Hiri zati bat, bertan bizitzeko

Edurne Elizondo / 2018-06-08 / 952 hitz

Auzoan bertan da auzoaren etorkizunaren giltza. Auzoan bizi direnen eta auzoa egiten dutenen esku. Horixe uste dute Pisuteka sortu berri duten Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek. Etxebizitzaren inguruko auzolagunen sarea da, eta asmo garbi batekin jarri dute martxan: egun gertatzen ari den gentrifikazioari aurre egitea. “Ez dugu nahi Alde Zaharra merkataritza gune handi bat bilakatzea. Gure auzoa da, hemen bizi garenon eta hemen lan egiten duten dendari txiki eta ertainen etxea”.

Alde Zaharreko bizilagunen etxean ez da giro, ordea. Arazoa ez da oraingoa, ezta bertakoa bakarrik ere. Madril, Bartzelona eta Donostiaren gisako hirietan gertatu denari, hain zuzen, kezkaz egin diote so Iruñetik. “Hemen egoera ez da hain larria, oraindik ere; neurriak hartzeko garaiz garela uste dugu. Horregatik jarri gara martxan. Ez dugulako hiriotan duten errealitatea guretzat nahi”.

Iñigo Laluezarenak dira hitzak. Alde Zaharreko bizilaguna da, eta Pisutekako kide. Argi du egungo egoera bertze hiriotan duten gentrifikazio prozesura eramaten ari dela Iruñea. Kezka hori mahai gainean jarri zuten iazko urrian, Iruñeko Alde Zaharrean egin zituzten auzo topaketetan. “Hainbat gai jorratu genituen, eta haietako bat izan zen etxebizitzarena”, azaldu du. Orduan hasi ziren mamitzen Pisuteka osatzeko ideia.

Datuak jarri dituzte mahai gainean sareko kideek, etxebizitzaren inguruan duten kezka nondik datorren azaltzeko. Batetik, auzokideen kopuruak behera egin izana. 2006tik, hain zuzen ere, ia %11. Migratzaileen kopuruak, zehazki, nabarmen egin du behera azken hamarkadan: %41 baino gehiago. “Etxebizitzaren prezioak gora egin du kontrolik gabe, eta egoerarik kaskarrenean direnei eragin die, batez ere. Migratzaileek beste auzo batzuetara alde egin dute”, azaldu du Pisutekako kide eta Alde Zaharreko bizilagun Leticia Molinak.

Bertzetik, Alde Zaharrean turistentzat alokairuan gero eta etxebizitza gehiago dagoela utzi dute agerian Pisutekako kideek. Iruñean dauden gisa horretako etxe gehienak, hain zuzen ere, Alde Zaharrean dira. Auzo horretan jarduera horren inguruko kontrolik eza izan da nagusi orain arte, Laluezak eta Molinak salatu dutenez. “Hiriko bertze auzoetan, halako etxebizitzek eraikinetako lehen solairuan egon behar zuten, derrigorrean; Alde Zaharrean, ordea, ez zen horrelakorik zehazten. Hemen, nahi izan dutena egin dute”, erran du Molinak.

Iruñeko Udalak egoera hori kontrolatzeko asmoa agertu izana eskertu dute Pisutekako kideek. Nafarroako Gobernuak ere neurriak jarri ditu martxan, azkenaldian. Turistei alokatzen dizkieten etxebizitzen jarduera kontrolatzeko, isilpean ari ziren jabeen egoera arautzeko neurriak abiatu ditu gobernuak, zehazki, eta, ondorioz, urtea hasi zenetik, turistek erabiltzeko 107 etxe erregistratu dituzte, haietako 57 Iruñean.

Denera, Nafarroan, jarduera horretan ari diren 695 etxebizitza badira, eta haietako 201 daude hiriburuan. Gobernuak berak nabarmendu du gora egin duela turistentzako etxebizitzen kopuruak, azken urteotan: iaz, adibidez, %34 baino gehiago.

“Auzoan bizi nahi dugunontzat, gero eta garestiagoa da etxebizitza; auzoak bizirik jarraitzeko, ordea, behar gaitu”, erran du Molinak. Prezioen igoerak auzoko dendari txiki eta ertainei ere eragin diela erantsi du Laluezak, eta gogoratu du auzoko jendea dela denda horietako bezero. Sorgin gurpila ekartzen du egoera horrek: “Auzoa husten bada, dendariek itxi beharko dituzte beren negozioak; betiko denda horiek gabe ere, zailagoa izanen da auzokoontzat egunerokoa”.

Ereduen arteko talka

“Bi auzo ereduren arteko talka dago”. Horixe erran du Laluezak. Pisutekaren bidez aldarrikatu nahi duten bizilagunentzako auzoa da eredu horietako bat. “Ongi hartuko ditugu gainerako auzoetakoak eta turistak, baina gure auzoa bizitzeko espazio bat dela ahaztu gabe”. Azken urteotan indarrean izan diren politikek islatzen duten auzo eredua da bertzea. UPNko alkateak buru izan dituen udalak egin du eredu horren alde. Pisutekako kideek gogora ekarri dituzte, bertzeak bertze, Yolanda Barcinak eta Enrique Maiak hiriko ardura beren esku zutenean errandakoak. Barcinak erran zuen, adibidez, asmotzat zuela Alde Zaharra “merkataritza, kultura, turismo eta aisialdi jardueren zentro” bilakatzea; Maiak errana da, berriz, “fruta dendekin eta mertzeriekin” ez dela lortuko Alde Zaharra biziberritzea. Ez zuen hori erran alkate zenean, halere: joan den otsailekoa da adierazpen hori.

Auzoa kontsumitzeko, edo auzoa bizitzeko. Alde Zaharra kontsumorako gune huts dutenen jarduerak gero eta zailago bilakatzen du bertan bizi ahal izatea. Hori da kontua. Pisutekako kideek gogoratu dute, adibidez, 2007. urtean taberna gehiago zabaltzeko aukera jarri zuela udalak mahai gainean, berriz ere. Molinak eta Laluezak auzoarekin duten konpromisoa berretsi dute. “Hemen bizi nahi dugu”. Eta bizitzeko auzo baten alde egin nahi dute Pisutekarekin. Alokairuan bizi da Molina; Laluezak, berriz, etxe bat erosi du. “Alokairuek gora egin dute; ez nuen erosi nahi, baina, azkenean, egoerak ez dit utzi beste aukerarik”.

Aukeren zerrenda zabaldu nahi du Pisutekak, hain zuzen ere, eta erakunde publikoekin eta etxebizitzetako jabeekin elkarlanean aritzeko prest dira hori lortzeko. Sarea zabaldu nahi dute, auzoa bizitzeko toki bat izan dadin.

Auzoan dauden etxe hutsekin kezka agertu dute Pisutekako kideek, eta etxe baten beharra duen jende anitz badela nabarmendu dute. “Udaleko arduradunek esana da Alde Zaharrean bizitzeko 200 pertsona daudela zain erakunde horren etxebizitza poltsan”, erran du Molinak.

Udalak dituen etxeetako anitzek zaharberritzeko beharra dute. Udalak horretarako dituen laguntzek, ordea, ez dute aurrekontu osoa ordaintzen. “Udalak, gehienez ere, 12.000-14.000 euro pagatzen ditu. Gastu gehiago behar dutenak ez ditu konpontzen”, azaldu du Molinak. Eta horiek erabiltzeko proposamena egin dute, hain zuzen, Pisuteka sareko kideek: “Etxea hartzen duenak har dezake falta dena ordaintzeko ardura bere gain, eta, trukean, ez ordaindu zenbait urtetako alokairua. Hutsik diren etxeak erabiltzeko bideak bilatzea da kontua”, erran du Molinak.

Etxeetako jabeek sarearekin bat egitea nahi dute Pisutekako partaideek ere. “Zuzenean azaldu nahi diegu auzoarentzat garrantzitsua dela bertan bizi nahi dutenei alokatzea”. Aztertu nahi dituzte bertzelako proposamenak ere: etxebizitza partekatzea, adibidez. Belaunaldi ezberdinetako auzolagunek etxe berean bat egiteko aukera jarri dute mahai gainean. “Bakarrik bizi diren zaharrak badira auzoan; azter dezagun haiek eta gazteek etxea partekatzeko aukera”, azaldu dute Pisutekako kideek.

Alde Zaharra husteko joerari buelta eman nahi dio Pisuteka sareak. Bizitzeko auzo bat sortu. Eta, horretarako, lehentasuntzat jo du, batetik, taberna gehiago zabaltzeko aukera bertan behera uztea, eta, bertzetik, turistentzako alokairuen inguruko jarduera kontrolatzea eta arautzea. Erakundeen laguntza eta esku hartzea behar dutela badakite sareko kideek. Baina auzoak hitza hartu behar duela ere argi utzi dute. Auzoak duela auzoko etorkizunaren giltza. Behar dituen baliabideak izanen dituen auzoa nahi dute. Hiri zati bat, bertan bizitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.