Suizidioa, eragotz daitekeen errealitate bat

Besarkada elkartea / 2017-09-09 / 685 hitz

Irailaren 10a, suizidioari aurrea hartzeko munduko eguna. Ez dugu data horrek ematen digun aukera galdu nahi, eta agerian utzi nahi dugu beren buruaz bertze egiten duten pertsonek sekulako hutsa uzten dutela, atsekabe eta min handia.

Duela ia urtebete eman genuen Besarkada gure elkartearen sorreraren berri; taldeak ateak zabalik ditu suizidioaren gaiak ukitzen dituenentzat, baita suizidioaren ondorioz maite duten norbait galdu dutenentzat ere. Elkartea elkarri babesa emateko espazio bat da, aurrera egin ahal izateko.

Badakigu mendebaldeko gure gizarteotan ez dugula maite oinazearen berri entzutea; are gutxiago sentitzea; saiatzen gara mina saihesten; eta horren ondorioa da deus erran gabe sufritzen dugula, ezkutuan, bertzeek sumatu gabe, «normaltasun» itxurak eginez. Gure ahultasuna ezkutatzen dugu geure burua babesteko, behin eta berriz erraten digutelako mundu hau indartsuena dela, kexatzen ez direnena, baikorrena; erraten digute on egiten digun horretara hurbildu behar dugula, eta urrundu sufriarazten gaituen horretatik. «Zoriontsu izan behar dugu». Baina sufrimendua eta oinazea existitzen dira. Gizakiaren parte dira. Sufritzea ez da normala ez den zerbait, ez da lotsatzeko modukoa. Sufritzen duena ez da hutsen bat duen pertsona bat; ez da porrot egin duen pertsona bat.

Nork bere mina sentitzen du eta nork bere prozesuak bizi ditu min hori bere bizitzan barneratzeko eta aurrera egiteko. Ez dago eperik, eta presak ez du balio; ez da borondate kontua, baina argi dago nork bere kabuz egin behar duela lan. Lan gogorra da, eta, tarteka, nekagarria benetan. Victor Franklek erraten duen bezala, egia da gure jarrera giltzarri dela. Baina funtsezkoa da, aldi berean, pertsona eta gizarte gisa, bertzeak entzuten ikastea, bertzeak ez epaitzen ikastea, bertzeen prozesuak ulertzea eta errespetatzea, guk ere bertzeek gu entzutea nahi baitugu, guk ere nahi baitugu bertzeek ez epaitzea, ulertzea eta maitatzea.

Zenbaitetan, gure kasuan bezala, atsekabea bat-batean agertzen da, arratsalde bat, telefono dei bat… Dena aldatzen da, bizitza aldatzen da, eraiki duzun guztia hamaika zatitan apurtzen da. Jada ezerk ez du zentzurik. Maite duzun hori galtzeak eragiten duen mina are sakonagoa da suizidioak dituen konnotazioengatik. Goizero, galderak egiten dizkiogu geure buruari eta saiatzen gara aurkitzen ez ditugun erantzun horiek bilatzen; hartzen gaituen erru sentimendua arintzen saiatzen gara, aurrera egin ahal izateko, energia agortua badugu ere, burua eta gorputza leher eginda badauzkagu ere. Gure bizitza «normalizatzeko» saiakerak dira, komunitatean, familian, lagun artean, gure harremanetan. Anitzetan suizidioaren inguruko estigma sumatzen dugu, eta horrek mina areagotu bertzerik ez du egiten. Zenbaitetan ohartu gabe, eta bertze hainbatetan gehiago ohartuta, baina beti ezjakintasunetik eta gaiari heltzeko beldurretik, sentitzen dugu guraso, lagun, bikotekide gisa epaitzen gaituztela; sentitzen dugu, halaber, presionatzen gaituztela aurrera egiteko, gure egunerokora itzultzeko, deus gertatu ez balitz bezala.

Suizidioari buruz hitz egiteko dugun beldurrari eta ezjakintasunari aurre egiteko informazioa behar dugu, sentsibilizazio kanpainak behar ditugu. OME Osasunaren Mundu Erakundeak argi eta garbi erran du suizidioari aurrea hartzeko eta gertatzen direnen kopurua murrizteko programak jarri behar direla martxan. Suizidioari aurrea hartzen ahal diogu. Egunean 2.500 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz bertze, eta izozmendiaren punta baino ez dute erakusten datu horiek, 60.000 saiaketa baino gehiago daudelako. Datu horiek ez ditugu zabaltzen alarma pizteko, arazoaren zenbaterainokoa agerian uzteko baizik. Populazioaren %10ek aztertu du, une batean edo bertzean, suizidioaren aukera. Beren burua zauritzen duten gazteena aurrean dugun errealitate bat da; ulertu behar dugu eta artatu, aurre egin; hiltzeko asmorik ez badute ere, zauri horien bidez muturreko minari aurre egin nahi baitiote.

Guk beti eginen dugu maite ditugun horien alde, eta argi dugu beren erabakiak muturreko oinazea izan zuela oinarri. Bere buruaz bertze egiten duenak izugarri sufritzen du, eta bertze biderik ez dagoela pentsatzen du. Baina guk argi eta ozen erran nahi dugu: ez egin, laguntzen ahal zaitugu, ez zaude bakarrik!

Suizidioa ez da konponbidea. Ez dugu onartu nahi suizidioa onargarritzat jotzen duen uste indibidual edo kolektiboa; ideia hori barneratzen ari da, pixkana, gizartea, baina, gure ustez, ideia horrek anitz sufritzen ari direnenganako utzikeria eta abandonua estaltzen ahal ditu. Gizaki garen aldetik, jarrera hori ez zaigu duina iruditzen. Kolektibo gisa, suizidioa onargarritzat jotzea arriskutsua izan daiteke, deus ez egiteko aitzakia izan daitekeelako. Eta denok egin dezakegu zerbait sufrimendua gure sentiberatasunaren eta laguntzaren bidez arintzeko. Suizidioari aurrea hartzeko politikek sendoak izan behar dute, eta konpromisoa erakutsi behar dute dugun errealitatearekin; ezin dugu errealitate hori bazter uzten eta isiltzen jarraitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude