Bi tanta baso zabalean

Iker Tubia / 2017-09-13 / 970 hitz

Lizardoia eta Aztaparreta mendiei ‘Karpatoetako eta Europako beste eskualde batzuetako jatorrizko pagadiak’ izendapena eman die Unescok. Inguru horiek babesten urteetan egin den lana aitortu dela diote bertan lan egiten duten teknikari eta basozainek. Erreserba integralak izanik, sarbidea arautua dago.

Bi puntu dira, ongi zaindu eta babestutako inguru zabal batean. Pagadiak eta izeiak nagusi dira inguru horietan, haien itzal luzeek erabat baldintzatzen baitute eremu haietako bizitza. Ia ukitu gabekoak dira, ongi babestutakoak, eta inguru paregabea dutenak. Uztailaz geroztik, nazioarteko aitortza ere badute: Karpatoetako eta Europako beste eskualde batzuetako jatorrizko pagadiak izendapena eman die Unescok. Hurrenez hurren Zaraitzu eta Erronkari ibarretan dauden bi harribitxi dira Lizardoia eta Aztaparreta (Nafarroa).

Balio handiko guneak dira biak. Pagadi horien heldutasun handieneko eremuak Nafarroako Pirinioetako baso primarioen azkenengo puskak dira. Baso mistoak dira, pagoak eta izeiak biltzen dituztelako, eta gizakiak ez ditu ia-ia moldatu, iristeko zailtasunengatik eta bestelako kausa historikoengatik. Erreserba integralak dira, hori da Nafarroan dagoen babes mailarik handiena, eta, beraz, baimena eskatu behar da hara joateko. Izan ere, ezin dira erabili, eboluzio naturala izan dezaten, eta prozesu ekologikoak babestu ahal izateko. Hori da berezi egiten dituena.

Eguzkiak gogotik jo arren, iluna da Lizardoia. Iluna, hezea eta lasaia. Zuhaitz batzuetan, okilak janari eske egindako zuloak ikus daitezke. Pago eta izeiek bidea egiten dute goraka, baina haien arteko elkarbizitza ez da erraza. Mikel Reparaz Pirinioetako teknikaria eta Iosu Anton basozaina dira gidari Lizardoiarako bidean. «Oro har, izeiak pagoen gainetik ateratzen dira; hori da formazio hauen ezaugarri nagusia. Pagoak azpian dituzten espezieak ito egiten ditu», dio Reparazek.

Lizardoiara iritsi aurretik, antzekoa da paisaia. Ezberdintasun nagusia zera da: zuhaitzak uniformeagoak dira erreserba integralera iritsi aurretik. «Hemen [Lizardoian] masa irregularra dugu, adin tarte guzietako zuhaitzak daudelako», dio Antonek. Okil gibelnabarrek edo okil ertainek, besteak beste, pagadi horietan dute bizilekua, eta Pirinioetako igela Iratiraino ailegatzen da.

Aztaparreta handiagoa, basagoa eta menditarragoa da. Han izei gehiago daude, egoera hobea baitute. «Biografia alpinoa Belaguan ageri zaigu; hotz handiagoa egiten du han. Faunari dagokionez, noizean behin hartza agertu liteke eta sarrio gehiago dago». Ugaztun handietan edo hegaztietan jarri ohi da arreta, baina erreserba hauetan bestelako fauna balio handikoa dela azaldu du Reparazek: «Ornogabe anitz bizi da baso zahar hauetan. Badira babestutako espezieak ere, halako tokietan baizik ez direnak».

Horrek badu arrazoi bat: egur hila. Toki horietan asko dago. «Izeia erortzen bada, hor geratzen da. Deskonposizio prozesuan larbak sartzen dira, gero kakalardoak, zeranbizidoren bat, eta, gero, hegaztiak heldu dira larbak jatera. Hori balio erantsia da beren inguruarekin alderatuta». Antonek ere egur idorraren garrantzia azpimarratu du behin eta berriro: «Egur hila oso garrantzitsua da, basoa hori izan dadin; basoa, eta ez landutako eremu bat». Ez soilik erreserban, edozein tokitan beharrezkoa da. Horregatik, esplotaziorako basoetan ere egur hila uzten dute.

Baina Lizardoia eta Aztaparreta bi tanta dira baso oso zabal batean. Reparazek eta Antonek nabarmendu dute bi horien tanpoi guneak —inguruak— bisitatzeko oso interesgarriak direla. Irati-Orreaga Babes Bereziko Guneak 18.000 hektarea ditu, eta Larra-Aztaparretak 4.000. Larrondo-Lakartxela dute erdian, 2.100 hektareakoa. Horietan, erabileren arteko oreka bilatzen da: egur bilketa, turismoa, abeltzaintza…

Lanari aitortza

Unescoren izendapenak urte luzez egindako lana aitortu du. Karpatoetan sortu zen, eta Alemaniako baso batzuetara zabaldu, gero. Europako hainbat herrialdetako guneak biltzen ditu orain. Unescok IUCN Naturaren Babeserako Nazioarteko Batasuna du aholkulari. Hala, IUCN da pagadiek izendapena jasotzeko behar diren baldintzak betetzen dituenetz erabakitzen duena. «Beraz, Unescok nazioarteko ondaretzat jotzeak esan nahi du inguru hauek badutela nazioarteko aitortza», esan du teknikariak.

Pirinioetako pagadiak Iberiar penintsulako beste batzuekin batera aurkeztu zituzten. Reparazek emaitza azaldu du: «Agerian geratu da zuhaitz horiek luzez egindako kudeaketari esker mantendu direla. Pagadiak Europako baso epelen ordezkariak direla baieztatzen du». Hortik aurrera, izendapenak ez du ezer berezirik; ez du neurririk eskatzen, ezta inbertsiorik aurreikusten ere.

Hala ere, besterik ekar dezakeela badakite Zaraitzu eta Erronkari ibarretan. «Pagadi hauetan pentsatzean, ez dugu baso eder eta zabalen irudia sortu behar; pagadi helduak dira. Hau da, zuhaitz oso handiak daude, eta txoko ekologikoak oso handiak dira», azaldu du teknikariak. Izan ere, haien balioa ez da bisitari batek antzeman dezakeena. «Izendapen honen helburua ez da eremu hauek bisitatzeko gune gisa aurkeztea. Bi erreserba hauen inguruan tanpoi eremuak daude, gune horiek adinako interesa dutenak». Hori dute beldurra, izendapenak ez ote duen jendearen arreta piztuko.

Zuhur jokatu nahi dute, baina ondorioak gertutik zainduko dituzte. Dagoeneko Iratiko oihanera jende anitz joaten dela azaldu dute bertan lanean ari direnek, eta oraindik joera gorakoa denik esateko datu eta denbora aski igaro ez bada ere, hori da haien sentsazioa. Unescok ere ohartarazi zien zigiluak jendea erakar zezakeela. «Ikusiko dugu honek zer dakarren, eta jendea erakartzen badu, denborarekin posible da ingurua babesteko neurri gehiago hartu behar izatea», ohartarazi du Reparazek.

Inguru horietan, bi erabilera egin daitezke: zientifikoa eta dibulgaziozkoa. Horrelako lanik egin nahi duten zientzialariek Nafarroako Gobernuaren baimena behar dute, gainera. Antonek lagundu izan ditu bertara joandako zientzialariak. Azaldu duenez, oso gutxi joan dira orain arte. «Zuhaitzen adina eta hazkuntza ikertzera etorri dira, goroldio eta likena aztertzera, eta, behin, Europa erdialdeko zientzialari bat izan genuen hemen, pagadi-izadi hauek esplotatutakoekin alderatzen. Baina ez da jende askorik etortzen, egia esan».

Zigilua lortu aurretik ere, konturatu dira erreserba integralak boladan jartzen ari direla zenbait ingurutan, eta erakargarri direla mendizale batzuen artean. «Erreserba integralak jomugan dira, eta hori ez zaigu batere interesatzen. Atzo Wikilocen begiratu genuen, eta Lizardoia 75 ibilbidetan ageri zen; Aztaparreta ere pila batetan. Gehiegi da», kexu da basozaina.

Unescoren zigiluak ez, baina inguruak baditu babesten dituen bestelako izendapenak. Lizardoia eta Aztaparretako erreserba integralez gainera, haien tanpoi eremuak Babes Berezirako Guneak dira. Europan egindako izendapena da azken hori, eta mendien baliorik garrantzitsuenak zehaztu eta ingurua nola kudeatu azaltzen du. «Duela hainbat urte Europa konturatu zen hondatu gabeko edo ia erabili gabeko basorik gabe geratzen ari zela. Gizakiaren esku hartzerik gabe ez dira geratzen kasik; nagusia Bialowieza da. Baina ongi babestutako basoak asko dira», azaldu du Antonek. Eta, horien artean, Lizardoia eta Aztaparretaren inguru osoko Babes Berezirako Guneak. Beraz, balio handiko bi gune ditu Euskal Pirinioak, balio handiko eremu zabaletan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.