Asier Arrate Iruskieta / 2015-12-11 / 188 hitz
Frantziako Gobernuak martxan duen programak 25 zentimo kilometroko ordaintzen die lanera bizikletan doazen langileei. Sei hilabeteko programa pilotua da, eta arrakasta badu Estatu osora zabaldu lezakete.
Garraio Ministerioak ekainaren 2an jarri zuen martxan programa, eta urte bukaeran emango dituzte emaitzak. Une honetan 19 enpresatako 10.000 langile ari dira parte hartzen. Programan boluntario aurkeztu diren langileei gehienez egunean 12 kilometroko bidaia ordaintzen diete, 40 euro orotara. Programaren lehen fase honetan, izena eman duten enpresek pagatzen diete langileei, eta Gobernuak ordaindutakoa bueltatzen die.
Programa onartu zenean Garraiorako estatu idazkari zen Frederic Cuvillierrek adierazi zuen espero zuela pizgarri ekonomikoek bizikletaren erabilera %50 handitzea etxetik lanerako bidaietan. Gaur egun, Frantziako langileen %2,4k baino ez du erabiltzen bizikleta lanera joateko.
Belgika aitzindari
Frantziako programa Belgikan orain dela bost urtetik martxan dagoen sisteman oinarritu da: 22 zentimo ordaintzen dituzte kilometroko, eta horri esker lanerako bidaien %8 bizikletan egiten dira.
Holandan, Danimarkan, Alemanian eta Erresuma Batuan ere bizikletaren erabilera sustatzeko pizgarriak daude: zerga murrizketak, ordainketak ibilitako kilometroengatik eta bizikletak erosteko diru laguntzak. EAEn bizikleta elektrikoak erosteko diru laguntzak daude. Gehienez 300 euro bizikletako, eta 1.000 euro merkantzien garraiorako baldin bada. Enpresek ere diru laguntzak dituzte mugikortasun mota horren alde eginez gero.