«Bestelako energia bat sortzeko ideietan egin behar da indarra»

Eskeine Legorburu / 2015-11-06 / 668 hitz

Gaur egungo energia ereduak ikusirik, autokontsumoa indartzeko alternatibak sortzea da Energia Gara taldearen helburua. Som Energia kooperatiba katalanaren barruko taldea da, eta poliki ari dira bidea egiten, baina ezarritakoa ikusirik bestelako aukerak badaudela erakusten ari dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Energia 2015 jardunaldietan aurkeztu ditu Energia Gara elkarteko Alvaro Camposek ohiko energia kontsumoaren alternatibak. Hiru adibide jarri ditu, bakarra Euskal Herrikoa: Gernikako Astra eraikina, Bizkaian. Baina adibide bat nahikoa da bidea egiten hasteko: «Ez da energia berriztagarrien garaia, baina gizartea mugitu behar dugu, energia berriztagarriak sozializatu. Hori da egin behar den lehen urratsa».

Ez da erraza, ordea, Euskal Herrian alternatibak sortzea. «Sozializa daitezkeen proiektuak indartu nahian gabiltza, baina inguru honetan irradiazio maila txikiagoa dugu, eta Espainia hegoaldea eremu egokiagoa da helburua sustraitzeko. Eguzki ordu gutxiago ditugu Euskal Herrian, eta mendiz inguratuta gaude; horrek zaildu egiten du gure lana».

Energia Gara taldeak mila bazkide inguru ditu, eta argi dute zein den euren lana: «Eskatzen den adina energia alternatibo lurraldera ekartzea». Camposen iritziz, «bestelako energia bat sortzeko plataformen, ideien, proiektuen behar bat ari da sortzen Euskal Herrian», eta hor egin behar da indarra, «bazkideek dituzten beharrak asetzeko».

Bideragarriak diren proiektuak behar dira horretarako, jendeak pausoa eman dezan.«Alor horretan, baina, atzeratuta goaz», Camposen esanetan. Hori da arazo nagusietako bat Euskal Herrian, eta horrek zaildu egiten du sozializatze prozesua. Egoera orokorra, ordea, ez da horren beltza energia berriztagarrien eta alternatiboen sektorean. Hiru adibide eman ditu Camposek: Gernikako Astra, Generation kwh eta Eguzkia Berreskuratu proiektuak.

Herritarren partaidetzan oinarritutako gunea da Astra, eta energia kontuetan ere partaidetza horri heldu diote. Autoprodukziorako instalakuntza fotovoltaikoa jarri zuten Gernikan, «Astraren balioekin guztiz egiten duelako bat eta halakoen salneurriak %90 egin duelako behera».

Trabak gainditu daitezke

Hala, ohiko energia iturriak eta alternatiboak uztartzen dituzte Astraren martxarako. Planta ezartzeko inbertsioa plakek sortutako energiarekin orekatu dute, eta denborarekin errentagarri egin dute proiektua.

Adibide horiek erakusten dute horrelako jarduerak gara daitezkeela, «nahiz eta bidean jartzen dituzten trabak asko izan». Sarritan, ekonomikoki errentagarriak izan daitezke horrelako proiektu ugari. «Baina ekonomikoki errentagarriak ez direnak ezin ditugu baztertu, momentuan irabazi ekonomikorik ez izan arren, irabazi energetikoa dugulako, etorkizunean ekonomiko bihur daitekeena». Eta hala ez den kasuetan, «alternatiba eraikitzen ari gara, horrelako aldaketak posible direla gizarteari erakusten».

2010ean hasi ziren Generation kwh proiektua garatzen, eta dagoeneko zortzi gune eraiki dituzte Espainian. «Ohiko kontsumo joeretatik oso urruti gaude, eta aurrera nola egin behar dugun pentsatu behar dugu. Horretarako sistema aldaketa bat proposatu genuen: dirua itzuli beharrean energia itzultzea». Inbertsio ekonomiko baten truke, energia jasotzen dute proiektuarekin bat egiten dutenek.

Euro gutxiko inbertsioa eginda planta bat ezartzeko simulazioa egiten du elkarteak, eta sortuko den energia kalkulatu. «Ez da aurrezte ekonomikorik egongo, baina bai energetikoa. Hori sozializatzea da helburua, energia alternatiboak indarra hartuz joan daitezen, zabaltzen eta ugaritzen jarraitzeko».

Helburua urruti dute Energia Gara elkartean. Behar duten energiaren %11 lortzen dute energia berriztagarriekin. Egungo testuinguruak bideko argi izpi txikiena ere itzaltzen du, eta hor dute erronka.

«Itzultze ekonomikoa itzultze energetikoagatik aldatu dugu, eta kontzeptuak aldatuta, sistema ere guztiz aldatu da. Nola? jendeak dirua inbertituko du, baina trukean ez du dirurik jasoko, energia baizik». Eredu aldaketa hori defendatzen du Energia Gara elkarteak. Adibide batekin azaldu du Camposek: «Bazkide bakoitzak 100 euroko inbertsioa egiten badu, inbertsio horri dagokion energia kalkulatzen dugu, ondoren argiaren fakturan kenduko zaiona. Hor ikusiko ditu inbertsioaren fruituak».

Kontzientzia zabaltzea ere defendatzen du Camposek, «bestelako proiektu batzuk garatzen laguntzen duelako». «Paradigma aldatzea da helburua, baina bitartean erakutsi nahi dugu antolatzen bagara gauzak egitea posible dela, alternatiba eraiki daitekeela».

Hori, gainera, taldean egitea posible dela erakutsi dute Eguzkia Berreskuratu proiektuaren bidez. «Krisi ekonomikoak eraginda, hainbat proiektu kolokan egon dira, eta horiei eusteko sortu den ekintza da Eguzkia Berreskuratu. Planta fotovoltaiko baten aldeko txartelak saldu ditugu, eta erosten dituenak planta horrek sortzen duen energiaren ehuneko bat jasotzen du; hala, energia alternatiboak sozializatu egiten dira, banku gaiztoen esku geratu ordez».

Erantzun bikaina jaso du ekintzak —lau gunetan egin dituzte, hiru Madrilen eta bat Valentzian—: «Harritu egin gaitu energia alternatiboen inguruan jendeak erakutsi duen mobilizazio gaitasunak. Horrek erakusten du alternatibak sortzea posible dela, eta eredu alternatiboak indartu nahi dituela jendeak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.