Jonathan Wilson. Kazetaria eta idazlea: «Gizarteak sortutako edozer gizarte horren isla da, futbola ere bai»

Asier Arrate Iruskieta / 2017-11-21 / 596 hitz

Futbolak, mugimendu unibertsal bat den heinean, gizartean eragin eta indar izugarria duela nabarmendu du kazetariak. Hori dela eta, tresna bilakatu dutela azaldu du, eta hori beti ez dela ona.

Ez dago futbolak bezainbeste jende mugiarazten duen kirolik. Askok kirola baino gehiago dela aldarrikatzen dute. Mundu osoko herritarrak elkartzeko gai den fenomeno unibertsala. Jonathan Wilson (Sunderland, Ingalaterra, 1976) kirol kazetaria eta idazlea futbolaren eta gizartearen arteko loturez aritu da Bilbon, Letrak & Futbolajardunaldien barruan. Futbolari buruz idazten du The Guardian eta The Independent egunkarietan, eta bederatzi liburu idatzi ditu; The Blizzard futbol aldizkarian editorea da.

Azaldu daiteke mundua futbolaren bitartez?

Gizarteak sortutako edozer gizarte horren irudikapena da. Literaturan ohikoa da, eleberriak aztertzeko orduan, autorearen garaiko gizartea irudikatzea; futbolean, ordea, ez da horrelakorik egin, eta ez dut logikoa ikusten. Futbola gizartearen isla da, eta munduan gertatzen diren joera asko futbolaren munduan errepikatzen dira. Hala ere, kontu handia izan behar da halako ideiak puztearekin; loturak badaude, baina beti ez dira horren agerikoak.

Gizartean eragiteko tresna izan daiteke kirola?

Izan daiteke, baina, beste behin, kontu handia izan behar da. Kirol gertakari askok eragina dute gizartearen aldartean, eta, ondorioz, lagundu edo oztopatu dezakete prozesu politiko edo sozial bat, baina, eragina ez da betierekoa izaten. Horren adibide da Hegoafrikak errugbiko munduko kopa irabazi zuenekoa. Apartheid-a bukatu ostean, Mandela presidente aukeratu zuten, eta handik urte batera munduko kopa irabazi zuten. Askorentzat gertakari horrek herrialdearen aldaketa irudikatu zuen, eta Hegoafrikan urte gutxitan lortutako batasunaren eredu gisa aurkeztu zuten. Sinbolikoki izugarria izan zen, eta batek jakin zer gertatuko zen ez balute irabazi. Hala ere, egun, herrialdeak sekulako barne arazoak ditu, eta oraindik ere banatuta segitzen du. Unean bertan, oso garrantzitsuak dira gertakari horiek, baina ez dute egiturazko arazo bat bat-batean konponduko.

Sarritan argudiatu dute futbola gizarteko arazoak estaltzeko tresna bilakatu dela.

Bai, noski. Zerbaitengatik deitzen zaio futbolari herriaren opioaedo erromatarren garaiko ogia eta zirkua. Agintariek futbol talde baten arrakasta baliatu duten hainbat adibide daude. Argentinak, esaterako, Videlaren diktadurak herrialdearen batasuna indartuko zuen irudi baten beharra zuen. 1978an, Munduko Kopa irabazi zuen Argentinak, eta, horrek jendearen arreta bereganatu zuenez, erregimenak bere agintea legitimatzeko baliatu zuen. Malvinetako gerran, esaterako, telebistak, gerrako irudiez gain, 78ko munduko kopako irudiak soilik emititzen zituen.

Kirola herrialdearen batasuna lortzeko erabiltzea ez da beti txarra. Lehen aipatu duzu Hegoafrikako kasua.

Ez, eta horren adibide dira ezbehar handiak pairatu dituzten herrialdeetako talde nazionalen garaipenak. Gizartea batzea lortzen dute, eta, egoera askorik aldatzen ez badute ere, onuragarria izaten da herritarrentzat. Horren adibide, Mendebaldeko Alemaniak 1958ko Munduko Kopa irabaztea, eta Irakek Asiako Kopa irabaztea 2007an.

Nola da posible batzeko ahalmena duen kirol berak banaketa sortzea? 

Oraindik hor segitzen dutelako herrialde bereko kluben arteko lehia zentzugabeek. Horietako askok biolentzia, alderdikeria eta intolerantzia dute oinarri, eta komunitateen arteko banaketa baino ez dute areagotzen. Are gehiago, banaketa sortzen duten lehiek eztanda egin dezakete egoera politikoa okertzen denean.

Futbola tresna politikoa izan daiteke, baina futbolariei politikaz ez hitz egiteko esaten zaie. 

Gai konplexua da hori. Nire ustez, edozein pertsonak du bere iritzia emateko eskubidea, futbolariek ere bai. Hala ere, argi izan behar dute futbolariek beren ahotsak eta beren ospeak dakarren erantzukizuna. Ezin dute edozer bota eta gero esandakoa ukatu.

Azken hamarkadetako inbertsioek futbola negozio huts bilakatu eta herritik urrundu dute?

Inozoa litzateke pentsatzea iraganean futbola ez zela negozioa. Jendea dirua ordaintzeko prest badago partida bat ikusteko, negozioa da. Egia da, gaur egun, arazoa handiagoa dela. Futbola elite txiki baten jabetza bihurtu da, eta hala izango da urte askotan. Talde oso aberatsen eta gainerakoen arteko tartea hazten ari da etengabe. Lehen aipatu bezala, joera hau gizartean gertatzen denaren isla da, aberatsen eta gainerakoen arteko tartea ere hazten dabilelako etengabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.