotuta boterearekin eta zapalkuntzarekin. Patriarkatuaren kontrako borroka, mendeetako borroka luze eta odolostua izan dela. Eta arazoa bakarrik ez dela AR-15aren salmenta bidegabea, edo EI, edo gorroto indibiduala.

Arazoa derrigorrezko heterosexualitatea da; aukera sexual gisa baina bereziki sistema politiko eta ekonomiko gisa. Indarkeria oinarri duen erregimen global hiltzailea, gorputz disidenteen kontra eraiki duzuena. Egunero-egunero, tabernako barra-izkinan entzuten ditugun mariken kontrako txisteek sostengantzen dutena edota larunbatero bi lesbiana muxukatzean gerturatzen den babosoak mantentzen duena.

Arma lizentziarik ezean, heteropatriarkatuaren agente lizentziak banatzen baitituzue. Zuk eta, tolerantzia eta askatasun adierazpen faltsuekin, egunotan, LGTBI mugimendua kapitalizatzen saiatu diren ordezkari politiko guztiek; astelehenean Espainiako hauteskundeen harira lau lehendakarigaiek izandako eztabaida telebisatu grisean ikusi bezala.

Azken lizentziak guregandik gertuago, hainbat futbolariri. Momentuz, Omar Siddique Mateenek jasotako irain eta ezaugarririk ez dugu entzun haiengatik komunikabideetan. Zergatik ote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude