Bernardo Atxaga, idazlea: «Idazleak ez du irudirik buruan; airea da liburuan dagoen dena»

Aitor Biain / 2018-06-15 / 682 hitz

Ez zuen filmik buruan Atxagak eleberria idatzi zuenean; «pentsamendu hutsak» baino ez ziren. Aitortu du, ordea, bere obra «erdi bizirik» ikusteak «inpresio handia» eragingo diola.

Ez da lehen aldia Bernardo Atxagaren (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) obra batek zinemarako jauzia egiten duena. Kasu honetan, ordea, pelikularen gidoian esku hartzeko aukera izan du. Filmaketan ere parte hartu du «aholkuak» ematen. Ultzaman (Nafarroa) izan zen. «Esperientzia ederra izan zen. Giroa ere oso ona zen, lagunartekoa».

Nondik dator eleberria film bilakatzeko nahi hori? 

[Fernando] Bernues bera izan da urte askoan liburua zinemara eraman nahi izan duena. Ez dut gogoan noiztik datorren nahi hori, baina litekeena da antzerkiko egokitzapena baino lehenagokoa izatea.

Gidoia aurrez irakurtzeko aukera izan duzu oraingoan. 

Bernuesek bidali zidan Patxo Telleriak egindako gidoia, eta ohar batzuk egin nizkion. Nire beste lan batzuk zinemara eraman izan dituztenean ez dut aukera hori izan. Oharrak gidoiari egin nizkion, baina modu batera eleberria bera ere zuzendu nuen. Dena den, hirugarren batek testua irakurtzea beti etortzen da ondo, eta kasu honetan nobelaren egilea da hirugarren hori.

Zein ohar egin zenizkion?

Nik buruan daukadan istorioaren eta gidoian irakurtzen nuenaren arteko alderaketak egin nituen. Oharrak ildo horretatik abiatuta egin nizkion. Alegia, paperean pertsonaiak ez dauka gorputzik, ez dauka ahotsik; zineman, aldiz, bai. Zein ahots zuen Kixotek? Ez dakigu, hori ezin dugu jakin. Hori ez da irakurketaren barruan sartzen den elementu bat. Irudikatu dezakezu agian, baina hori ere ez da segurua nire ustez. Gidoilariak pertsonaia nola bihurtu duen hezur-haragizkoa eta ahotsduna ikusten du idazleak gidoia irakurtzean gehienbat.

Zuk buruan zenuen film hori nolabait hezurmamituta ikusi duzu filmatzen ari zirenean, ala oso bestelakoa da?

Askotan esaten den kontu bat da, baina idazleak ez dauka pelikula bat buruan; nik ez daukat irudirik. Liburuan dagoen dena airea da, pentsamendu hutsa, ez da ikusten. Egileak liburua baino ez dauka buruan. Bi mundu erabat desberdinak dira. Kasu honetan, nik filma bere horretan gustatzea nahi dut, beste film bat izango balitz bezala. Oso intentsoa izango den irudipena daukat, eta ikusten dudanean, ziur naiz inpresio handia egingo didala. Finean, nire lana erdi-bizirik, erdi-materia bihurturik ikusiko baitut.

Idazle batentzat, zer esan nahi du bere obra bat pantaila handira eramateak ?

Idazle profesionala naiz, eta egunero egin dut lan, egunero idatzi dut zerbait: ongi ala gaizki, gutxi edo asko, baina beti jardun naiz lanean. Beraz, salbuespen bat bezala da niretzat, festa bat; egunerokotik ateratzen nauen etena. Filma estreinatuko den egunean ere idatzi egingo dut, hori bai.

Zer emango dio eleberriari zinemarako egokitzeak?

Jende berri asko ekarriko du liburura; hala diost esperientziak. Mundu berri batera jauzi egingo du, halaber, eta espero dezagun beste film batzuek izan duten oihartzuna ere izatea.

Liburuaren zein atal kontatzen du filmak?

Esango nuke oinarritu dela, batez ere, David eta Josebaren arteko harremanean. Mundu zail batean sartuta egon dira bi lagunak, eta bizitakoak bizi eta gero, geratzen den egoera eta harreman hori kontatzen du pelikulak. Eleberrian baino zehaztasun handiagoarekin kontatuko dute gainera.

Aurrez, antzerkiko egokitzapena zuzendu zuen Bernuesek. Telleriak egokitu zuen gidoi hura ere. Zein harreman du harekin? 

Badu harremanik, baina bi mundu ezberdin dira. Zinema eta antzerkiaren arteko aldea espazioan dago, eta horrek eragina du kontaeran. Telleriari ere sarritan entzun izan diot hori: jokatzen dituzun kartak ezberdinak dira.

Fernando Bernues laguna duzu. Gauzak erraztuko zituen, ala?

Bai, noski. Aukeran beti nahiago izaten dut ezagutzen dudan jendearekin lan egin. Izan nuen, hala ere, aukera orain urte batzuk inguru horretatik ateratzeko. John Malkovichen ekoiztetxeak borroka armatuari buruzko film bat egin nahi zuen, eta nirekin harremanetan jarri ziren. Gizona bere bakardadean eleberria uste dut zela, zinemarako egokitzeko asmoa zutela esan zidaten. Azkenean ez zuten egin, ordea. Anekdota hutsean geratu zen.

Berezia izan zen liburua zuretzat. Atal bat itxi baitzenuen. Zer izango da ikuslearentzat?

Uste dut eragin nabarmena izango duela inguruan gertatu denak. Alegia, garaiak aldatu dira, eta liburua idatzi zen uneko elementu batzuk egun ez daude. Bistan da, ETA ez dago egun, garai hartan bai. Inguru horrek bakarrik ulermen desberdin bat eragingo du nire ustez. Nola jasoko duen ikusleak? Ez dakit, misterio bat da niretzat. Espero dut onerako izatea, hala nahi nuke behintzat. Denborak bere alde jokatzea, alegia, istorioaren alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.