Ilusioa benetako oholtzan

Iker Tubia / 2017-12-12 / 1066 hitz

Berriak ez badira ere, hologramei bestelako erabilerak ematen hasiak dira. Japoniako abeslari arrakastatsuenetako bat holograma bat da: Miku Hatsune. Arte eszenikoetan ere ari dira sartzen horrelakoak, baita robotak ere. Ilusioa eta errealitatea elkarrekin dantzan.

Black Mirror telesail entzutetsuan gertatu zen. Waldo deitutako marrazki bizidunak —hartz urdin bat—, Erresuma Batuko hauteskundeetara aurkeztu, eta irabazi zituen. Zaleak lortu zituen han eta hemen. Elkarrizketak egiten zizkioten. Pertsona bat balitz bezala, baina mugimendua zuen 3Dko irudi bat baizik ez zen. Sarri esan da telesail horrek etorkizuna iragarri egiten duela. Askok atal horretan pentsatuko zuten azaro hondarrean Iruñean antolatutako 948 merkatuan. Izan ere, Marisol Lopez Kataluniako Kultura Departamentuko Kultura Digital alorreko zuzendaria kultura berrikuntzaz mintzatu baitzen, eta Miku Hatsuneren berri eman zuen.

Miku Hatsune —euskarazko moldean, Hatsune Miku litzateke, izena abizenaren aurretik jarrita— holograma bat da. Baina ez da hori bakarrik. Miku Japonian izugarrizko arrakasta duen abeslaria da. Haren kontzertuetan jendetza biltzen da, elkarrizketak egin dizkiote, eta jarraitzaile anitz ditu. Errealitateko Waldo. Erreala ez den pertsonaia, mundu errealaren parte da. Ikusteko dago zein ibilbide izan dezakeen fenomeno horrek, eta asko zabalduko denetz joera hori, baina, gaur gaurkoz, aintzat hartzekoa dela dirudi.

Aurretik ere ikusi dira hologramak oholtza gainean. Adibidez, 1998an, Gorillaz taldea sortu zuten Damon Albarnek eta Jamie Hewlettek. Taldeko kideak marrazki bizidunak dira, eta pertsonaia horiek, kontzertuetan oholtzara igotzeko, hologramak erabiltzen dituzte. 2-D, Noodle, Murdoc Niccals eta Russel Hobbs dira kontzertuetan ikusten diren pertsonaiak. Baina, kasu horretan, irudi horien atzean pertsonak daude. Hau da, benetako talde batek jotzen du, nahiz eta aurkezpena fikziozkoa izan.

Ez da hori Mikuren kasua. Kontzertuetan, hura da oholtza gainean dagoen fikziozko pertsonaia bakarra. Bandako gainerako kideak haren inguruan egoten dira, zuzenean jotzen, eta manga pertsonaia holografikoa arduratzen da kantatzeaz. Hala ere, Mikuren atzean ez dago pertsona bat, ez dago gizaki baten ahotsa. Ordenagailu bat baizik.

Urrutiko fenomenoaren jatorria gertu dago. Kataluniako Pompeu Fabra unibertsitatean sortu zuten abeslari birtualak kantatzeko behar duen teknologia, Voctro Labs enpresan. Saki Fujita ahots aktorearen ahots laginak erabiltzen dituzte Mikuren ahotsa sortzeko. Hitzak ordenagailuan sartu, programak kantak sortu, eta hologramak abestu egiten ditu. «Anime bat da, futbol zelaiak lepo betetzen ditu, eta milaka eta milaka zale ditu», azaldu du Lopezek. Kontzertuek estetika bati jarraitzen diote, eta ikusleek argia ematen duten tutuak dantzan jartzen dituzte, eta, kontzertuetatik kanpo, denetariko produktuak daude Mikuren irudiarekin. Fenomeno oso bat da. Baina ez da soilik Japonian edo ekialdeko herrialdeetan egon. AEBetan hainbat kontzertu eskaini zituen, eta erakusketa bat ere muntatu zuten. Bestalde, Parisen, opera birtual bat eskaini zuten, eta Miku zen protagonista.

Hologramak kantuan ikustea ez da soilik japoniarren kontua. Hildako abeslariak oholtza gainean ikusteko modua ere izan da. Sonatuena, Michael Jacksonen berpizkundea izan zen. 2014an, abeslaria hil eta bost urtera, Billboard Music Awards sariketan agertu zen Jackson, holograma bidez, Slave to the Rythm kanta abestu eta dantzatzeko. Aurretik, baina, izan zen berpiztu zuten musikaririk: Tupac Shakur hip hop abeslaria. Coachella jaialdian izan zen, 2012. urtean. Hamasei urte igaroak ziren Shakur ehortzi zutenetik.

Ikusteko dago zer ibilbide izan dezakeen hologramen aferak. Hala ere, Lopezek uste du inguruan egiten ari direnaren berri izan beharra dagoela. Horregatik aurkeztu zuen Mikuren kasua Iruñean emandako hitzaldian. «Hemen, arte eszenikoa egiten dugunean, ez da beharrezkoa gauza hauek martxan jartzea, baina beste pertsona batzuek egiten ari direna jakin behar dugu», azaldu du. Gainera, errealitate bat dela kontuan hartu behar da: «Teknologia arte eszenikoetan sartzen ari da».

Ilusioa, antzerkira

Hologramen erabilera oholtza gainean normala izan da, baina batik bat magian. Ilusioaren eremutik, beste eremu batera egin du salto: errealitatearenera. Hala, antzezlanetan ere erabiltzen hasiak dira teknika horiek. Lopezek dioenez, batik bat, haurren antzerkietan ari dira horrelakoak probatzen. «Belaunaldi berrien egunerokoak badu oinarri teknologiko bat, beraz, errazago egiten zaie». Adibide bat jarri du, 0-3 urte bitarteko haurrentzakoa. Proiekzio baten gainean ibiltzen dira niniak, eta, lorea ukitzean, itxi egiten da, edo, intsektu bat ukitzean, hegan alde egin du. «Sistema teknologiko hauek haurrentzat oinarrizkoak dira. Ikusi nahi dugu ea zer gertatzen den helduengana ailegatzean. Uste dut kostatzen zaigula alor horretan sartzea, zaila eta garestia delako ustea ere badagoelako».

Berriki, Euskal Herrian hologramak baliatzen dituen antzezlan bat ikusgai izan da. Diego Caicedo aktoreak Holoque, mundu onirikoa eskaini zuen Durangoko Azokan, objektu antzerki obra. Aurki itzuliko da, eta Donostian ariko da, Casares-Tomasene kultur etxean, abenduaren 22an. Hark ekoitzitako lehenbiziko obra da, eta hologramak baliatu nahi izan ditu mundu berri bat sortzeko. «Ametsen munduaz mintzo da obra; beraz, modu horretan koherentzia ematen diogu», azaldu du. Hala, errealitatea eta ilusioa nahastu egiten dira oholtza gainean. «Marrazkiak eta antzerkia nahastu nahi nituen, eta hologramak erabiltzea zen modurik egokiena. Bi mundu oso ezberdin elkartu nahi nituen: fisikoa eta onirikoa».

Harrera oso ona izan duela azaldu du Caicedok. «Haurrek magia dela uste dute, benetako ametsa dela, eta gurasoei jakin-min handia pizten zaie». Aitortu du hologramak batik bat magian ikusi izan dituela oholtza gainean, baina ez berak egiten duen moduan. Hori ez dago oso zabaldurik. «Orain hasi da bide hori jorratzen, teknologia ate asko irekitzen ari delako. Denbora kontua izanen da horren zabalpena». Haren kasuan, teknikari batek prestatutako sistema bati esker egin dezake obra. Bakarrik. Pedal batekin, besterik ez. «Teknologiak asko lagundu dit», aitortu du.

Caicedoren aburuz, aukera berriak eskaintzen ditu teknologiak, eta horiek sormenerako aprobetxatzearen alde agertu da. Orain, bigarren lan bat prestatzen ari dira, hologramak eta gorputz fisikoak nahastuko dituena. «Aurkitu dugun eremu honetan asko jolasten ahal da, eta askoz ere gehiago jolastu liteke. Ezagutzen ari gara, oso kontent gaude emaitzekin, eta gogoa dugu bide honek nora eramanen gaituen ikusteko». Hark bakarrik ez. Caicedok dio geroz eta gehiago direla teknologia berriak erabiltzen dituzten antzerki konpainiak.

Robotak oholtzan

Ez da soilik holograma kontua, dena den. Teknologia berriak asko garatu dira, eta, horrek, zientzia fikziozkotzat har zitezkeen aferak errealitatera ekarri ditu. Robotak ere igo dira oholtzara. Gizakien itxura duten robotak. Japonian robotak erabili dituzte antzezlanetan eta filmetan, baina, ez da soilik ekialdeko kontua. Lopezek gogora ekarri du Teatronika proiektuak robotek jokatzeko antzezlanen lehiaketa egin zuela 2015ean Katalunian. Gero, gizaki itxurako robot txikiek hainbat obra eskaini zituzten. Noski, makinek muga anitz dituzte antzezteko. Ez dira pertsonak. «Horrelakoetan, robotek dituzten ezaugarriak aprobetxatu behar dira, bestela antzezlanak ez luke zentzurik».

Hori egiazkoa izan arren, oraindik kosta liteke irenstea. Lopezek onartu du ikuspegia ezberdina dela Japonian edo Europan, baina, hala ere, teknologien erabilera iritsi dela dio. «Kontua da sormen lanarekin zer nahi duzun azaldu», esan du. «Teknologiak imajinazioari ateak irekitzen dizkio». Sortzaileei egin die dei: «Saiatzen ari gara arte eszenikoen eta teknologoen munduak elkartzen, eszenikoetakoek uler dezaten haiek sortu baizik ez dutela egin behar; teknologoak arduratuko dira haien ametsak egi bihurtzeaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.