Euskarak mendez mende iraun du. Benetan?

Juan Inazio Hartsuaga / 2016-06-08 / 302 hitz

Egia da noski, hainbaten ahotan sarritan entzuten dugun esaldi hau. Gutun berau eta honen irakurleak lekuko, urrunago jo gabe. Halere ez da egia osoa. Beste hainbesteko egia litzateke esango bagenu euskara etengabe hiltzen aritu dela mendez mende eta duela hogei mende zuen lurraldearen zatitxo batean baino ez dela bizi gaur egun.

Irautearen kontua ederra da gure harrotasuna eta autoestima suspertzeko baina etengabeko heriotzaren kontuari bizkar emanda bizi bagara, hura aintzat hartu gabe, euskara erabat galdu arte jarraituko duen arriskupean jartzen gara. Askorentzako, etengabeko heriozpidea amaitu eta irauli egin da azken urteotan erdietsitako lorpenei esker: Euskara batua, euskarazko irakaskuntza eta komunikabideak, euskararentzako lege babesa, e.a. Halere, pentsatu beharra dago horiek gabe ere, euskarak mendez mende iraun duela gaurdaino bizirik iritsi den lurraldeetan.

Bada zerbait beraz, hizkuntzaren batasuna euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende terdi, bii mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lurra eman geniela eta honuzgero hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen.

Elebakarren oxigenoa amaitu zaigu baita euskararen lurraldeko zokorik ezkutuenean ere. Elebakarrik gabe euskararenak egingo du apurka apurka azken bi mila urteetan egin duen bezala Garonatik Ebroraino, ohiko mende parean. Noski, gaur egun ezin da ezinbesteko elebakar haren antzekorik sortu. Elebidun eta eleanitzen garai honetan hautazko elebakar funtzionala sortu behar da: euskaltzalea. Gaztelera, frantsesa edo ingelesa hitz egin arren, euskara besteen gainetik hautuz eta ohartuki hobetsiko duena bere bizitzaren egoera guzietan. Besteak baino maiteago duelako. Besteak baino bereago sentitzen duelako. Hezkuntza sistemak eta batez ere euskal komunikabide publikoetan zabaltzen diren ereduek, elkar hartuta lan egin behar dute elebakar funtzional hauek sor eta ugal daitezen. Gaur egun gehienbat sortzen diharduten elebidun indiferenteak azken eta erabateko heriotzaren ataria direlako. Azken bi mila urteotan izan ohi diren moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude