Alberto Crisci. Sukaldaria: «Sukaldeak motibatu egiten ditu presoak»

Maialen Unanue / 2016-12-16 / 395 hitz

Clink Charity proiektuaren sortzailea da Crisci; presoak sukaldaritzaren bidez gizarteratzea du eginkizun. Esperientzia azaltzen izan da Donostian, BCC Basque Culinary Centerren.

Lau jatetxe ditu Alberto Criscik (Epsom, Erresuma Batua, 1962) Ingalaterrako lau espetxetan. Presoak dira sukaldari eta zerbitzariak: espetxetik ateratzean ogibide bat izan dezaten laguntzen die. BCCen Culinary Interaction jardunaldietan izan da.

Pasarte latz batek bultzatuta sortu zenuen Clink Charity proiektua.

Bi laguni gertatutakoak bultzatu ninduen. Haien gurasoak banandu egin ziren, eta alde egin zuten biek. Bakarrik bizi zirenez, haienera joaten ginen edatera, festara… Ez zegoen araurik jarriko zigunik. Bizitza goitik behera aldatu zien: drogek mendean hartu zituzten, eta espetxean amaitu. Goiz batean, haietako bat ez zen esnatu; anaiak bere buruaz beste egin zuen, gutxira.

Ordurako sukaldaritzan ari zinen?

Nire negozioak porrot egin zuen: ia dena galdu nuen. 1980ko hamarkadan, krisi latza izan zen Erresuma Batuan. Presio handia neukan, estres izugarria: negozioa utzi, eta buruhausterik sortuko ez zidan zerbaitetan lan egin nahi nuen.

Beraz, kontrakoa egin zenuen.

Lagunek esan zidaten: «Lan erraz bat nahi zenuen, eta espetxera zoaz? Erotu zara, edo?» [barreak].

Nola erakartzen dira bezeroak espetxean dagoen jatetxe batera?

Zazpi urte dira lehenengoa ireki genuenetik, eta jada jendea ez da etortzen jakin-minagatik, esperientzia gustuko dutelako baizik. Gustuko dute ere ez direla soilik otordu bat ordaintzen ari: presoen gizarteratzea laguntzen ari dira.

Nolako prestakuntza ematen diezue presoei?

Ikasgela bat daukagu, eta etxerako lanak izaten dituzte. Irakurtzen edo idazten ez dakitenei ere irakasten diegu; asko ez dira izan ikasle onak, baina sukaldean aritzeak motibatu egiten ditu. Hezitzaile bana daukagu jatetxeetan, presoek izan ditzaketen beharrei erantzuteko.

Zerbitzari lanetan ere aritzen dira?

Hala da: kafeak, kaputxinoak eta abar egiten dituzte; alkoholik gabeko koktelak ere bai. Baratzean ere irakasten diegu. Andreen kartzela hegoaldean dago; udaberrian, haiek landatutako barazkiak erabiltzen ditugu. 50 bat oilasko ere baditugu.

Konfiantza handia duzu guztiekin, ezta?

Harreman oso ona daukagu, bai: zorrotz samarra naiz, baina errespetuz tratatzen ditut. Nik ez ditut gutxiesten, eta haiek ez naute gutxiesten. Ezinbestekoa da elkar errespetatzea, funtziona dezan.

Zer iritzi duzu kartzelez?

«Giltzapean itxi, eta ez galdu zure dirua eta denbora»: hori da espetxeen aldekoen pentsaera. Eta zer pasatzen da ia bizitza osoa kartzelan pasatu ostean ateratzen direnean? Integratzeko lana behar dute, familia mantentzeko soldata…

«Gizarte iraunkorra» aipatu duzu hitzaldian: hori al da irtenbidea?

Gizarteratzen lagunduta, lana topatuko dute, eta, soldata bat lortzeaz gain, berriz deliturik egin ez dezaten ere laguntzen diezu. Gizarte osoa aberasten da: gizarteratzean ez laguntzea ez da iraunkorra.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.