The hateful eight (Quentin Tarantino)

Kameraren Atzean / 2016-01-26 / 502 hitz

Urteetan zehar estilo bereizgarria landu izanagatik bere obrek onarpen zabala izan dute nazioartean eta Hollywoodeko industriaren bihotzean bestelako diskurtsoak garatzea posible dela sarritan frogatu du. Baina, beste edozeren gainetik, celebrity bihurtu zen aspaldian Quentin Tarantino, zinemagintzatik askoz haratago doan pop fenomenoa. “The Hateful Eight” film berriak bere ospearen pareko aurreikuspenak sortu zituen hasieratik, are gehiago joan den urtean gidoia Interneten filtratu eta zuzendari estatubatuarra proiektua bertan behera uzteko zorian egon ostean.

Ennio Morriconeren soinu banda epikoa Wyomingo paraje izoztuen laguntzaile ezin hobea da filmaren hasieran, une batez badirudi konpositore entzutetsua hainbatetan maisutasunez musikatu dituen western klasikoetara hurbiltzear dagoela. Baina istorio berrian Tarantinok tentsio uneen eta geldotasunaren alde egin du,Django Unchained”en nagusi zen abenturaz beteriko kontakizunaren ordez, eta horren erakusle da musika bera. Abiapuntuak badu Reservoir Dogs”en kutsua, argumentua pertsonaien arteko gatazkaren bihotzean hasten baita; ikusleak euren arteko harremanak perspektiba mugatu baten bitartez hautematen ditu eta osotasunean ulertzeko denbora behar du. Norabide berean eragiten du istorioa kokaleku itxi batean garatzeak, modu horretan ezerezaren erdian galdutako etxe itxi batera mugatzen baititu Tarantinok mugarik gabeko nortasuna duten pertsonaiak.

Iraganeko hainbat pasadizok indarra hartzen dute istorioak aurrera egin ahala eta horrekin batera baita pertsonaien arteko elkarrizketa biziek ere. Tarantinok gertaera bakoitzari zuku guztia atera eta hartu-eman dinamikoak plazaratzeko gaitasuna mantentzen du. Umore beltzak ere presentzia handia du, betiko legez, absurdoaren muturrera iristeraino; Samuel L. Jacksonek fantasiazko sexu istorio baten bitartez Bruce Dern asaldatzea lortzen duen eszena da hauen artean aipagarriena, ezbairik gabe. Zentzu honetan, obra berriak antzerki nortasuna transmititzen du maiz; istorioaren atal bitartezko kontakizun zatikatuaz gain, kameraren fokua pertsonaien artean txandakatzen du gela bakarrean, bigarren mailan geratzen direnak koreografia koordinatu baten parte izango balira bezala.

Honaino filmak funtzionatzen du, errealitatea osotasunean hauteman ezin izatean ikusle bakoitzaren garunak interpretazio ezberdinak eraikitzen dituelako. Baina hori da, hain zuzen ere, Tarantinoren akats nagusia, etxolako pertsonaiak bertara nola iritsi diren azaltzeko flashbacka erabiltzea. Kontakizun esplizituak azalpenik eman gabe pertsonaien artean sor zitezkeen dinamika aberatsei atea ixten die.

Bukaerako odol festarekin batera komedia beltza indar eta eraginkortasun osoz berreskuratu arren, arimarik gabeko film baten aurrean egotearen sentsazioa nagusitzen da amaieran, bere obra klasikoek eragindako erreakzio kartsuetatik oso urrun geratzen den lana. Izan poza, haserrea, gozamena, sufrimendua… zinemaren xede nagusia sentimenduak transmititzea da eta pelikula osatzeko Kurt Russel, Jennifer Jason Leigh, Tim Roth, Walton Goggins… maila goreneko hainbat aktore batu dituen arren, oraingo honetan Tarantinoren lana azalean geratzen da, pertsonaietan apenas sakondu gabe, ia hiru orduko entretenimendu obra hutsean.

Azken eszenak bizitasun berezi bat ematen dio filmari, Lincolnen gutunaren bitartez pelikulan zehar jorraturiko hainbat kontzeptu modu metaforiko bezain makabroan gorpuzten baitira. Alde batetik, AEBen erretratu hipokrita eta zorigaitzekoa azpimarratzen du Tarantinok, Lincolnek aldarrikatzen zituen askatasuna eta aurrerapena, etxola barnean dena hankaz gora jarri eta elkar akabatzen duten zortzi indibiduo erretxinekin alderatuz. Hau, ordea, egungo gizartera aplikatu dezakegun printzipioa ere bada. Egoak bultzatuta ezinbestean auto-suntsipenera gidatzen gaituen gizartea eraiki al dugu? Interesgarria da halako hausnarketei erreparatzea, Tarantinoren oinarrizko planteamenduak, eta ondorioz baita ikusleen gehiengoak ere, entretenimendua lehenesten duen arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.