Aintzane Encinas, Realeko kapitainaren idatzizko agurra

Ainara Arratibel Gascon / 2017-05-12 / 220 hitz

«Duela hamahiru urte amets bat hasi zen niretzat. Denbora nire bihotz taupadak bezain azkar joan dira urte hauetan. Amets bat izan da niretzat, eta Realean jokatzen hasi nintzenetik ez diot irribarre egiteari utzi. Jokatzeak ametsak sortzen ditu».

Sare sozialetan jarritako eskutitz hunkigarri baten bidez, sasoi amaieran erretiroa hartuko duela jakinarazi du Aintzane Encinas Realeko kapitainak (Donostia, 1988). Encinasek beti izan du gustuko idaztea. Iaz Latidos de futbolista liburua idatzi zuen, eta berak izkiriatu nahi izan ditu agur esateko letrak. Bertan, eskerrak eman dizkie urte hauetan Realean izan dituen taldekideei, prestatzaileei eta klubeko jendeari. «Izateagatik eta egoteagatik». Ez ditu urte hauek ahaztuko. «Realaren balioak nireak ere badira. Egun bakoitza ikasgai bat izan da, etengabeko eraldaketa bat».

2004an sortu zuen Realak emakumeen taldea, eta ordutik txuri-urdinez jokatu du Encinasek. Orduko taldetik geratzen den jokalari bakarra da Encinas. Añorgatik fitxatu zuen Realak.

Talde txuri-urdinean 350 norgehiagoka baino gehiago jokatu ditu. Igandean jantziko du azken aldiz Realaren elastikoa, etxean. Aurten gutxi jokatu du Encinasek, baina ziurrenik minutu batzuetan zelaian egoteko aukera izango du. Zaleen eta taldekideen aitortza eta esker ona jasoko ditu urte hauetan egindako ekarpenarengatik. Testu batean idatziz ez ezik, zelaian jokatuz ere esan dio agur Encinasek futbolari. Txuri-urdinek Valentzia izango dute aurkari, (16:00, Gol). Ondoren, ligako azken partida Atletico Madrilen aurka  eta Espainiako Kopa geratuko zaizkio ametsa bukatzeko. Realak eskaintza egin dio klubean jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.