Loa amesgaizto

Ainara Arratibel Gascon / 2016-06-09 / 1448 hitz

Populazioaren %30ek insomnioa jasango du noizbait, Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera. Euskal Herrian gero eta ohikoagoa da arazoa. Adituek egoera hori aitortu dute, baina gogorarazi dute loa ez dela gauza perfektu bat, eta ez larritzea dela loezina gainditzeko lehen urratsa.

Ohera sartu, eta orduak ematen dituzte batzuek begiak bildu ezinik, batera eta bestera bueltak emanez; beste batzuek, aldiz, goizeko ordu txikietan esnatu, eta berriz ezin lo hartuta ematen dute gaua. Loezina pairatzen duten gaixoak dira. Osasunaren Mundu Erakundeak datu argigarria eman du gaixotasun horren inguruan: herritarren %30ek insomnioa jasango dute noizbait. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Herritarren Osasunaren Prebentzio eta Kontrolerako Erakunde Publikoak «milurteko berriko izurrite» gisa definitu du.

Euskal Herrian gero eta ohikoagoa dela aitortu dute Juan Jose Poza eta Maria Martin neurologoek, eta, azaldu dutenez, bada indarra hartzen ari den insomnio mota bat: pseudoinsomnioa. Ezinbestean zortzi ordu lo egin behar diren usteari dago lotuta, eta egindako lo orduen inguruan bakoitzak duen pertzepzio subjektiboarekin. Lasaitasuna eskatu dute horrekin: «Garrantzitsuena da bakoitzak behar dituen adina ordu lo egitea. Ez da komeni zortzi orduen kontuarekin obsesionatzea». Gainera, gogorarazi dute lo egiteko ohitura aproposak berriz ikasita eta behar izanez gero sendagileak agindutako botikak hartuta egoki tratatzen dela. Hala, gaixoak lasai eta ondo egingo du lo berriro.

Aditu gehienek emandako datuen arabera, lo hartzeko denborak bost eta 30 minutu artean egon behar du. Behin lo hartuta, Martinek azaldu du loa bi alditan banatzen dela: ez-REM loa eta REM loa: «Entzefalogramaren egoeragatik, jarreraren tonuagatik eta kontzientzia mailarengatik bereizten dira». Ez-REM loak, aldi berean, lau fase ditu. «Fase horiek igaro ahala, loa gero eta sakonagoa da». Behin horiek gaindituta, REM aldian sartzen da lo dagoen pertsona. «Giharretako tonua galtzen da, eta bakarrik begiak mugitzen zaizkigu». Lehen aldian gehiago gertatzen da indarberritze fisikoa, eta bigarrenean, neurologikoa: «Ez-REM fasean gorputzeko ehunak osatzen dira, eta energia berritzen da; REM fasean, berriz, gehiago gertatzen da indarberritze neurologikoa: neuronen konexioak indartu, oroitzapenak pilatu…». Fase bakoitzak ez du iraupen zehatzik. «Lo ziklo bakoitzak ordu eta erdi irauten du, eta gau osoan lau edo bost aldiz errepikatzen da».

Hala, ondo lo egiteak duen garrantziaz ohartarazi du Martinek: «Behar biologiko garrantzitsu eta integral bat da, berriz ezartzen baititu eguneroko errendimendurako beharrezkoak diren funtzio fisiko eta psikologikoak». Hori kontuan hartuta, denbora luzez behar bezala lo ez egiteak ondorioak ditu epe motzera: «Okerrago eta mantsoago pentsatzen da; arreta jartzeko gaitasuna txikiagoa da, eta memoria, okerragoa». Luzera begira, berriz, sistema immunologikoan eduki dezake eragina. Hala baieztatu du Martinek: «Nahasi egiten du, eta, hori dela eta, arrisku handiagoa dago infekzioak izateko».

Gainera, bihotzeko arazoak izateko aukera handiagoa dago. «Hainbat ikerketa patologikok, halaber, erakutsi dute lotura izan dezakeela minbiziarekin, sistema immunologiakoan eragindako asalduaren eraginez. Gainera, azukrearen metabolismoan arazoak edukitzeko aukera gehiago daude. Gorputzeko sistema guztiak desorekatzen dira».

Insomnioaren arrazoiak

Baina zergatik gertatzen da loezina? Martinek nabarmendu du arrazoi askorengatik gertatzen dela, eta bi motatan bereizten direla: primarioa eta sekundarioa. «Primarioen kasuan, arazoa, batez ere, lo hartzeko orduan gertatzen da; sekundarioen kasuan, berriz, lo horri eusterakoan. Gehienetan, bi motatakoak batera gertatzen dira».

Primarioen artean daude psikofisikoa, idiopatikoa eta pseudoinsomnioa. Tentsio handiarekin bizi direnek izaten dute psikofisikoa. «Hainbesteko tentsioa dute gorputzean, kosta egiten baitzaie lo hartzea». Idiopatikoa umeek izan ohi dute, batez ere. «Lo hartzeko ohiturak behar bezala ez barneratzeagatik gertatzen da». Hiruren artean, ordea, pseudoinsomnioak eragiten dio Martini kezkarik handiena, baita Pozari ere. «Gutxi gorabehera, populazioaren %5ek pairatzen du dagoeneko. Arazo hori dutenek uste dute zortzi ordu baino gutxiago lo egiteagatik ez dutela behar beste lo egin. Horren ondorioz, kezkatzen eta larritzen hasten dira. Hala, gurpil zoro batean sartzen dira, eta benetako loezina agertzen da». Horri lotuta, oharra egin du Martinek: «Gaur egun, jendeak zortzi ordu egon nahi du ohean, eta zortzi ordu horiek lotan eman. Baina bada jendea bost ordu lo egin eta ondo dagoena. Gainera, normala da kezkaren bat edukiz gero egun batzuetan behar bezala lo ez egitea, edo noizean behin gau txarren bat pasatzea». Bat dator horrekin Poza: «Loa zerbait perfektu izatea nahi dugu, baina hori ez da beti posible». Hala, Martinek berretsi du ez dela komeni behar baino denbora gehiago ohean ematea. «Gehiegizko ordu horietan egiten den loa kalitate apalekoa izaten da, azalekoa».

Loezin sekundarioa, berriz, ingurumenari lotutako arrazoiengatik gerta daiteke: lanean txanda diferenteak izatea, bidaiaren bat, logelako tenperatura… Horien artean dago, era berean, gaixotasunei lotutako insomnioa. Gaixotasun horien artean aipatu ditu Martinek depresioa, antsietatea, parkinsona, dementziak, bihotzeko arazoak, arnasa hartzeko arazoak eta beste.

Ingurumen faktoreen artean, bada faktore erabakigarri bat: argia. Izan ere, erritmo zirkadianoa erregulatzen du. Erritmo horrek 25 orduko iraupena du, eta burmuinak programatzen du. «Lo eta esna ematen ditugun orduak ezartzen ditu. Hala, argi gutxi dagoen garaietan, lo egiteko behar handiagoa dago, eta, argi asko dagonean, gutxiago. Horrenbestez, udan lo gutxiago egiteko joera dago».

Bestalde, bada beste faktore bat loezina edukitzeko joera areagotzen duena: adina. Martinek gogorarazi du loaren fisiologia aldatuz doala urteak bete ahala. «Ordu gehiago ematen ditugu ohean, baina denbora gutxiago egiten dugu lo. Izan ere, loari eusteko sistema nahasi egiten da. Hala, zatikatu eta gutxitu egiten da loa». Asaldatze horri lotuta, beste bi arrazoi ere aipatu ditu: «Egunez jarduera fisiko eta kognitibo txikiagoa egiten da, eta, beraz, lo gutxiago behar da indarberritzeko. Gainera, eguneko ordutegia erregulatzeko arazoak daude. Egunez siesta gehiago egiten dituzte, pare bat lo kuluxka, eta lehenago joaten dira ohera. Beraz, normala goizean lehenago esnatzea eta gauean lo ezin hartzea».

Lo egin ez izatea arazo bat dela esateko epeari dagokionez, ez dute eman denbora jakin bat. «Eguneroko bizitzan eragina duenean, esan daiteke arazo bat dagoela», esan du Martinek. Dena den, bi hilabete baino gehiago luzatuz gero sendagilearengana joateko gomendatu dute.

Tratatzeko orduan garrantzitsuena loezina eragiten duen arrazoia behar bezala identifikatzea dela nabarmendu du Martinek: «Hala, tratamendu egokia emango da. Adibidez, zango geldiezinen sindromeak eraginez gero, hori tratatu beharko duzu. Burdina faltak eragiten du sindromea; beraz, burdina emanez hobera egingo du gaixoak, eta lo egitea lortuko du horri esker».

Lo egiteko botikak hartu behar izanez gero, zenbat eta gutxiago erabili hobeto dela uste dute biek. Zenbaitetan ezinbestekotzat jo ditu Pozak; batez ere, lehen asteetan. «Ohera goazenean lo hartzen den sentipena indartzeko balio behar dute». Kontuan izan behar da denborarekin eragina galtzen dutela. «Hori dela eta, botika aldatu behar izaten da». Gainera, nabarmendu du tratamendu horiek ezin direla egun batetik bestera kendu. «Hori ondo kontrolatu eta egokitu behar da; horregatik, mediku batek aginduta hartu behar dira». Botiken aukera handia dela azaldu du. Botikak hartu behar izanez gero ere, pazientzia izateko eskatu du: «Jendeak ez dezala pentsa egun batean botika hartu eta ondo lo egiten hasiko denik».

Badira, gainera, farmakologikoak ez diren tratamenduak: jokabide terapia kognitiboak. «Terapia horiek oso aproposak dira pseudoinsomniorako, baita loezina dela-eta ohera joateko dugun beldur hori gainditzeko ere». Lo egiteko ohitura onak berrikasten dira halako terapietan. «Horren helburuak izan behar du gaixoak berriz eraikitzea eta indartzea ohearen eta loaren artean egiten duen lotura. Izan ere, askotan, insomnioa duten pertsonei zera gertatzen zaie: egongelan lo hartzear egon eta, gelara sartu orduko, urduri jarri eta ezin lo hartu egotea».

Hala, lo egitera joateko unea prestatzen ikasi behar da. «Egunerokoak eragindako tentsio hori arindu egin behar da ohera joateko, gustukoa eta lasaigarria den jarduera bat eginez: irakurri, musika entzun… Hala, burmuinari seinaleak ematen dizkiogu lotara joateko ordua iristen ari dela». Ezinbestekoa da logelako giroa eta ohea ere egokiak izatea.

Terapia eta botika bidezko tratamenduak uztartzearen alde agertu dira biak. «Horien bidez, loezina kontrolatua egongo da aste gutxian. Hor ere pertsona bakoitza diferentea da. Batzuek, esaterako, hamabost egun behar izaten dituzte, eta, beste batzuek, bi hilabete».

Bestelako tratamenduak

Badira insomnioa tratatzeko bestelako tratamenduak hartzen dituztenak. Horien artean ezagunenak homeopatia eta sendabelarrak dira. Homeopatiaren kasuan, Martinek aipatu du izan dezakeen eraginkortasunaren faktore garrantzitsuenetakoa plazebo efektua dela.

Sendabelarren kasuan, Pozak gogorarazi du botiketako asko belarren substantzietatik lortzen direla. «Gero, laborategietan kimikoki tratatzen dira».

Sendabelarretan aditua da Nekane Martiarena. Haren arabera, loezinerako sendabelarrak erabiltzerakoan, insomnioa nondik datorren jakin behar da. «Dena den, badira ia kasu gehienetan erabiltzen diren batzuk: ezki lorea, belar bedeinkatua, melisa, pasiflora eta izpilikua».

Melisa, pasiflora eta izpilikua egunean zehar hartzea gomendatu du. «Infusio bat baino gehiago har daitezke, gainera». Bestalde, ezki belarra eta belar bedeinkatua ohera joan baino lehen hartzea aholkatu du: afalostean. «Lo egin ezin izateak eragiten duen antsietatea eta larritasuna apaltzen dute».

Martiarenak ere ez du loezina sendatzeko eperik eman nahi izan. «Kontuan izan behar da gure gorputza ez dagoela beti berdin; horren ondorioz, sendabelarren eragina ez da beti berdina. Gainera, pertsona bakoitza diferentea da. Hau ez da zientzia zehatz bat».

Aitortu du agian botiken bidezko tratamendua azkarragoa dela sendabelarrekin egiten dena baino. «Azken batean, kimika kimika da. Agian, azkartasuna nahi den gizarte honetan, hori nahi du jendeak». Gainera, lan gehiago eskatzen dute. «Infusioa egin behar duzu».

Sendabelarren erabilera kritikatzen dutenen inguruan hau esan du: «Bakoitzak erabakiko du zer nahi duen eta zertan sinesten duen. Betidanik existitu eta erabili izan dira. Ez balute funtzionatuko, ez litzateke halakorik gertatuko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.