Duela 5.200 urteko tatuajeak aurkitu dituzte momia egipziar batzuetan

Sustatu.eus / 2018-03-02 / 184 hitz

Teknikak hobetu ahala, gero eta garbiago ari da geratzen tatuajeak erabat ohiko zirela duela milaka urteko kultura gehienetan. Esate baterako, ikerlari talde batek argitaratu duenez, orain dela 5.200 urteko tatuajeak aurkitu dituzte momia egipziar batzuetan. Egiptoko eta Afrikako zaharrenak lirateke (ezagutzen ziren zaharrenak baino 1.000 urte lehenagokoak), eta Ötzi gizakiaren garaikideak.

Ikerlari talde batek Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratu duenez, Afrikako tatuajerik zaharrenak aurkitu dituzte. Orain dela 5.200 urteko Egiptoko momia batzuetan azaldu dira, eta orain arte ezagutzen ziren tatuajerik zaharrenen garaikideak lirateke, gutxi gora-behera.

Duela 100 urte aurkitutako momietan “azaldu” dira tatuajeak, teknika berri baten bidez aztertu dituztenean. 20 urte inguruko gizon gazte baten momia batean 2 tatuaje azaldu dira, ardi bat eta zezenko bat; emakume baten momian, aldiz, hainbat tattoo txiki daude, besteak beste S itxurako irudi batzuk besoan eta sorbaldan.

Identifikazio-teknikak hobetu ahala, gero eta tatuaje gehiago ari dira azaltzen duela milaka urteko gizaki momifikatuetan. Alpeetan azaldu zen Ötzi momia ezagunak, esate baterako, 61 tatuaje ditu bere soinean zehar. Garbi dago tatuajeak aspaldi-aspaldiko kontua direla, antzinako gizakiak bere gorputza apaintzeko erabiltzen zituena, baita estatusa edo izaera adierazteko ere, eta munduko kultura askotan erabili izan direnak gizaldi eta gizaldietan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.