Ogasuna zergatik da permisiboa futbolak pilaturiko zorrarekin? (Espainiako Estatuko kasua)

Jon Torner Zabala / 2016-01-12 / 350 hitz

“Futbol finanzas” webguneak bost puntutan laburbildu du hamaika erreportajerako materiala emango lukeen galderaren erantzuna.

1. Futbola, Estatuko motor ekonomikoetako bat. Futbolak zor izugarri handia –750 milioi euroraino heldu zen– pilatu du azken urteetan, ekonomiarentzat sostengaezina izateraino. Dena den, Estatuari ematen dion diru kopurua hain da handia, Ogasunak epelegi jokatu duela sarri.

2. Futbolariek ordaintzen dituzten zergak. Jokalariek soldata oso handiak dituzte, eta gehienek Espainian tributatzen dute. Ogasun Publikoarentzat diru-ekarpen potoloa da, eta nahiago du gehiegi ez presionatzea, futbolari batzuek paradisu fiskaletan tributatzen duten arren.

3. Ogasunak ez du herriaren etsai bilakatu nahi. Herritar mordoak du gustuko futbola, neurriz kanpo sarri askotan. Liga geratzeak Ogasuna jo-puntuan jarriko luke, eta aintzat hartuta jada herritarrek erakunde hori gehiegi maite ez dutela…

4. Zorra asko murriztu da azken urteotan. Egiari zor, LFP Futbol Liga Profesionalak kluben gainean egindako kontrolari esker, haien zorra nabarmen murriztu da azken urteotan, %60 bai behintzat.

5. “Espainia” markaren sustapena. Zor handia pilatu izanagatik, ez da komeni Madril edota Bartzelonaren aurka gogorregi jarduterik, “Espainia” markaren hedapenean duten garrantziagatik.

                                                                   

Jatorrizko artikulua: Futbol finanzas

                                                                   

Informazio gehiago:

Futbola eta saskibaloia, Ogasunarekin zorretan (CincoDias.com, 2015-12-23)

Horrela tributatzen dute futbolariek Espainian (El Mundo, 2015-05-07)

Diru-sarrerak handitu eta zorrak murriztu dira (El Economista, 2015-04-06)

Xabin Zubiri (Zorraren Auditoretza Herritarra): “Futbol taldeek pribilegiozko tratua jaso dute urtetan” (Hirian, 2014-09-30)

                                                                   

Futbolaren gehiegikeriak:

Espainiako 1. eta 2. mailako futbol taldeen zorrak 2003az geroztik zein bide egin duen sakon aztertu dute Los desmanes del futbol (Futbolaren gehiegikeriak) webguneko kideek. “Politikariei axola al zaie futbol taldeen zorra?”, dio aurkezpen testuaren goiburuak. “Kirol erregeari aurre egitea ez da lan samurra politikarientzat. Hegoafrikako Munduko Kopako finala 900 milioi lagunek ikusi zuten, FIFAren arabera. Eurokopa ere irabazi ostean, gure futbola bihurtu da “Espainia” markaren ordezkari nagusia. Futbolak zein jarraipen duen aintzat hartuta, taldeen jarduera ekonomikoa zalantzan jartzeak herritarren haserrea piztu dezake. Dena den, egoera ekonomikoak eragin du futbolaren zorra geroz eta maizago sartzea Kongresuko eta Senatuko agendetan. 2003az geroztik eztabaida politikoak zein bide egin duen aztertu dugu webgunean”.

Hedabide gehiagok plazaratu dituzte futbol taldeen zorrari buruzko analisi eta grafikoak. InfoLibre webguneak, esaterako, 1999az geroztik zorrak zein garapen izan duen aztertu du. Marea aldizkariak, bestalde, Futbola: Diru publikoak finantzaturiko negozio pribatua (pdf) dossier mardula plazaratu zuen 2014an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.