Purple Drank

Maitane de Anitua / 2016-06 / 357 hitz

Normalean, kodeinadun jarabea eta freskagarrien arteko nahasketa da, eta bere erabilera gure artean duela gutxira arte ezezaguna izan da.

Euskal Herrian oraindik asko erabiltzen ez den arren, Purple Drank jendartean ezaguna egin da AEBetan aisialdian kontsumitzen dutelako. Berez, freskagarri eta botika baten arteko nahasketa da, honi batzuetan zapore goxoa izateko edo beste kolore bat hartzeko goxokiak gehituta. Nahasketa ‘Purple Drank’ izenaz da ezaguna Mozkor Morea, AEBetan normalean more koloreko botika erabiltzen dutelako eztularen aurka. Botika horrek, bere aldetik, kodeinaz gain, eragin lasaigarriko prometazina neuroleptikoa ere badu.

Gaur egun edari hau hip-hop musikarekin lotzen da batez ere eta DJ Screw-ren irudia garrantzitsua da honetan. Besteak beste, nahasketa honen erabiltzaile zen musikari hau Purple Drank drogarekin bat egiten duen musika geldoaren sortzailetzat har daiteke, gaur egun berak egindakoaren ildo beretik musika estilo zehatz bat sortu delako. Are gehiago, Justin Bieber abeslariak ere botika eta freskagarrien arteko nahasketa erabiltzen duela zabaldu dute azkenaldian hedabide batzuek. Dena den, argitu behar da hau guztia ez dela erabilera berria edo gaur egungo moda, 1960ko hamarkadan, esaterako, blues abeslariek ere garagardoarekin Robitussin eztularen aurkako jarabea nahasten zuten.

Edariaren eraginei dagokienez, depresoreak dira nahiz eta euforia arina ere sentitu daitekeen. Era berean, besteak beste, honakoa sentitu daiteke: lasaitasuna, logura, zorabioa, ikusmen lausotua, izerditzea, nahasmendua edo haluzinazioak bezalako bestelako eragin disoziatiboak. Bestalde, gogoratu kodeina, opiazeoa izanik, droga dela, botika gehienak drogak diren bezala, eta ez dela arriskurik gabeko substantzia. Esaterako, hip-hop abeslari batzuek gaindosiak izan zituzten eta DJ Screw ere kodeina eta bestelako nahasketa batengatik gaindosiz hil zen.

Beraz, honen erabilera egokia edo arduratsua egitea komeni da. Gainera, batzuetan alkoholarekin nahasten denez, hirugarren substantzia honen elkarrekintza kontuan izan behar da (eragin depresoreak handiagoak direlako eta nahi ez diren eraginak izateko arriskua handitzen delako). Baita ere, gogoratu behar da edozein droga hartzean substantzia, pertsona eta testuingurua aintzat hartu behar direla, droga motaren eragin psikofarmakologikoez aparte alderdi guztiek eragina dutelako.

• Beste ezizen batzuk: Sizzurp, lean, syrup, drank, barn, purple jelly, Texas tea, dirty sprite, tsikumi…
• Normalean kodeinadun jarabea eta freskagarrien arteko nahasketa da.
• AEBetako erabileragatik ezaguna egin da.
• Gaur egun batez ere hip-hop musikarekin lotzen da.
• Orokorrean eragin depresoreak ditu.
• Arriskurik gabekoa ez denez, erabilera arduratsua egin behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.