Azalera ateratzeko beharrean

Iker Tubia / 2018-04-10 / 835 hitz

Gimnastika erritmikoko eta igeriketa sinkronizatuko gizonek hainbat muga dituzte nazioarteko txapelketetan aritzeko. Bidea irekitzen ari dira oraino.

Badaude, baina askok ez dakite badaudenik ere. Gimnastika erritmikoan eta igeriketa sinkronizatuan gizonak ere badira, baina oraindik gutxitan azaleratzen da errealitate hori. Horrek ondorioak ditu: nazioartean emakumeen kiroltzat dutenez, gizonek hainbat muga eta oztopo izaten dituzte. Urrats txiki batzuk egin dira, baina asko falta da normalizatzeko. Kirolarien ustez, ikusgarritasuna da bide bakarra.

Sorgin gurpil bat da: arreta txikia jartzen zaie kirol horiei, eta gizonei gutxiago, gutxi baitira. Erreferenterik gabe, mutiko gutxik erabakitzen dute kirol horietan hastea. Baina hori ez da arazo bakarra. Gimnastika erritmikoan edo igeriketa sinkronizatuan ari diren gizonek etengabe egiten dute topo sabaiarekin. Gora egiteko zailtasunak dituzte; beraz, aurrera egitea zaila da.

Unai Arrietak gimnastika erritmikoa egiten du. 15 urterekin hasi zen, malgutasun handia lagun. Taldeka eta bakarka aritu izan da txapelketetan, baina orain dela bi urte, amateur kategoria atzean uztearekin batera, lehenbiziko mugarekin egin zuen topo: Espainiako txapelketan bakarka baizik ezin zuen parte hartu. «Geroztik, bakarka baino ez dut parte hartzen. Taldea utzi behar izan nuen, Espainiako federazioak ez duelako talde mistorik onartzen».

Gimnastika erritmikoa gizonen kirol gisa onartu ere ez du egiten Frantziako federazioak, eta ez dago haiei zuzendutako txapelketarik. Hala ere, emakumeekin batera lehiatzen uzten diete. Ez da gizonik ia. Kontua makurragoa da nazioarteko txapelketetan: gizonek ezin dute parte hartu. «Nazioarteko Gimnastika Federazioak ez du onartzen gizonena; ezkutatu egin nahi du, edo ez du bultzatzen; beraz, oso zaila da beste herrialdeetan mutilen txapelketak antolatzea».

Euskal Herriko txapelketetan, adibidez, mutilek ez dute arazorik izaten neskekin batera taldean aritzeko; federazioa zenbat eta altuagoa, orduan eta zailagoa da onarpena. «Uste dut nazioarteko federazioan jarrera kontserbadoreagoak dituztela», dio Arrietak. Orain, sinadurak biltzen hasi dira, Espainiako federazioak talde mistoak onartu ditzan.

Gimnastak ez dio zentzurik ikusten diskriminazioari: «Kirolak ez luke sexua aintzat hartu behar. Nik, kirolari gisa, nesken exijentzia berak betetzen ditut». Uxue Almiñana gimnastika erritmikoko entrenatzaileak ere ez du ulertzen: «Ez du deus ere aldatzen mutil batek neskekin batera lehiatzeak».

Hark entrenatzen duen taldean Ander Olkoz ari da, junior mailan. Lau urte darama neskekin batera lehiatzen. Espainiako txapelketan, baina, ezin du taldekideekin batera aritu. «Erdizka geratzen zara, eta pena da. Batik bat berarentzat, sei hilabetez egon delako gainerakoak bezala lanean». Ez hori bakarrik. Entrenatzaileak eskatu zuen ordezko gisa izena ematen uzteko, txapelketan taldekideekin batera egon zedin. Hori ere ez zioten utzi. Harmailatik ikusi behar izan zuen.

Urpean jarraitzen dute

Mugei dagokionez, antzekotasun handia dute gimnastika erritmikoak eta igeriketa sinkronizatuak. FINA Nazioarteko Igeriketa Federazioak 2015ean onartu zuen bikote mistoen kategoria nazioarteko txapelketetarako. Hori da gizonek maila horretan parte hartzeko duten aukera bakarra. Olinpiar Jokoetan, hori ere ez. Gizonek ezin dute lehiatu. Bestelako egoera da World Series txapelketetan: gizonak bakarka edo taldeka aritu daitezke. Gizonez osaturiko bikoteei dagokionez, federazioek ez dituzte onartzen.

Ibon Garciak gertutik ezagutzen ditu mugak, etengabe aritu baita sabaiaren kontra kolpeka. 2003ko Bartzelonako munduko txapelketak liluraturik, eta ama entrenatzailea zenez, igeriketa sinkronizatuari ekin zion; berandu, 11 urterekin. Euskal Herriko txapelketetan hasi zen, Espainiakoan utzi zioten arte. «Etapak erretzea bezalakoa zen; araudia irekitzen zihoazen parte hartu nahi genuen heinean».

Baina, aurrera egiterik ez zuenean, utzi egin zuen. «Non dago nire sabaia? Ezin dut gehiago igo? Orduan, zertarako entrenatzen jarraitu?», galdetu zion bere buruari. Baina 2015ean, FINAk bidea irekitzen zuela ikusirik, igerilekura itzuli zen. Uste du pazientzia eta denbora behar direla aurrera egiten jarraitzeko, baina iritsiko dela: «Kirolak garatu beharra du».

Ikusgarritasuna behar-beharrezkotzat jo du. «Berez, sinkroa ez da hedabideetan asko ageri, eta are gutxiago bikote mistoak. Jendeak uste du ez dagoela gizonik», dio Garciak. Beraz, Olinpiar Jokoak dira erronka nagusia: «Rion sinkroko sarrerak izan ziren agortzen lehenetarikoak, jendeari gustatzen zaiolako. Telebistan ere ikusle ugari izan zituen. Ona litzateke hor bikote mistoak egotea, orduan ikusten baita sinkroa».

Mutil gehiago behar dira

Federazioak mugi daitezen, gizonak falta dira. Gero eta mutil gehiago daude, baina oso gutxi oraindik ere. «Pau [Ribes] eta biok hasi ginen gustatzen zitzaigulako, eta ez zitzaigulako inporta emakumez inguraturik egotea», dio Garciak. Beharrezko harrobi horren parte da Alexander Hasenburg, 13 urteko mutila. Hiru urte daramatza igeriketa sinkronizatuan. «Txapelketa guzietan parte hartzen dut: banaka figurak egiten, eta taldeka errutinak egiten». Aitortu du mutil gutxi direla bere mailan: «Nafarroan, hiru ginen; orain, bi». Baina gustura dabil: «Badirudi nesken kirola dela, baina nik jarraituko dut».

Gimnastika erritmikoan antzekoa da kontua: mutil gutxi ari dira. «Egiten dutenek zoratzen dituelako egiten dute», dio Almiñanak. «Gutxika, normalizatzen hasi da». Arrietak onartu du ez dela erraza: «Mutil askok hilabete gutxi irauten dute. Nik, 15 urterekin hasita, nortasun sendoagoa nuen, baina 10 urterekin ez duzu segurtasun bera». Gizarteak ere aurrera egin beharko du normalizatzeko. «Oso estereotipatua dago kirol hau. Sentsibilitatea erakustea edo adierazkorra izatea emakumearekin lotzen da, eta mutilak beldur dira». Kirola «oso osatua» dela defendatu du: «Alde artistikoa ez ezik, indarra, malgutasuna, erresistentzia eta koordinazioa behar dira».

Garciak badaki gizonek ateak zabal-zabalik dituztela igeriketa sinkronizatuko taldeetan. Hori ere kirol osoa dela dio: «Gainera, beti egiten dira gauza berriak. Txapelketa bakoitzean errutina prestatu behar duzu». Mutil hauek hasiak dira bidea urratzen, haien atzetik gehiagok parte har dezaten. Gizarte patriarkalak ezarritako estereotipoak gainditzeko, jendearen aurrean ikusgarri izan nahi dute. Azalera atera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.