Amazon-eko aipamen faltsuek produktu txarrak erosteko manipulatzen gaituzte

Jaione Dagdommer / 2020-09-14 / 277 hitz

Amazon diru asko irabazteko merkatua bihurtu daiteke, eta horregatik joko zikinak daude zenbait produkturi bost izar jartzeko eta konpetentziari kritikarik txarrak.

Honela, Facebook-en talde batzuk daude kontsumitzaileei ordaintzen dietenak bost izarreko aipamenak egiteko produktu mota batzuen inguruan. Kritika on hauek (egiazkoak diruditenak, argazkia ere igotzen baitute eta sinesgarritasuna ematen dio horrek) ordea, gutxi irauten dute. Zenbait asteren buruan, Amazoneko kudeatzaileek iruzurra atzematen ez badute, kritika on hauek beste hamaika txarren artean hondoratuak geratzen dira erakutsiz iruzur bat zela. 

Kaliforniako bi unibertsitatek kritika faltsu hauen benetako eragina jakin nahi izan dute taktika hau erabili duten 1.500 produktu ikertuz. Aurkitu dute iruzurra inork atzeman aurretik produktua salgai dagoen aste horietan izugarrizko dirutza irabazten dela: urtean 500 milioi dolar baino gehiago, artikuluak dioenez. Gainera, ondorioztatu du Amazon-eko erabiltzaileen %33ak bakarrik ezagutzen duela kritika faltsuen negozio hau. Beraz, milaka eta milaka pertsonari iruzurra egiten zaie egunero… eskerrak Amazonek produktua itzultzeko aukera eraginkorra duen!

Baina nola atzeman, produktua itzuli beharrik ez izateko, horrela gutxiago kutsatuz bidalketarekin? Ez da erraza; onena tentuz ibiltzea da, egun batzuk itxoitea erabakia hartu aurretik eta ikusi ea kritikek eboluzionatzen dute. Ez fidatu bost izarrez soilik. Gainera, badira produktu mota batzuk non iruzurra ohikoagoa den: elektronika produktuetako puntuazioen %61 faltsuak dira dirudienez, edertasun proiektuetan %63 eta zapatetan %59. 

Baina zer geratzen da kritika txarrekin? Arazo honen beste aldea da: saltzaile batzuk kritika txarrak ezartzen dizkiote beren konpetentziari. Eta artikuluaren arabera kritika txar batek kontsumitzailearengan duen eragin psikologikoa izugarria da. Hamar pertsonek bikaina dela esanda ere, batek bere bizitzan egin duen erosketarik txarrena dela esaten badizu, ziur bi aldiz pentsatuko duzula produktua eskuratu aurretik.

Modu batera edo bestera, helburua bietan berdina da: erosleak manipulatzen dira irabazteko, bakarrik saltzen den produktu on bat eskaini beharrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.