Guzien neurriko bunbuiloa

Iker Tubia / 2016-10-06 / 990 hitz

Princeton Unibertsitateak aholkua eman du generiko neutroa erabil dadin talde mistoei edo ezezagunei mintzatzeko. Euskara neutroa dela esan ohi da, ez duelako maskulino generikorik, baina, hizkuntza ongi aztertuz gero, berehala antzeman liteke patriarkatuaren eragina.

Hizkuntza guztiak dira pentsaera baten isla, eta, aldi berean, pentsaera sortzen dute». Irene Arraratsen hitzak dira, BERRIAko euskara arduradunarenak. Beraz, esan liteke hizkuntzaren erabilera pentsamolde baten araberakoa izaten dela, baina pentsamoldea aldatzeak hizkuntza aldatzea ekar dezakeela. Hori pentsatuko zuten Ameriketako Estatu Batuetako Princeton Unibertsitatean. Izan ere, hizkuntzaren erabileran aldaketa bat egitea proposatu du prestigio handiko unibertsitate horrek: mezuaren hartzailea ezezaguna denean edo genero bakarreko talde bat ez denean, maskulino generikoa baztertzea eta neutroa erabiltzea. Aholku sorta «erakundearen kultura eta politika inklusiboaren isla» dela diote.

Beraz, idazki ofizial batean generiko neutroa erabili beharko litzatekeela uste du Princetonek, hartzailea ezezaguna izaten delako. Adibidez, his erabili beharrean (haren, maskulinoan), their erabiltzea (neutroa). Gauza bera he/she hitzekin (hura, maskulinoan eta femeninoan). Haien ordez, besteak beste, erabil liteke the individual (norbanakoa). Horrelakoez gainera, man eta woman duten hitzak saihesteko aholkua eman dute: cameraman ez (maskulinoa), baizik camera operator (neutroa) erabiltzea kamerari esateko; fireman ez (maskulinoa), baizik firefighter (neutroa) suhiltzaileak izendatzeko; zerbitzariari server esatea (neutroa), eta ez waitress (femeninoa).

Maskulino generikoa oztopo da hizkera inklusiboa lortzeko bidean. Horretaz jabetu ziren Suedian, eta izenordain neutroa hiztegian onartu zuten iaz. 1960ko hamarkadan, han (hura, maskulinoan) eta hon (hura, femeninoan) erabili beharrean, mugimendu feministak hen (neutroa) erabiltzeari ekin zion. Hen horrek balio zuen bai hartzaile ezezagunari mintzatzeko, bai genero maskulinoarekin edo femeninoarekin identifikatzen ez diren pertsonak ez baztertzeko. Finlandian aurretik erabiltzen zuten hän neutroan inspiratu ziren. Erabilera asko orokortu da, eta horregatik onartu du akademiak.

Bide neutroaren bila

Gertuko hizkuntzetan ere hasi dira saiakera batzuk egiten. Gazteleraz, esaterako, hainbat esparrutan alumno generikoa baztertu (ikasle, maskulinoa), eta alumnado (neutroa) erabiltzen dute. Hala ere, ez da hitz guziekin erabiltzen. Ez dago precariado hitza, esaterako. Badira @ erabiltzen dutenak ere, nahiz eta genero maskulinoaren marka beti ez den -o, eta eremu formaletan ez den oso itxurosoa. Beste aukera bat generoa markatzen den tokian x jartzea da: alumnxs. Azkenaldian, ezker muturreko militanteen artean -e neutroa erabiltzen hasi dira: les alumnes (ikasleak, neutroa). Baina urruti dago formula horren erabilera orokortua.

Frantses hiztunek ere egin dituzte saio batzuk; batik bat ezkerreko mugimenduetan ikus daitezke aldaketa horiek. Hala, étudiant (ikasle, maskulinoa) eta étudiante (femeninoa) saihesteko, étudiant.e.s (neutroa) erabiltzen dute. Horrelakoak ez dira testu formaletan irakurtzen, baina nahiko ohikoak dira ezkerreko mugimenduen manifestu eta eskuorrietan. Horretaz gainera, azken aldian ikus liteke celleux ere (hauek), celle (femeninoa) eta ceux (maskulinoa) batzeko, eta illes (haiek), ils (maskulinoa) eta elles (femeninoa)elkarturik.

Buruhausteak ekar ditzake maskulino generikoa neutro bihurtzea. Euskararen kasuan, buruhauste bat gutxiago, horrelakorik ez baita. Beraz, hizkera inklusiborako bidea errazagoa izan daiteke euskaraz. Beharbada, hori da hizkuntzetako sexismoaren rankingean beheko postuetan egoteko gakoa. Alvaro Garcia Meseguerrek Lenguaje y discriminación sexual liburuan azaldu zuenez (Cuadernos para el Diálogo, 1977), euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40, eta gaztelerarena %80. «Hizkuntzen ezaugarri zehatz batzuetan erreparatu zuen, eta konparatu zituen. Nagusia genero gramatikala izan zen», azaldu du Amaia Alvarez Uriak. EHUko irakaslea da, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailekoa.

Hala ere, horrek ez du esan nahi euskal hizkuntzak ez duenik arazorik. «Ez dago hizkuntza neutrorik, ezta kultura neutrorik ere. Guztiak dira subjektiboak: badituzte balio eta ohiturak, mundua ikusteko eta irudikatzeko modu bat, eta gu ez gaude salbu. Euskarak baditu bere mugak», esan du Alvarezek. Adibidez, euskaraz gizon portatu erabiltzen da behar bezala jokatzen duenaz hitz egitean. «Halakoetan ikusten da hizkuntza batek zer-nolako karga sexista izan dezakeen genero markarik izan gabe ere», dio Arraratsek. Beste hitz batzuek esanahi ezberdina dute generoaren arabera: gizon bulartsua ausarta da, baina emakume bulartsua, titi handikoa. Kontuz ibili behar da erdaretatik egindako kalkoekin ere: aitak (aita-amak-en ordez), semeak (seme-alabak-en ordez)…

Baina hizkuntzak ez dira totemak. Aldatzen dira. «Aurreneko gauza kontzientzia izatea da. Orduan hasten zara gogoeta egiten, eta, hala, ez duzu modu akritikoan ontzat ematen lehen edo betitik esan izan dena», dio Arraratsek. Adibidez, emagaldu hitza ez da askorik erabiltzen dagoeneko, eta erregistro formalean, behintzat, lekuz kanpo geratu da.

Alvarezek uste du urrats batzuk egin direla dagoeneko. Mugimendu feministak gogoeta egin du, eta horren emaitza dira Bilgune Feministak ateratako estilo liburuak eta izendegia sexuaren arabera bereiztearen aurkako jarrera. Beste batzuk motel doazela uste du EHUko irakasleak: «Emakundek gomendioak argitaratu zituen 1998an eta 2008an, eta pixka bat zabaldu dute ikuspegia, hitzetatik harago doaz, eta irudikapenari buruz ere hitz egiten dute orain».

Komunikabideetan oso jarrera ezberdinak ikusten ditu. Batzuek landu dute gaia estilo liburuetan; adibidez, BERRIAk. Beste batzuek, aldiz, ez. Akademian beste mugimendu batzuk antzeman ditu: «Euskararen erabilera sexistaren planteamendua gainditu dugu, eta hasi gara diskurtsoaren analisi kritikoari buruz hitz egiten». Hizkuntzaren akademiarekin, baina, kritiko agertu da Alvarez. Uste du Euskaltzaindiak ez duela aurrera egin; are, atzera egin duela, besteak beste, izendegian hartutako erabakiekin.

Hizkuntzen akademiek hizkuntzak deskribatzen dituzte, eta bide horretatik mintzatu zen Ibon Sarasola orain urte batzuk Tribuaren berbak saioan. Haren aburuz, akademiek tradizionalak izan behar dute, hitz edo esapide asko boladan jartzen baitira denbora tarte mugatu batez. Arraratsek uste du hizkuntza deskribatzea dela haien zeregin nagusia, nahiz eta gomendioak ere eman. Beraz, aldaketa hiztunek ekarriko dute. «Hizkuntza oso gauza demokratikoa da: hiztunen komunitateak ematen dio bere moldea, eta gai hauetan ere bai», esan du Arraratsek.

Baina hitzez harago ere joan beharra dago. Hala uste du Alvarezek: «Hizkuntzak ez dira bakarrik hitzak; hitzek dakartzaten irudiak, eta hitzekin eraikitzen ditugun harremanak ere badira». Bide horretan, hizkuntzaren feminizazioa aldarrikatzen du: emakumearekin lotutako terminoak gehiago erabiltzea, eta balio positiboa ematea. Ez hori bakarrik: «Genero aniztasunak ere isla izan beharko luke euskaraz, eta hori litzateke hurrengo pausoa; ditugun neutroak aprobetxatuz, eta ez ditugunak sortuz».

Hizkuntza inklusiboa lortzeko, beharrezkoa da oihartzun publikoa dutenek beren arduraz ohartzea. «Kritikotasuna ondo dator bizitzaren arlo guztietan, eta honetan ere bai. Ez gaitezen aritu pentsatu gabe, horrela esaten delako», dio Arraratsek. Baina, batik bat, nahi bat du berak: «Oso inportantea da gai hau ez izatea politikoki zuzen edo polit izateko bide bat, ez dadila izan anekdota; bestela, kalte egingo diogu bai euskarari eta bai sexismoaren kontrako borrokari».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.