«Umetan konturatu nintzen huts egiten zuen zerbait zegoela»

Gotzon Hermosilla / 2016-02-26 / 750 hitz

Ertz asko ditu presoen sakabanaketak, eta horietako bat, adingabeengan uzten duen lorratza, ezkutu antzean egon da orain arte; Iglesiasek beti ezagutu du errealitate hori, eta bukatu beharrekoa dela dio.

Olatz Iglesiasek (Mexiko, 1995) ez du sakabanaketarik gabeko bizitzarik ezagutu. Orain, Haurrak eta dispertsioa izenburupean Etxerat-ek egingo duen hitzaldi sortan parte hartuko dutenetako bat izango da. Hamar hilabete zituenean, ama Nagore Mujika atxilotu zioten Parisen. Fleury, Fresnes eta Rennesko espetxeetan eduki zuten, Frantzian, eta, lehenengo garai hartan, Iglesias ere kartzelan egon zen bolada batez amarekin batera. Handik lau urtera, 2000ko otsailean, Juan Carlos Iglesias aita atxilotu zuten, Tarnosen (Frantzia). 2000ko abenduan, ama Espainiako agintarien esku utzi zuen Frantziak, eta, bost urte geroago, 2005ean, gauza bera egin zuten aitarekin

Beraz, Iglesiasen bizitza kartzelaz kartzelako etengabeko joan-etorria izan da; Frantziako bideetan barna lehenbizi, Espainiakoetan geroago, eta, 2000tik 2005erako tartean, ama Espainiako kartzela batean eta aita Frantzian preso zegoelarik, ahaleginak eta bi eginez biekin egon ahal izateko: «Ezingo nuke jakin esaten noiz hasi nintzen kartzeletara joaten; niretzat, sakabanaketa hor egon den errealitate bat izan da beti», esan du.

Aitita-amamarekin bizitzen jarri zen, Bilbon, eta, normalean, haiekin egiten zituen bidaiak umetan, trena eta bestelako garraio publikoak erabiliz gehienetan: «Baina, adinean aurrera egin ahala, sakabanaketak dakarren higadura gero eta nabariagoa zen, eta gero eta gehiago kostatzen zitzaien». Beste senitarteko batzuekin batera joaten hasi zen Iglesias. 2011n, ama aske gelditu zen, baina aita oraindik preso dago Villenan (Alacant, Herrialde Katalanak), eta Iglesiasek gidatu ohi du autoa bisitan joaten denean.

Presoen sakabanaketak umeengan uzten duen lorratza gutxitan ateratzen da argitara, baina errealitate gordina da. Iglesiasek horren kaltea jasan behar izan du jaio zenetik. Eskolan hasi zenean, esaterako, etengabeko bidaiak oztopo bilakatu zitzaizkion ikasketak normal egin ahal izateko: «Zorionez, ikasketekin inoiz ez dut arazorik izan, baina askotan gertatu zait eskola eguna galdu behar izatea, bisita egunak eta orduak ez dituelako norberak jartzen, kartzelak baizik», esan du.

Aste osoa ikasten egon ostean, asteburua bidaian ematea eta astelehenean, nekearen nekez, eskolan huts egin behar izatea egokitu zaio inoiz. Edo astelehenean azterketa izan eta bidaian egindako orduak liburu eta ohar artean eman behar izatea. Baina ikasketei bezainbesteko garrantzia ematen dio Iglesiasek arlo afektiboari, harremanen esparruari: «Nik saskibaloian jokatzen nuen, eta partidetan huts egin behar izaten nuen, edo, adibidez, ez neukan lagunen urtebetetzera joaterik. Umetan gauza horiek garrantzitsuak dira».

Mehatxuaren itzala

Milaka kilometro egin dituzte Iglesiasek eta haren gertukoek azken bi hamarkadetan. Eta etengabe hara-hona ibiltze horrek badakar ezbehar bat gertatzearen arrisku ukaezina. Mehatxu horren itzala ez da txantxetakoa: Iglesiasek gogorarazi duenez, hamasei lagun hil dira orain arte sakabanaketak eragindako istripuetan: «Guk matxurak izan ditugu, ezustekoak, baina, bidaien dimentsioa kontuan hartuta, ezer larririk ez». Ezusteko horietako azkena duela gutxi izan zuen; Villenako espetxetik bueltan, nekearen eta presio psikologikoaren ondorioz, autoa joan egiten zitzaiola nabaritzen zuen Iglesiasek. «Beti gelditzen zaizu hori buruan: orain libratu egin naiz, baina hurrengoan, zer? Gainera, orain neuk gidatzen dut, eta jende gehiago eramaten dut autoan».

Horri alderdi ekonomikoa gehitu behar zaio. Hogei urteotan, Iglesiasek eta haren gertukoek sekulako dirutza xahutu dute gasolindegietan, autobideetan, trenbideetan. Ezin kalkulatu ahalako dirutza. «Sarraski ekonomiko» gisa definitzen du Iglesiasek hori, baina, era berean, herritarren elkartasunak egoera hori samurtzen laguntzen duela dio.

Zaila da bizimodu horretara ohitzea. Umeen kasuan, batez ere errealitate hori betidanik ezagutu dutenen kasuan, hori guztia normaltzat hartzeko joera izaten da. Baina beti iristen da galderak egiten hasteko garaia: «Nik hasieran planteatu ere ez nuen egiten. Baina oso ondo gogoratzen dut, 7 bat urte nituela, bisita eduki nuela amarekin, eta, amaitutakoan, funtzionario batek eraman ninduela, eta beste batek ama eraman zuela. Nik atzera begiratu nuen, eta pentsatu nuen zerbaitek huts egiten zuela, hor bazegoela zerbait logikoa ez zena, ezta gizalegezkoa ere».

Iglesiasek nabarmendu du preso baten senide izatea ez dela aukeratzen den zerbait, eta horrek dakarren sufrimenduak ez diola adinari, sexuari edo norberaren iritzi politikoari erreparatzen: «Badirudi hauxe dela senideok ordaindu behar dugun prezioa harreman horiei uko ez egitearren. Gu prest gaude bizia arriskuan jartzeko ere maite ditugunak ikusi ahal izateko. Baina nire galdera da: noiz arte?».

Iglesiasek argi dauka sakabanaketa «erabaki politikoa» dela eta «gaur bertan» amai daitekeela, «borondatea egonez gero». Eta ez zaio buruan sartzen, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak behin eta berriro sakabanaketa amaitzearen alde dagoela adierazi ostean, gauzak aldatzeko boterea dutenak horretan tematzea. «Zer gertatzen da hor?», galdetu du.

Gaur egun egoera berean dagoen umerik ezagutzen ote duen galdetuta, irribarre mingotsa egin du Iglesiasek: «7 urteko ahizpa dut. Askotan ikusten dut neure burua harengan islatuta». Sakabanaketak ertz asko ditu, baina guztietan latzena «alderdi afektiboa» dela begitantzen zaio Iglesiasi, «umeei gurasoen maitasuna ukatzea». Eta hori bukatzeko garaia aspaldi iritsi zela deritzo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.