Entzumenezko ulermena musukoen garaian

Jaione Dagdrommer / 2020-09-14 / 602 hitz

Norbaitek esan al dizu maskararekin ez duela ezer ulertzen? Beharbada zu izan zara hau komentatu duenetako bat. Jende asko da, entzumen arazoak eduki gabe ere, maskararekin okerrago entzuten duena.

Izan ere, bestearen ezpainak ez ikusteak, ahoskatzen ari den soinuaren inguruko informazioa kentzen baitugu. Gainera langa efektua sortzen du maskarak. Normalean ahoskatzerako garaian ez dugu ahalegin berezirik egiten: azkar hitz egiten dugu, kontsonanteak jaten ditugu eta musukoarekin berdin hitz egitek joera dugu. Arazoa da kontsonanteak presioaren aldaketa txikiengatik ezberdintzen direla, eta pantaila bat aurrean dugunean ia ezin dira atzeman. 

Honela, maskararekin dagoen pertsonaren ulermena hipoakusia duen pertsona baten antzekoa da. Pertsona hauentzat soinuak lausoak bilakatzen dira eta zailagoak dira ezberdintzen. Bada albiste onik ordea, izan ere, hitz egiteko modu inklusiboago bat existitzen da, ez duena aurresuposatzen aurrekoak berak bezain ondo entzuten duenik, eta ez diona entzuten ari denari ahalegin bikoitza eskatzen. Hauek dira ahozko komunikazio hobetzeko zenbait aholku pandemiaren garaian: 

Landu kontsonanteak

Ez da hobeto ahoskatzea (nahiz eta ez legokeen gaizki hau ere), baizik kontsonante guztiak ahoskatzea, batzuk ohituragatik edo azentuagatik jan beharrean. Gaizki entzuten duen adineko pertsona batekin modu automatikoan garbiago hitz egiten saiatzen gara, bada hori maskara dugunetan pertsona guztiekin egitean datza. 

Zure ahotsa proiektatu

Gogoratzen zara eskolan altu eta garbi irakurtzeko esaten zitzaizunean? Kantatzea ogibide duten pertsonek ahotsa proiektatzea deitzen diote. Gure ahotik soinua argiago eta altuago ateratzeko teknika batzuk dira, bozgorailu natural batzuk bailiran. Honela, bolumen gehiago lortzen da ahotsean tentsio bat egon gabe. Izan ere, ahotsa proiektatzea ez da garrasi egitea. 

Hitzaldi argiago bat igorri

Berdin hitz egiten al diozu euskara ikasten ari den bati, zure lagun bati ala lankide bat? Ziurrenik ez. Maskaragatik zailtasunak daudenez besteak zure hitzaldia ulertzeko, saiatu ideietan argia izaten: esaldiak motzak eta argia, errepikapenak ekidin, bestea ez nahasteko. Egituratu ongi mezuak besteak ez dezan haria galdu eta hitz gakoak azpimarratu, testu batekin egingo zenukeen moduan. Altuago zerbait esatea ez da daturen bat azpimarratzeko modu bakarra, hitza apur bat motelago esan daiteke, azalpen bat gehitu diezaiokezu kontzeptuari ulermena errazteko… edozein baliabide da egokia. 

Gorputzeko hizkuntzari arreta jarri

Batez ere talde batean baldin bazaude, askotan zaila da maskara jarrita dutenez zein ari den hizketan jakitea. Honela, hizketan ari zarenean mugitu gorputza hitz egin nahi duzun horrengana, begiratu begietara edo eskuak mugitu bere arreta deitzeko. Esku keinuek adierazpen bat azpimarratzeko ere balio lezakete, eta zure gogo aldartearen inguruko pistak ere eman ditzakete, orain irribarrea ezin dugunez ikusi. 

Zaindu zure arnasketa

Zientzialariak oraindik maskara eramateak arnasketan izan ditzakeen efektuak aztertzen ari dira. Batzuk diote oxigeno saturazio berdina dela, beste batzuk diote maskara motaren, pertsonaren aurretiko egoeraren eta faktore psikosomatikoen eraginez arnasketa zaildu daitekeela. Honen aurrean, adituek gomendatzen dute arnasketak motzagoak eta maiztasun handiagoz egitea, eta idazterakoan jarriko genituzkeen puntuazio ikur horiek hitz egiterakoan errespetatzea. Honek gainera bi abantaila ditu: batetik, hizketan ari denari arnastu eta atseden hartzeko tarte bat eskaintzen dio, eta bestetik, entzuten ari denak ere astia du entzundakoan pentsatzeko, zerbait ulertu ez badu horretaz jabetu eta barneratzeko. 

Ahal denean inguru isilak aukeratu

Inguruan zarata ugari badago zailagoa izango da ulertzea. Elkarrizketak izaterakoan saiatu leku isiletan gerta daitezen, pertsona gutxi dauden lekuetan. Zarata indartsuren bat egongo balitz momentu puntual batean, geratu esaten ari zaren hori zarata isildu arte eta gero jarraitu hitz egiten. 

Enpatia eta interesa adierazi

Norbaitek ez zaituela ulertu adierazten duenean, pazientzia erakutsi eta besteak ulertzeko saiakerak egin behar dira. Kontziente izan behar da mundu guztiak ez duela berdin entzuten. Adituek gomendatzen dute beti eskura edukitzea boligrafo eta koadernotxo bat, momenturen batean hitzez ulertzen ez den zerbait idatziz jarri ahal izateko. 

Honela, bestearen lekuan jarriz, maskara eraman behar dugun garai honetan asko erraztuko litzateke komunikazioa ,eta gainera enpatia lantzeko aukera polita ere izan liteke. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.