Eneko Sagardoyren alter egoa ezagutzen?

Zuriñe Maguregi / 2018-05-09 / 487 hitz

Eneko Sagardoy Mujika (Durango, 1994) aktore bizkaitarrak telebistan, antzokietan eta baita pantaila handian ere ikusi duzu. Izan ere, aktore errebelazio onenaren Goya saria jaso berri du ‘Handia’ filmagatik. Pelikula ikusi baduzu, bere esku eta atzamar luzeetan erreparatuko zenuen…

• Nire etxean esaten dute atzamar luzeak lapurretan ibiltzeko edo pianoa jotzeko aproposak direla… Edonork jo al dezake pianoa ala zureak bezalako hatza luzeak izan behar dira jaiotzaz?
Duda barik, edonork jo dezake pianoa atzamarrak nireak bezain luzeak ez baditu ere. Benetan sinisten dut edozein pertsonak jo dezakeela pianoa edo opera abestu. Nik zorte handia izan dut atzamar luzeak ditudalako eta Do-tik hurrengo zortzidunaren Mi zapaldu dezakedalako, esaterako.

• Noiz, nola eta norekin hasi zinen pianoa jotzen?
Nire amak pianoa ikasi zuen eta anaia eta biok solfeo ikastera apuntatu gintuen ezer esan gabe Durangoko Musika Eskolan zazpi bat urte genituela. Biok negarrez eta super haserre ginela gogoratzen dut… Handik urte batzuetara, berak saxofoia eta nik pianoa aukeratu genuen.

• Bi instrumentu nahiko bateragarriak dira…
Bai, erabat. Izan ere, batera jo izan dugu noizbait.

• Nolako ikaslea zinen?
Ikastolan oso ikasle ona izan naiz beti, baina Musika Eskolan alfer hutsa nintzen. Nire irakaslea Maria Azurmendi zoragarria zen, baina kriston bronkak jasaten nituen etxerako lanak ikasi barik eramaten nituelako beti. Ez nuen batere diziplinarik musika amarekin eta aisialdiarekin lotzen nituelako. Egia da gero esfortzu gutxirekin emaitza onak lortu nituela…

• Pianoa jotzeak gorputza eta burmuinaren arteko koordinazioa errazten omen du. Musikak aktore lanetan lagundu al dizu?
Erabat! Gorputz adierazpenetik hasita, abesten eta belarri ona garatzen lagundu dit. Baita entzumena eta erritmoaren nozioa izaten ere. Aktore izanda, ahalik eta arte gehien ikastea komeni izaten da. Musika oso tresna baliagarria da eta ez musikalak egiteko bakarrik.

• Aktorea izatearen ordez, piano jole profesionala bilakatu nahi izan duzu inoiz?
Ez, inoiz ez dut piano jole izatea pentsatu, laster ikusi nuen sekulako lana zela! Kontserbatoriora sartzeko nengoela, ez nuen jarraitu nahi ordu larregi eskatzen zituelako eta ni garai hartan gauza gehiegi nituen esku artean: ikus-entzunezko karrera hasi berri, aktore gisa formatzen ari nintzen, Goenkalen aktore lanetan…

• Kosta egingo zitzaizun uzteko erabakia hartzea…
Bai, pena handia eman zidan pianoa jotzen ikasteari uztea, baina teknika bereganatu nuenez –neurri batera arte–, sekula ez dut ahaztu eta klaseak utzi bezain pronto etxean jotzen eta benetan gozatzen hasi nintzen.

• Zein da pianoaren inguruan duzun oroitzapenik bereziena?
Durangoko Musika Eskolan eszenatokian bakarrik jo nuen lehen aldia. Orduan oso lotsatia eta beldurtia nintzen eta familia eta lagunak begira nituen. Eskuak dardarka eta paniko atakea sentitu nuen.

• Musika jotzeak badu alde terapeutikoa ere.
Bai, hala da. Sasoi batean pianoa jotzea eta konposatzea nire salbazioa izan zen. Pianoa izan da malko gehien bota ditudan tokia. Sentitzen dudanarekin bat egiten duen soinua sortzeko ahalmena izatea gauza handia da… Handia errodatzen ari ginela Zumaiako elizan piano bat zegoen, Aitor Arregiren urtebetetze eguna zen, jotzeko sekulako beharra nuen eta Zorionak zuri jo nion. Oso momentu berezia izan zen hura.

• Musikak abstinentzia sindromerik eragiten al dizu, ala?
Bai, musika eta tabakoa dira nire bi droga bakarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude