Eragin genetiko txikia hezkuntza errendimenduan

Juan Ignacio Perez Iglesias / 2020-04-27 / 432 hitz

Duela urte batzuk arte, ezaugarri jakin bat zer neurritan zegoen konfigurazio genetikoaren mende, eta zenbat banakoa garatzen den ingurunearen mende aztertzeko, familia ezberdinetan hazten diren obulu bereko bikietan ezaugarri hori zertan zen desberdina aztertu behar zen.

Biki unibitelinoek baldintza zertxobait ezberdinak izan arren amaren barruan, aldeok ez dira behar bezain garrantzitsuak ezberdintasun adierazgarririk eragiteko. Apur bat erraztuz eta harira ez datozen salbuespen batzuekin, prozedura horrek aukera ematen du osagai genetikoa finkatzeko; hala, norbanakoen bizitzan antzemandako aldeak ingurunearen efektuen ondoriozkoak izan daitezke.

Egun, bestelakoak dira gauzak. Izan ere, DNAren –ondorengoei oinordetzan utzitako informazioa kodetzen duen makromolekula– katea osatzen duten molekulen ordena zehatza ezagutzea ahalbidetzen duten teknikek garapen ikusgarria izan dute, eta izugarri merkatu dira. Horrela, norbanako batzuetatik beste batzuetara dauden ezberdintasunak zehatz-mehatz azter daitezke, eta aldaera genetikoak bereizi. Eta, orobat, norbanako askorentzat egin daiteke. Zenbait kasutan, aukera dago gene bat zein prozesutan dagoen zehazki jakiteko, baina gehienetan ez.

Duela hilabete batzuk, lagin handi bateko banakoen konfigurazio genetikoaren eta haiek beraiek lortutako hezkuntza mailaren arteko lotura aztertzeko analisiaren emaitzak argitaratu dira. Milioi bat eta ehun mila pertsonak baino gehiagok osatzen zuten lagina. Ikertzaileek 1.271 aldaera –nukleotido bakarreko polimorfismoak, hizkuntza teknikoan– antzeman zituzten; horiek, oro har, hezkuntza mailarekiko lotura adierazgarria erakutsi zuten, hezkuntza sisteman egondako urte kopuruan islatzen den legez.

Hezkuntza jardunari loturiko aldakortasunaren zati handi batek eragina du, batetik, garun garapenaren prozesuetako geneetan eta, bestetik, lotura sinaptiko izenekoen bidez neuronen artean ezarritako komunikazioan. Lotura horiek bide ematen dute ondoko neuronei informazioa transmititzeko, eta molekulen esku hartzearen bitartez gertatzen da, mezulariena egiten baitute.

Agidanez, herrialde batzuetatik besteetara aldatzen da aldaera genetikoen eragina. Hala ere, ikertzaileek ezin izan dute eraginon zergatia zehaztu, baina litekeena da herrialdeetako hezkuntza sistemen arteko aldeekin zerikusia izatea, haietako bakoitzean sustatutako gaitasunei edo trebetasunei dagokienez. Baliteke konfigurazio batzuk arazoak ebazteko egokiagoak izatea, eta beste batzuk, berriz, oroimenezko ikaskuntzarako, besteak beste.

Lotura genetiko globala ez da oso esanguratsua: hezkuntza jardunaren aldakortasunaren % 11 eta % 13 bitartean dago lotuta aldakortasun genetikoarekin. Hots, ingurumen faktoreek, hala nola familiaren ezaugarriek, gurasoen hezkuntza mailak eta eskola inguruneari lotutako faktoreek, askoz ere eragin handiagoa dute. Horrez gain, mota horretako karaktereetan, konfigurazio genetikoak, ezaugarri jakin batzuk zehaztu baino gehiago, horiek garatzeko aurretiko jarrera transmititzen du; horrenbestez, tarte zabala dago ingurumen eraginari lotutako aldeak sortzeko.

Ez da garrantzi txikiko ondorioa kontuan hartzen badugu hezkuntza jardunak helmen handiko eragin garrantzitsuak dituela; esaterako, ongizate ekonomikoa, osasun egoera helduaroan edota bizi itxaropena.

Iturri bibliografikoa:

Lee, J.J., Wedow, R., Okbay, A. et al. (2018). Gene discovery and polygenic prediction from a genome-wide association study of educational attainment in 1.1 million individuals. Nature Genetics, 50: 1112-1121. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-018-0147-3

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.