Diruak ez gaitu zoriontsu egiten, denborak baizik

Jaione Dagdrommer / 2021-05-14 / 568 hitz

Kontua da denbora lortzeko dirua behar dugula!

Mundu zabalean, aberastasunaren igoerak inork desiratu gabeko ondorioa ekarri du: denbora eskasiaren sentsazio geroz eta handiagoa. Hain da horrela, pertsona arrakastadunaren estereotipoa presaka eta denborarik gabe dabilenaren irudia dela, ez duena denborarik bere zaletasun, lagun edo senideentzat. Aukeratzeko emango balizute ordea soldata igoera eta lanaldiaren murrizketaren artean, zer aukeratuko zenuke? 

Ikerketa asko saiatu dira frogatzen diruak ez duela zoriontasunik ematen, beste zenbait aurkakoa frogatzen saiatu diren bezala, hau da, diruak zoriontasuna ematen duela. Eztabaida irekia da eta galdera hau guztiok egin diogu gure buruari noiz edo noiz.

Inork ez badu ere azken erantzunik, ebidentzia zientifikoak frogatzen du denbora aurrezten laguntzen dieten zerbitzuetan dirua xahutzen duten pertsonek asebetetze handiagoa dutela bizitzan, gauza materialetan xahutzen dutenek baino gehiago.

Diru-sarrera handiagoak izanagatik, asko inoiz baino presionatuagoak sentitzen dira denboragatik eta horrek bere ongizatean ondorioak ditu. Hori horrela, irabazitako diru hori denbora gehiago lortzeko erabili daditeke, hori dio behintzat ikerketa honek. Berau burutzeko, galdetegiak pasa ziren herrialde ezberdinetan. Boluntarioek hilabetean denbora libre gehiago izateko xahutzen zuten diruari buruzko galdera ezberdinak erantzun zituzten. Hasi etxea garbitzeko pertsona bat kontratatzetik, etxera janaria eskatu, taxiak hartu gidatu beharrean… Ondoren, euren bizitzarekiko asebetetzea baloratu behar izan zuten eta aurkitu zuten egoera ekonomikoa eta lanekoak zerikusia zutela zoriontasunean. 

Ikerketak erakusten du denbora aurrezten laguntzen duten zerbitzuetan dirua xahutzea zoriontasun gehiagorekin lotua dagoela, gauza materialak erostea baino gehiago. Ongizatearen aberastasunean inoiz aztertu gabeko bide bat azalarazten du ikerketa honek: denbora librea erosteko dirua xahutzea. 

Arazo geroz eta larriagoa da denbora eskasia. Azken hamarkadetan herrialde askotan diru-sartzeak hazi egin badira ere (baita aberats eta pobreen arteko arrakala ere, baina tira hori beste kontu bat da) beste mota bateko pobrezia zabaldu da: diru-sarrera handiagoak dituzten pertsonen artean ongizatea murriztu egin da, eta horrekin zoriontasun orokorra noski, antsietate eta lo-ezinari lekua utziz. Denboragatiko estresa ere faktore kritikoa da gizentasunaren igoeran: denbora faltagatik ez dute osasuntsu jaten pertsona askok edo ez dute ariketarik egiten.

Urtetan urritasun finantzarioa murrizteko ahalegin handiak egin dira, ez ordea denbora urriaren sentsazioa uxatzeko, nahiz eta dirua ez bezala, denbora infinitua den. Gainera, egun ekonomia kolaboratiboa hazten ari den honetan denbora aurrezteko zerbitzuak guztion eskurago daude, eta frogatu da zerbitzu hauek zoriontasuna dakartela.

Beraz, aberastasunak denbora librerako aukera gehiago eskaintzen ditu, adibidez, gehiago ordainduz lanetik gertu bizitzeagatik. Zentzua du, nahiz eta frogatuta dagoen pertsona aberatsenak denbora gehiago pasatzen dutela jarduera estresagarrietan, hau da, erosketak egitera joaten edo batetik bestera mugitzen. Ikerketak behatu du, besterik gabe, ekonomikoki euren denbora baliotsua dela sentitzen duten pertsonek denbora nahikoa ez dutela sentitzen omen dutela. Alabaina, egindako ikerketa ezberdinetan ez da aurkitu denbora irabaztearen onurak aberatsei bakarrik ekartzen dizkienik onurak. Harreman indartsuagoa behatu da horren aberatsak ez diren pertsonetan. 

Eta emakumeak zer?

Ongizate maila aldatu liteke kultura eta generoaren arabera. Kultura askotan, emakumeak behartuak senti litezke etxeko lanak euren kabuz egitera, nahiz eta lan hauek egiteko norbait kontratatzeko aukera eduki. Azken hamarkadetan, emakume gehiagok eduki dute hezkuntzarako aukera eta baita lan munduan aritzekoa, baina horrek ez du euren ongizatea areagotu. 

Emakumeak batez beste ordubete eta 37 minutu gutxiago eskaintzen diote euren zaletasunei. Aldi berean, batere denbora librerik ez dutela adierazten duten emakumeak gehiago dira gizonezkoen aldean, %20 gehiago, hain justu. 

Hau guztia kontuan izanik, erakunde asko denborari garrantzia ematen hasi dira eta denbora aurrezten duten zerbitzuak eskaintzen dizkiete euren langileei. Honela bada, denbora eskasiaren sentsazioa gehituz doan honetan, erakundeak eta arduradun politikoek aberastasun ekonomikoaz gain, denboraren aberastasuna ere kontuan hartzen hasi behar lukete, azken finean, denbora zoriontasuna baita! 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude