Euskara, erakargarri

Iñaki Martinez de Luna / 2018-05-25 / 200 hitz

Euskaldundu diren gazte arabar asko ez dira euskaraz bizi eta ez dute hizkuntza hori beren-berekitzat jotzen. Bereziki, familia eta giro erdaldunetan sozializatu direnak.

Halako gazteen begietan, euskara erakargarri egin behar dugula esaten da azken bolada honetan. Alegia, egoera ludiko eta atseginekin lotu behar dela. Beste batzuk, aldiz, euskara beharrezko bihurtu behar dela aldarrikatzen dute. Hau da, eguneroko zereginetan hizkuntza horren premia sentiarazi behar dutela; ezinbesteko zaiela.

Dikotomia hori faltsua da. Euskaldun epelak euskarara hurbil daitezen hizkuntza hori gustuko bizipen eta sentimenduekin lotuta ikusi beharko dute, bai, baina aldi berean beharrezkoa dela sentitu ere. Hau da, euskarara gerturatzeko bulkada mota biak metatu beharko dira, bakarrarekin ez da nahikoa izango.

Baina, nago, euskara erakargarri egitea edo beharrezko sentiaraztea ez dela erraza. Are gutxiago ekimen, gune edota erakunde berri askori ingelesezko izena jartzeko nagusitzen ari den joerarekin. Vitoria-Gasteiz Green Capital izan zen moda horren erakusle, adibidez, eta azken egunotan oso deigarri egin zait beste hau ere: Bermeo Tuna World Capital. Moda horren aldeko hautuak gure konplexuak uzten ditu agerian. Bagarela nor erakusteko asmoz, gure hizkuntzarekin nahikoa ez dugula ari gara adierazten.

Nire ustez, nagusitzen ari den ingelesarekiko morrontza horrekin, gero eta zailago da euskara erakargarria eta beharrezkoa dela sentitzea; are gutxiago gazteek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.