Munduko aberastasunaren erdia biztanleen %1en esku dago

Oihan Vitoria / 2016-01-18 / 321 hitz

Oxfam erakundeak ohartarazi du gero eta handiagoa dela aberatsen eta txiroen arteko arrakala: munduko 62 pertsona aberatsenek biztanle erdiek adina diru dute. Desoreka ekonomikoa amaitzeko, ezinbestekotzat jo du zerga paradisuekin errotik moztea: “Pobreenak bihurtu dira aberatsen sostengu”.

Azken hamabost urteotan etengabe ari da handitzen da aberatsen eta txiroen arteko aldea, eta ez dirudi 2016a salbuespena izango denik. Orain arteko diagnostikoa, behinik behinik, ez da oso baikorra. Oxfam gobernuz kanpoko erakundea izan da gaur ahotsa altxatu eta kezka agertu duena: azken hamabi hilabeteotako datuen abaroan, jakinarazi du munduko aberastasunaren erdia biztanleen %1en esku dagoela, eta 62 pertsona aberatsenek biztanle erdiek adina diru dutela.Kritiko mintzatu dira erakundeko ordezkariak: “Ezin dugu onartu autobus batean arazorik gabe sar daitezkeen 62 lagunek munduko biztanle erdien pareko aberastasuna izatea”. Munduko populazioan 400.000 pertsona gehiago izan arren, biztanle erdien diru ahalmenak %41 egin du behera —920.000 milioi euro galdu dituzte 3.600 milioi lagunek—. Alderantzizko joera eduki dute aberatsek, 2010etik hona are aberatsago baitira: 460.000 milioi euro gehiago irabazi dituzte, 1,5 bilioi euro pilatzeraino.

Susperraldi ekonomikoa ere kolokan jarri du. Argigarriak dira datuak: 2000. urteaz geroztik pilatutako hazkundearen %50 gutxiengo horren patriketara joan dela ohartarazi du Oxfamek; goraldiaren %1 baino ez dago egun pertsona pobreenen eskuetan. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ere ageri-agerian utzi ditu txostenak: munduko 62 pertsona aberatsetatik 53 gizonezkoak dira, eta bederatzi besterik ez andreak.

Txiroak, aberatsen sostengu

Oxfamek salatu du, orobat, agintariek boterea eta pribilegioak baliatzen dituztela “sistema ekonomikoa manipulatzeko”, eta uste du horrek eragin duela pitzadura betikotzea. Zerga paradisuetan ezkutatutako diru kopurua da horren erakusle: erakundeak azaldu du aberatsen gutxiengoak 6,9 bilioi euro dauzkala egun ezkutatuta; kopuru hori Erresuma Batuko eta Alemaniako BPG barne produktu gordina baino handiagoa da.

Hori jakinda, dirua berreskuratzeko eta paradisu horiekin ahalik eta lasterren errotik mozteko eskatu du, desorekak areagotzen dituztelakoan. Izan ere, deklaratu gabeko dirua aintzat hartuz gero, aldea askoz ere handiagoa litzatekeela dio Oxfamek. Murrizketa politikak ere aipatu ditu gaur-gaurko desoreka ekonomikoa ulertzeko arrazoi gisa. “Pertsona pobreenak ari dira aberatsenen gehiegikeria guztiak ordaintzen; haien sostengu bihurtu dira”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.