Change.org: Big Dataren negozioa

Igone Mariezkurrena / 2017-01 / 987 hitz

“Munduko eskaera-plataformarik handiena”, dio ‘Change.org’ atariko claimak. Milioika herritar pasatu ei dira akziora. Eta milioika erabiltzaile horien inguruko informazioa bilakatu da salerosketa-gai.

“32 urte ditut. Santa Barbaran jaio nintzen, San Frantziskon bizi naiz. Ekintzaile digitala naiz, London School of Economics-en ikasitakoa. Ezkongabe nago eta ez dut seme-alabarik. Politika? Jendeari boterea ematea. Formazio katolikoduna naiz. Aktibismo digitalerako plataforma bat sortu dut”. Halaxe aurkeztu zuen bere burua Ben Rattay Change.org atariaren sortzaileak orain urte batzuk. Egun zuzendari exekutiboa den horrek Marcos Dimas eta Adam Cheyer ikaskideekin batera (biak hala biak Garapen Teknologiko alorreko zuzendariak gaur egun) 2007ko otsailaren 7an abiarazi baitzuen Change.org.

Azaleko lehen begiratu batek webguneak berak dioena baiezta lezake: alegia, sinadurak online biltzeko plataforma bat dela. Bertan kontu edo profil bat abiarazten dutenek eskaera jakin bat argitara dezakete, ondoren bisitariek, nahi izanez gero, babes dezaten. Oro har, osasunari, hezkuntzari, justizia ekonomikoari edota ingurugiroari loturiko giza eskubideekin zerikusia duten aldarriak bildu ohi ditu. Artikulu hau idazteko unean, esaterako, eskoletako jangeletan janaria alperrik xahutzearen aurkako sinadura-bilketa bat zen martxan (234.177 sinatzaile), edota adingabeen aurkako delitu sexualek ez preskribatzeko eskaera (332.848 sinatzaile).

Irabazi-asmodun webgunea

“Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) baten baloreak startup teknologiko baten malguntasunarekin eta izaera berritzailearekin konbinatzearen emaitza” omen da Change.org plataforma, betiere Ben Rattayren aburuz: “Izaera sozialeko ekimena da hau, enpresaren boterea jendartearen ongizaterako baliatzen duena”; ingurua aldatzeko tresnak herritarren eskura jartzen dituztela dio Rattayk. Baina zuzenagoa litzateke esaldiari buelta eman eta ekintza soziala edo jendearen ekintzailetza negozio pribatuaren mesederako baliatzen duela esatea. Izan ere, Change.org irabazi-asmodun ataria da, Change.org Inc. korporazio estatubatuarrak kudeatua, hain zuzen. Aipatu sozietate hori Delaware estatuan eratu zuten eta bertan du egoitza; eta adi, Delaware, Wyoming eta Nevada baitira sozietate mugatuen kasuan zerga-salbuespena aplikatzen duten AEBetako hiru estatu bakarrak. Hortaz, Change.org plataformak paradisu fiskalen aurkako eskaerak martxan dituen arren, Change.org Inc. enpresak ez ditu bere irabaziak publiko egiten eta ez du zergarik ordaintzen.

Baina ‘.org’ domeinu orokorra baliatuta (egun ez dago luzapen hau erabili ahal izateko baldintza edo betekizun zehatzik), Change.org-k bere enpresa-jarduera (zergak ordaindu beharrik gabekoa gainera) estali edo makillatzen du, publikoak, oro har, irabazi-asmorik gabeko ekimenekin, GKEekin, edota software librearen ildoko ekintza horizontalekin lotzen baitu ‘.org’ domeinu hori. Luzapen komertziala (‘.com’) litzateke, hizpide dugun kasuan, hautu zintzoena.

Hori ez da nahasmenerako baliatzen duten trikimailu bakarra, ordea. ‘B Corporation’ delako ziurtagiriak euren jardunbide soziala egiaztatzen duela diote Change.org plataforman bertan, zehazki ‘Change.org-ri buruz’ atalean: “Talde independente batek aldez aurretik definitutako gizartearekiko eta ingurumenarekiko begirune handiko jokabide-estandar jakin batzuk eskatu eta enpresaren inpaktu positiboa txalotzen duen ziurtagiria da”, diote. Ustezko “talde independente” hori, ordea, B-Lab izeneko entitatea da (ekarpen pribatuetatik edaten du %80an), diru-truke oinarri legalik gabeko ziurtagiriak igortzen dituena (lehena inbertsio pribatuko banku bati aitortu zion). Horiek ‘Benefit Corporation’ delako egiaztagiriarekin nahas daitezke; azken honek bai oinarri legala eta balio juridikoa ditu, estatuek aitortzen baitute, baina egun soilik Hawaii, Virginia, Maryland, Vermont, New Jersey, Kalifornia eta New Yorken dago indarrean; ez Delawaren.

Bestalde, Change.org plataformak ahalbidetzen dituen sinadura-bilketek ez dute inongo baliozkotasun legalik; hala izan zedin, NAN elektronikoaren erabilera eta errepikapenak edota faltsutzeak ekiditeko erregistro-kontrol mekanismoren bat ezinbestekoak lirateke. Horrenbestez, herritarrek atari digital honetatik atera lezaketen onura bakarra informalegia da benetako eraginik sortzeko.

Oihu bat basamortuan

Change.org atariaren aurkako lehen kexa indartsuak 2013ko urrian ikusi zuen argia plataforman bertan. Miguel G. Macho izeneko erabiltzaileak milioi bat sinadura bildu zituen hizpide dugun plataforma ixteko eskatuz: “Zure kontzientzia baretu eta ezer ez lortzearen

truke haiek aberasten jarraitu behar al duzu? Change.org-k ez du ezertarako balio, eta herritarren itxaropenetik probetxua ateratzen du”, zioen bere testuak. Erabiltzaile honen arabera, plataformak 3,7 milioi dolarreko irabazia fakturatu zuen 2011. urtean, eta 15 milioi 2012an.

Badirudi, ordea, arrangura hura gauza isolatua izan zela, oihu bat basamortuan (kolektiboa bai, baina bilatzen zuen helburua erdiesteko beharrezko oihartzunik gabea). Izan ere, urterik urte, Change.org-i loturiko zifrek gora egin dute maila guztietan: erabiltzaile gehiago (izaera guztietakoak), eskaera gehiago, sinatzaile gehiago… salerosketarako datu gehiago; negozioa esponentzialki hazi da.

Zertan datza negozioa?

Jakin badakigu artikulu honek ez dakarrela sekulako bonbazoa. Hau da, gehienentzat gauza jakina dela asko eta askotarikoak direla Sarean datu-baseekin trafikatzen duten guneak, bizi ditugun garaiotan Big Data ingeniariak ez dabiltzala langabeziaren mehatxuarekin kezkatuta alegia. Baina, ez al zaizue iruditzen jendearen zorigaitzean, etsipenean, herritarren elkartasunean eta, aldi berean, gizartearen zati handi baten ezjakintasun digitalean eta legegintza-hutsuneetan oinarritutako negozioa bereziki deitoragarria dela?

Bertan erabiltzaile-kontu bat abiatu eta eskaera bat argitaratzea doako zerbitzua den arren, Change.org-k Babestutako Kanpainak ere eskaintzen ditu, ordainpekoak. Amnesty International, Human Society, Acnur eta beste 300 erakunde gehiagok (atari digitalaren beraren arabera) ordaindu egiten dute euren eskaerak Change.org-n ostatatzearen truke eta plataformak eskaera horiek zabaltzearen truke.

Hau da, Change.org-n Babestutako Kanpaina bat kontratatzen duten erabiltzaileek CRM (Customer Relationship Management) delako zerbitzua jasotzen dute trukean: Change.org-ko “adituak” arduratzen dira ekimen edo salaketa bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta jarraitzaile potentzial bateragarrienak, aktiboenak, edota geografikoki hurbilenekoak kontaktatzeaz (mailing tematsuen bitartez) eta euren sinadura eskatzeaz. Baina ez hori bakarrik; sinatzaile potentzial horien telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak ere ‘saltzen’ dizkiete kontratatzaileei, Change.org testuingurutik kanpo ere eurek (erakundeek) zuzenean kontakta ditzaten kanpaina bererako edo beste zerbaitetarako. Hortaz, herritarrek elkartasunetik emandako datuekin trafikatu eta aberasten da Change.org. Izan ere, datu babeserako sistema soilik kontu edo profil bat abiarazten dutenen kasuan aplikatzen dute; ez sinatzaileen kasuan.

Change.org bezalako atariek (Avaaz.org, Care2.com, Petitiononline.com… asko dira) euren erabiltzaileen lan digitala errentabilizatzen dute. Azken batean, salaketa bat plazaratu, babesa eman, oharren bat idatzi edota intereseko esteken berri ematen dutenen denbora eta borondate ona merkantilizatzen dituzte; erabiltzaileak errentagarri bilakatzen dituzte edukien igorle nahiz hartzaile bezala.

Slacktivismoa

Herritarrak ahalduntzen dituztela dioten arren, Change.org-ren tankerako plataformek, kontrabotere gisa eragitetik urrun, benetako borroka soziala oztopatzen dute. Slactivismoa edo sofatiko aktibismoa sustatzen dute, kontzientziak lasaitu bai, baina benetako aldaketa motoreak apaltzen dituena, gizartearen eta zibergizartearen arteko zubi-lana egin gabe.

Irismen-datuak

Webguneak berak dioenez, mundu osoko 172.000.000 pertsona baino gehiago pasatu dira akziora (artikulu hau idatzi zen unean jasotako informazioa da). Eta honako hauek dira atariak berak aitortzen dituen beste datu batzuk:

• 180 langile baino gehiago mundu osoan
zehar sakabanatutako 20tik gora ofizinatan.
• 40 milioi erabiltzaile 196 herrialdetan.
• 15.000 eskaera baino gehiago hilabetero.
• 2 milioi sinatzaile berri hilabetero.
• 19.900 “garaipen” baino gehiago
196 herrialdetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.