Iñaki Lasa Etura / 2016-04-26 / 828 hitz
Boladan daude ‘heelys’ edo zapatila gurpildunak haurren artean, baina gehiegi erabiltzen dituzte gehienek; jostailuak dira berez, ez oinetako normalen ordezkoak. Halakoak gehiegi erabiltzeak epe motzera zein luzera oinen osasunean kalte larriak sor ditzakeela ohartarazi dute pediatrek.
Modan daude, zalantzarik gabe. Gero eta ohikoagoa da Euskal Herriko parkeetan edo ikasgeletan haurrak edo gaztetxoak heelys edo zapatila gurpildunak jantzita ikustea. Korrikaldi labur bat egin, oinaren aurrealdea altxatu, pisua orpoaren gainean jarri, eta irristaka hasi. Dibertigarriak dira, jostagarriak, ondo pasatzeko erabilgarriak, beste edozein jostailu bezala. Izan ere, izatez, jostailuak dira zapatila gurpildunak. Halakoak janzten dituzten gehienek, baina, gehiegi erabiltzen dituzte, egunero, bestelako oinetakoen ordezko gisa. Oinen osasunean kalteak eragin ditzake halakoak gehiegi erabiltzeak, epe motzera zein luzera.
Zapatilen eta patinen arteko hibridoaren erabileraren ondorioak ikertu ditu Elxeko (Alacant, Herrialde Katalanak) Miguel Hernandez Unibertsitateko Roberto Pascual podologia irakasleak. 3 eta 11 urte arteko haurren oinak aztertu ditu, eta ondorioztatu du halakoak gehiegi erabiliz gero kaltegarriak direla: pisuagatik, takoiaren garaieragatik, malgutasun murritzagatik eta egonkortasunik ezagatik. Ikerketaren ondorioak ikusita, oinetako horiek eskoletan erabiltzea debekatzeko eskatu du Espainiako Podologoen Elkargoko Batzorde Orokorrak.
Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek ez dute, oraingoz, heelys-ak debekatzeko asmorik. Erabilera galaraziz gero, beste hainbat eremutan esku hartu beharko litzatekeela uste dute Sortzen-en, eta erabakia gurasoen esku dagoela. Ikastolen Elkartea duela zazpi-zortzi urte konturatu zen oinetakoen desegokitasunaz, erabiltzen zituzten haurrak ohi baino gehiagotan erortzen baitziren, irristatuta edo eskaileretan gora eta behera. Hainbat ikastolatatik oharra helarazi zieten gurasoei, halako zapatilak egunero erabiltzeak zer kalte eragin zitzakeen. Jolastokian patinarekin ibiltzea debekatuta dagoen bezala, ezin dira zapatila gurpildunak erabili.
Baina, zergatik dira hain desegokiak zapatila gurpildunak? Zein kalte eragin ditzakete? «Gako nagusia» egiten den erabilera desegokia da, Mikel Marin Euskadiko Podologoen Elkarteko kidearen eta Antonio Martinez Poliklinika Gipuzkoako Oinaren Unitateko podologoaren arabera. Antzeko sintomak nabarmendu dituzte biek ala biek. «Egunero zortzi orduz erabiliz gero, kalte egin dezaketela ikusi dugu», azaldu du Marinek. Jostailu gisa ulertu behar direla zehaztu du Poliklinikako langileak: «Ez da gomendagarria egunero erabiltzea; jostailuak dira, ondo dago astean pare bat orduz erabiltzea, baina ez askoz denbora gehiago. Gure seme-alabei ez diegu uzten egun osoa bideo jokoetara jolasten, ezta? Ez genieke utzi behar egunero oinetan jostailu bat daramatela eskolara joaten».
Lekua behar da oinetakoetan gurpila jarri ahal izateko, eta, horren ondorioz, takoidunak dira heelys guztiak —heel hitza takoia da ingelesez—. Bost bat zentimetrorainokoak izan daitezke, ereduaren arabera: «Zure seme-alaba takoiekin eskolara eramango bazenu bezala». Zapaltzeko era aldatzen du takoiak, gehiago erabiltzen da oinaren aurrealdea, eta gainkarga eragiten du horrek, gihar horiek ez daudelako halako esfortzuetara ohituta, Martinezek azaldu duenez: «Ezetz esan arren, minez iristen dira haurrak ia egunero». Oinutsik oinkatzean, orpoarekin egiten da indarraren %75. Zapatila gurpildunekin erdia edo gehiago egiten da aurreko aldearekin. Horrez gain, oinetako normalek halako bi pisatzen dute, ibiltzeko egin beharreko indarra handituta.
Oin guztian eragin ditzake kalteak halakoak gehiegi erabiltzeak: aurrean zein orpoan. Jasotzen dituen akuiluen arabera garatzen dira oinak, eta garapen hori baldintzatu dezakete oinetako gurpildunek, Martinezek azaldu duenez: «Orpo hezurra, gorputzaren pisua jasaten duena, behar baino gutxiago garatuko da, eta, horren ordez, aurrealdea garatuko dugu. Horrek metatartsokoaren eta oin zolaren gainkarga eragingo du». Orpoa ez garatzeak «giharra murriztea» eragingo du, Marinen esanetan: «Akilesen orpoa, bikiak, soleoa eta iskiotibialak gutxiago garatuko dira, eta ez da erraza hori lehengoratzea, denbora behar da».
Marinek ikusi ditu jada oinetako gurpildunek eragindako lesioak, ez ordea Martinezek. Poliklinikako podologoak, baina, arazoak sortzen dituen beste zapatila desegoki batzuei buruz ohartarazi du: futbol oinetakoak. «Ez dira futbolarienak bezalakoak, moldatu egiten dituzte fabrikatzaileek, baina oso zola laua dute, eta bikien eta Akilesen orpoaren gainkarga eragin dezakete. Eragina ez da heelys-etan bezain erasotzailea, baina arazo iturri izan dira urte luzez».
Oinetako desegokiak zehaztuta, egokienak zein diren azaldu du: lokarridunak, orpoaren eta aurrealdearen artean zentimetro erdia edo zentimetro baten aldea dutenak eta zola malgua dutenak.
Yeovilen, galarazita
Kezka ez da berria, ez podologoen artean, ez eta gizartean ere. 1999koa da patentea, Roger Adamsena. Urte gutxi geroago hasi zen produktua merkaturatzen Heelys, Inc enpresa. Oinetako gurpildunak boladan egon ziren duela sei-zortzi urte; berritzaileak ziren, desberdinak, eta haur gehienek nahi zituzten. Hain zen handia erabilera munduko hainbat lekutan, neurriak hartu baitzituzten. Yeovilgo Udalak (Ingalaterra) debekatu egin zituen 2007ko otsailean. Aldapaz jositako herria da, eta «arriskutsuegitzat» jo zituzten agintariek. Norbait zapatila gurpildunekin irristatzen ibiliz gero, 500 libera (643 bat euro) arteko isuna jaso zezakeen.
Urte berean, ikerketa bat plazaratu zuen Irlandako pediatra talde batek Ameriketako Estatu Batuetako American Academy of Pediatrics aldizkarian, oinetako horiek erabiltzeak eragindako lesioak aztertzeko. Erorikoek eragindakoak ziren, gehienbat: eskumuturra apurtzea, ukondoa haustea edo lokatzea… Ezbeharren erdia baino gehiago (%56) heelys-ak jantzitako lehen bost aldietan gertatu ziren, nola erabili ikasten ari zirenean. Inork ere ez zeraman babesik. Emakumeak ziren gehienak: %84.
Neskek erabiltzen baitituzte, gehienbat, zapatila gurpildunak. Haientzakoak dira iragarki gehienak, eta dendetako nesken atalean aurkitu daitezke gehienak, kolore argitsuz beteta. Zapatila mota ugari daude merkatuan: gurpil bakarrekoak edo bi gurpilekoak; gurpila ken daiteke gehienetan, baina badira finkoak ere… Modan daude, berriro, eta ez da hain arraroa neska-mutilak heelys-ak soinean dituztela joatea ikastolara. 07:00ak-08:00 aldera jantzi, eta ez dituzte eranzten etxera iritsi arte. Pascualen ikerketaren arabera, hamarretik batek egiten du hori.