Erraza da Trump kritikatzea

Mikel Garcia Idiakez / 2017-02-06 / 240 hitz

Eta kritikatu behar dugu, bortitz eta gupidagabe, bere migrazio politika bezalatsu, baina ez diezagutela saldu hark lotsagabe eta baldarki egiten duena hemengoek modu sotilagoan egiten dutelako zintzoagoak direnik, aukera ederra ikusi baitute Europako agintariek, Trumpen aitzakian euren burua zuritzeko.

“Trumpen neurriak errefuxiatuei zor zaien nazioarteko laguntzaren aurka doaz”, bota du Angela Merkel Alemaniako lehen ministroak, migratzaileen kanporaketak bizkortu dituen berberak, errefuxiatuak gainetik kentzeko Turkiako Gobernuarekin itun lotsagarria sinatu duenak. “Pertsonen kontrako susmoak ezin dira oinarritu beraien jatorrian” gogorarazi dio Merkelek AEBetako presidenteari, Europak aspalditik bereizten dituen arren lehenengo eta bigarren mailako migratzaileak, jatorriaren arabera. “Ez du zentzurik mugak jartzeak”, bota du Mariano Rajoyk, Ceuta eta Melillan hesiak indartu eta migrazio politika gogorra daraman horrexek berak. “Trumpek errefuxiatuak hartzen ez dituenean, erantzun egin behar diogu”, ausartu da esatera François Hollande, Calaiseko kanpalekua hustu duenak, Europar Batasuneko gainerako herrialdeen gisan errefuxiatuak birkokatzeko hartu zuen konpromisoa betetzen ez duenak. Lotsa ematen du Federica Mogherini diplomazia europarraren buruari entzutea “Europan, hormak eraisten direnean ospatu” egiten dugula, zer eta hormak, hesiak eta oztopoak altxatzen ari garenean han-hemenka. “Uneotan, munduarentzat erreferente izan behar dugu”, gaineratu du Mogherinik, eta Trumpen aurrean “Europaren duintasuna” defendatzea dagokigula uste du Donald Tusk Europar Batzordeko presidenteak. Baina nola izango da duintasunaren erreferente, kanpalekuetan milaka lagun baldintza lotsagarrietan bizi diren bitartean edota beste milaka lagun Mediterraneoan hiltzen diren bitartean, beste alde batera begiratzen duen Europa? Mesedez, ez gaitzatela inozotzat hartu, Trump txiki asko ditugu gure kontinentean, Europa gotorleku baztertzaile izateko tinko lanean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.