Iker Karrera, mendiko korrikalaria: «Esan dezaket burua joan zaigula mendi lasterketekin»

Unai Ugartemendia / 2017-02-07 / 1631 hitz

Zuzenean bizi izan du zer-nolako eboluzioa izan duten mendi lasterketek eta, bereziki, ultrek; horrek gaitasuna ematen dio jakinaren gainean hitz egiteko, ikuspegi kritikoz eta gehiegikeriak onartuz.

Urte hasierakoak lan askoko egunak ditu Iker Karrerak (Amezketa, Gipuzkoa, 1974), Euskal Herrian mendi lasterketetako ultra distantzian izan den lasterkaririk onenak. Azken urteetako lesioak alde batera utzi, eta indarberrituta dirudi. Bueltan da. Datorren urteko erronkei eta azken urte hauetako oroitzapenei buruz hitz egin du.

Dozena bat urtetik gora badira mendi lasterketetan zabiltzala. Gogoan al duzu egin zenuen lehen lasterketa?

Bai, noski, lehena 2003an izan zen, Jakan, Oroeleko igoera [Huesca, Espainia]. Oporretan Alpeetan ibili nintzen, bakarrik, hilabete inguruan. Egun guztiak mendian gora eta behera pasatu nituen. Handik bueltan, abuztuan eta bero ikaragarriarekin, Asteasuko Pello Izagirre lagunak deitu zidan. Bazela lasterketa bat eta animatzeko esan zidan. Bosgarren amaitu nuen. Orduan konturatu nintzen zerbait banuela mendian ibiltzeko. Aurretik errepidean lasterketa batzuk egindakoa nintzen.

2004an Txindokiko errekorra egin zenuen, 24 orduan 11 aldiz igo eta jaitsi. Nola sortu zen erronka hura?

Aurretik Amezketako Luis Mari Artolak zazpi aldiz egina zuen, eta kuadrillako lagunak, muturra bero zuten gau batean, ni ere saia nintekeela-eta esaten hasi zitzaizkidan. Orduan ez nien ezer erantzun, baina esan nien: «Egunen batean saiatzen banaiz, jakingo duzue». Maiatz hartan hasi nintzen entrenatzen, eta uztailaren amaieran egin nuen. 11 aldiz igotzea eta jaistea lortu nuen.

Zegama-Aizkorri eta euskal selekzioko kontuak ia batera iritsi ziren, 2005ean.

Halaxe izan zen, bai. Oraindik gogoan dut zer gaizki entrenatzen nintzen garai haietan! Orduan Rob Jebb ingelesak irabazi zuen, eta berak izan zuen urte batzuetan probako errekorra. Hamargarren egin nuen Jabi Olaberriaren atzetik. Handik aurrera deitu zidaten selekzioan aritzeko.

Nortzuk osatzen zenuten orduan euskal selekzioa?

Asier Urdanpilletak, Gaizka Itzak, Joxe Mendiolak…

Zenbat denbora egin zenuen selekzioan?

2006an Espainiako Kopan parte hartu nuen, eta hirugarren amaitu. Aurretik Raul Garcia eta Tofol Castanyer izan nituen. Hurrengo urtean, mundu mailako lasterketetara jauzi egin zuen, eta uztea erabaki nuen. Mendizalea sentitu izan naiz beti, eta 2007an horretan ibili nintzen, mendian. Edurne Pasabanekin Broad Peakeko oinarrizko kanpalekura ere joan nintzen. Baltoroko trekkinga egiteko aukera izan nuen.

Urte batzuk mendi lasterketetatik kanpo egon ondoren, Ehunmiliak lasterketan murgildu zinen. Nolatan?

Lanean ari nintzela, Abaltzisketako lagun batek deitu zidan. Aralar inguruan ehun miliako lasterketa bat prestatzen ari zirela Beasainen, uztailean izango zela eta Txindoki eta Aizkorri zeharkatuko zituela. Momentuan esan nion neure buruari: «Nik bertan egon nahi dut».

Zuk aitortua da Ehunmilien estreinako hartan asko ikasi zenuela.

Bai, egia da. Lasterketa egunera pasatuta iritsi nintzen, entrenamenduetatik indarberritzeko nengoen oraindik. Orain erraza da hitz egitea, baina, lasterketa aurretik odol analisi batzuk egin izan banitu orain egiten dudan moduan, han azalduko zen bekatua, ez dut inolako zalantzarik. Orduan ez zegoen informazio handirik ultra distantziak nola entrenatu jakiteko; mito asko zegoen: ibili egin behar zela, ordu askoan ibili behar zela, bolumen handia sartu behar zela… Entrenamendu oso gogorrak egiten hasi nintzen, Pirinioetan ere ordu asko sartu nituen, Andorran ere bai. Egun gehienetan ez nuen atsedenik hartzen, eta lasterketa egunaren goizean jada belauneko arazoak sentitzen nituen.

Gogorra izango zen bi orduko abantailarekin eta 50 kilometroren faltan lasterketa bertan behera uztea.

Lasterketa lasai hasi nuela sentitzen nuen, baina hori bai, adrenalina gainezka. Hainbeste denboran zain egon nintzen lasterketa jokatzen ari nintzen, eta itsu-itsu joaten zara. Ibilbidea eta denbora mugak kontrolatuak nituen, dena uste bezala zihoan, baina Aralarren zerbait nabaritu nuen, eta Lizarrustitik Etzegarateraino oso gaizki pasatu nuen. Igoeretan hor nonbait, baina jaitsieretan koadrizepsak txikituak nituen. Antolakuntzaren masajistaren eskutan jarri nintzen arren, segituan konturatu nintzen ez nintzela jarraitzeko gai. Denborarekin, konturatu naiz inoiz hartutako erabakirik onena izan zela.

Arantzarik ateratzeko gogorik ez duzu izan geroztik?

Ez. Lasterketa gisa oso ondo antolatuta dago, baina ibilbideak berak ez dit bueltatzea eskatzen. Hala ere, esaterako, Goierriko Bi Handietako ibilbidea oso egokia iruditzen zait entrenatzeko, oso distantzia polita delako.

Hala ere, urtea amaitzerako, Kataluniako Cavalls del Vent lasterketa ospetsuan hirugarren amaitzea lortu zenuen.

Polita izan zen hura. Izen handi asko zegoen lasterketan, eta han hirugarren egiteak zerbait esan nahi zuen. Orduan fitxatu nuen Salomonekin, eta orduan etorri zen aldaketarik handiena.

Orain bost edo sei urteko pentsamoldea, lasterketa asko egitearena, aldatzen ari al da?

Baietz esango nuke. Gaur egun, maila gorenean ibiltzen diren korrikalariek hiru edo lau lasterketa egiten dituzte; hori bai, oso ondo prestatuta. Zaila izaten da distantzia luzeko lasterketa asko egitea eta denak ondo irtetea. Urte batean posible da, baina horrek luzera begira bere faktura ekartzen du.

2013an lasterketa ugari eta kilometro pila egin ondoren (sei lasterketa, 505 kilometro), denboraldia Tor de Geantsekin (330 kilometro, +24.000) bukatu zenuen. Nola gogoratzen duzu urte hura?

Urte ona izan zen. Egutegi hura metodo bat zen. Tor de Geantsera ustez ondo iristeko egindako egutegia zen. Planteamendua ez zen okerra, eta argi neukan zein zen urteko helburua. Hara ondo iristeko lasterketa batzuk zeuden eta, une batean, lasterketa haiek ere helburu txikiak bihurtu ziren. Lasterketa bakoitzera emaitza ona lortzera joan nintzen. Konturatu nintzen ez zuela merezi entrenamenduetan bolumen handiak sartzea, hobe zela esfortzu hori lasterketetarako uztea. Lasterketek beste zerbait ematen dute, eta uste dut alde horretatik asmatu egin nuela.

Eta Tor de Geants lasterketak zer-nolako oroitzapenak ekartzen dizkizu?

Ukituta iritsi nintzen. Ez nintzen sasoi betean iritsi. Gaur egun zerbait aldatu beharko banu, argi daukat zer izango zen: ez nuen hamabost egun lehenago ehun miliako lasterketarik egingo. Hilabete gutxienez behar izaten da ondo osatzeko. Ez da egokiena. Nahiz eta lasterketa hartan ez nuen dena eman, 25 ordu pasa nituen, eta horrek bere gainkarga eragiten du. Freskotasuna falta nuen lasterketan. Aurretik ibilbide guztia egina nuen etapa ezberdinetan, sei egunean, eta horrek asko lagundu zidan.

Marka behar du 70 orduan korrika ibili ondoren azken kilometroetan atzera begiratu eta atzekoak hain urruti ez daudela ikusteak.

Lasterketa fisikoki oso gogorra izan zen, baina askoz ere gogorragoa psikologikoki. Gauza gogorrak pasatu ziren urte hartan, eta ohartzea beste indar batzuen aurka lehiatzen ari zarela, ufa! Denok ez genbiltzan baldintza beretan, eta horrek asko baldintzatu zuen lasterketa. Horrez gain, azken kilometroetan galdu egin nintzen, eta kopeteko argia pilarik gabe geratu zen. Tentsio handiko momentuak izan ziren haiek. Hainbeste ordu pasatu eta gero dena pikutara joan zitekeela pentsatze hutsa…

Handik bueltan, lesioen garaia iritsi zitzaizun.

Tor de Geantsera joaterako banuen belauneko mina. Jaitsieretan nabaritzen nuen batez ere, gainkarga handia nuen ordurako. Malgutasuna galtzen hasia nengoen. Behatzaren azpian ere mina nuen, eta, hori babestearren, beste belauneko minak hasi zitzaizkidan. Horrek gorputzaren desoreka sortu zidan. Horrez gain, esan dezaket organikoki ere gorputza nekatu egin zela. Atseden faltak nekea ekarri zidan, eta, hala ere, oraindik ez dakigu hainbeste kilometrotan korrika aritzeak beste organoetan eragin ditzakeen gabeziak, esaterako gibelean, barean, bizkarrezurrean…

Horrek guztiak iaz hausnarketa bat egitera eraman zintuen. Gaur egun horrelako astakeriarik egingo al zenuke?

Ez. Ez nituzke hainbeste lasterketa egingo, ezta gutxiagorik ere. Esan dezaket burua joan zaigula mendi lasterketekin. Horretarako, Kilianen [Jornet] adibidea jarri nahi dut. Haren efektua oso positiboa izan da orokorrean. Bere garaian Indurainek txirrindularitzarekin egin zuen bezala, Kilianek mendi lasterketekin egin du. Komunikabideek haren proiektuak azaleratu dituzte, afizioa sortu du, eta asko zor diogu berari. Baina kontuz, Kilian bakarra da! Gauza asko berak bakarrik egin ditzake eta, berak egiten dituen bezala, berak bakarrik. Gainerakook ez gara hurbildu ere egiten, ezta gutxiagorik ere, baina asko tranpa horretan erori dira. Txirrindularitza ere adibide ona izan daiteke. Orain urte batzuk, asko hiru itzuli handietan lehiatzen ziren. Gaur egun, Tourra irabazi nahi duenak ia ezinezkoa du beste bietan ondo aritzea.

Zuk Kilian Jorneten ondoan kilometro batzuk egin dituzu lasterketa batzuetan. Hainbesteko nagusitasuna al du zuekiko?

Bai. Harekin batera ibili izan naizenetan, bai entrenatzen eta bai lasterketetan, oso erraz doala nabaritzen zaio. Sentitu egiten da sentsazio hori. Askotan ohartu izan naiz ni nola nindoan, eta bera nola zihoan, eta oso erraz doa. Ez dakit askotan nola joango den, baina transmititzen duena behintzat hori da. Korrikalari aparta izateaz gain, oso azkarra da.

Zer izan zen zuretzat 2011n UTMBn bigarren egitea haren atzetik?

Niretzat irabaztea bezala izan zen. Oso lasterketa ederra izan zen. Ni, gainera, ez ninduen inork ezagutzen. Salomon taldeko hiru korrikalari eta Chaigneau frantsesa batera joan ginen ibilbide gehienean. Kilian bera ere oso gustura ibili zen, gozatzen. Azken unean Miguel Heras taldekideak bertan behera utzi zuen lasterketa, eta frantsesa ere atzean geratzen hasi zen. Azken kilometroetara arte Kilianen ondoan joateko aukera izan nuen.

Bitxikeriaren bat ere izan omen zenuen berarekin egun hartan.

Azken aldapa hasi zenean, Kilian aurreratu egin zen. Halako batean, harri baten atzetik atera zitzaidan. Arduratuta zegoen ea ni ere atzean geldituko ote nintzen. Nik aurrera joateko esaten nion, eta berak, berriz, hari jarraitzeko. Une batean, gelditu, eta horrela esan zidan: «Nik jada bi irabaziak ditut, hirugarrenak ez dit ezer esaten». Une hura master bat egitearen antzekoa izan zen. Ufa…

Iaz oso lasterketa gutxitan parte hartu zenuen lesioen ondorioz. Aurtengo zein asmo duzu?

Hasieran, nire urteko erronka, berriro ere Hardrock 100 lasterketa izango da, uztailean [160 kilometro, +10.000 metro, Coloradon, AEBetan]. Behin han egonda, Coloradon, Nolan’s 14 erronka egitea gustatuko litzaidake. 160 kilometroko zeharkaldi bat da, tartean, 4.000 metroko 14 tontor igarotzen dituena 60 ordu baino gutxiagotan. Amerikarren artean oso ezaguna bada ere, Europa aldetik saiatu diren lasterkariek ez dute amaitzea lortu.

Erronka horretarako, entrenamendu berezirik egiteko asmorik bai, girora egokitzeko?

Hipoxia egin beharra tokatuko zait. Nahiz eta Pirinioetan 3.000 metroko mendietan ibili, ez dakit Hardrockerako asko balioko didan. Hala ere, ahal den neurrian, asteburu gehienak Pirinioetan igaro beharko ditut mendian korrika.

Hor amaituko al duzu denboraldia?

Taldeak beste lasterketa batean parte hartzeko aukera eskaini dit, hori ere AEBetan. Urrian izango da, Utah estatuan. Lasterketa berri bat da: MOAB 200 Endurance Run. 376 kilometro ditu ibilbideak. Ez dirudi pendiz handiko mendiak direnik, baina distantzia oso luzea da.

Zurrumurruek diote mendian korrika ibiltzeko garaiak amaitzen dituzunean alpinismoari ekingo diozula. Egia al da?

Urte batzuetan oraindik ez, baina ez dut baztertzen alpinismoa egitea. Kirol osoa dela iruditzen zait, gorputz lana eskatzen du, teknika ere bai, burua argi izan behar da, mendiaren ezagutza maila handia behar da, atzera egiteko gaitasuna… Gainera, alpinismoa talde lana da, bakarkakoa baino gehiago, eta horrek ere beste puntu bat ematen dio. Beti pentsatu izan dut mendia bere osotasunean bizitzeko modurik edo jarduerarik osoena alpinismoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.