Eskolako etxerako lanen ertzak

Nerea Agirre / 2016-11-25 / 720 hitz

Etxerako lanen gaia puri-purian dago azken asteetan. Hezkuntzak gizarte eta mundu ikuskera bat biltzen du bere baitan, eta asmo jakin batez eragiten du. Beraz, hezkuntzaren esparruan ere geure burua nonbait eta nolabait kokatu beharko dugu.

Nahiz eta batzuetan, nonbait kokatzeak, hau da, politikoki kokatzeak ezinegona sortzen digun. Mondragon Unibertsitateko ikaste-irakaste prozesuak guneko kide gisa, eta lankide batzuen ikuspegia ere testuaren barnean bilduz, mahai gainean dagoen gaiaren inguruan gure ikuspegia partekatu besterik ez dugu egin nahi hurrengo lerroetan.

Zaila egiten zaigu etxerako lanen gaia eskolak jokatu beharreko funtzio sozialen eztabaidatik at lantzea. Etxerako lanen afera, esaterako, ikaste-irakaste prozesuen inguruan ditugun sinesmenekin estuki loturik ikusten ditugu. Urte luzez, kulturalki oso onartuta egon dira ikasteari buruzko hainbat irudikapen: adibidez, ikasketak burutzen zituenak lana errazago eta lan hobea aurkituko zuela; zenbat eta gehiago saiatu orduan, eta emaitza hobeak lortzen direla; eta abar. Egoera soziohistoriko eta kultural zehatzetan kokatu behar dugu sinesmen horien jatorria —adibidez, gure testuinguru hurbilenera ekarriz, industrializazio garaiaz lotuta—. Beraz, lan ikuskera eta mundu ikuskera produktibistari erantzuten dioten sinesmenak direla pentsatzen dugu, eta, beraz, beharbada, egungo gizartearen ezaugarri eta gizarte erronka berriak kontuan izanda, eraldatu edo errebisatu beharrekoak. Ildo horretatik, eskolako etxerako lanen zertarakoan jarri nahi dugu arreta. Zertarako eskolako etxerako lanak? Zer lortu nahi da? Kasu askotan, «eskolan amaitzeko denbora eman ez duelako» izan ohi da arrazoia. Beraz, curriculumaren izaeraz lotutako arazo bategaz egiten dugu topo. Zergatik ez du ematen denborarik eskola orduetan zehazturiko curriculuma lantzeko? Egun, Curriculuma ohiko edukietan barik, konpetentzien nozioaren inguruan eraikitzen da, konplexua den, baina era berean potentzialtasun handiak dituen konpetentzien kontzeptuaren bueltan. Oinarrizko konpetentziak bizitzako arlo, eremu eta egoera ezberdinei erantzuteko giltzarria direla uste dugu, eta, beraz, edukien paradigma gaindituz, hezkuntza testuinguru eta prozesu orotan horiek izan beharko liratekeela helmuga eta erreferente. Irakaskuntzan ardazturiko prozesuetatik ikaskuntzan zentratzera pasatuko ginateke, eta ikasleei plangintza, erritmo, gaitegi eta edukietara «egokitzeko» eskatzetik, agertoki anitz aurreikusi eta egoera berriei aurre egiten ikasteko testuinguruak eta esperientziak sortzea litzateke eskolaren funtzioa.

Urteetan zehar bidali diren eta bidaltzen diren etxerako lanen izaerari erreparatuz gero, gehiengo handienak ariketa memoristikoa eskatu ohi dute (ikastea, barneratzea, ulertzea…), eta, horren aurrean, zaila iruditzen zaigu ariketa horren bidez. Ariketa memoristikoak ez diren kasuetan ere umeak eginbehar modura hartzen du, ez da harentzat batere esanguratsua egin behar duen hori. Ez dago haren partetik barne motibaziorik. Motibazio bakarra da lotzen da etxeko lanak ez egitearen ondorioekin. Erresistentzia azaleratzen du gurasoen aurrean, adibidez, «ez duela ulertzen egin beharrekoa, beranduago egingo duela, gurasoak ez duela ulertzen irakasleak eskatzen duena edota nekatuta dagoela» esanez. Egin behar horren aurrean, gurasoek ez dute aterabiderik, umeari etxeko lanak egiteko presio egin, eta ahal duten heinean lagundu. Esperientzia, sarri askotan, modu deserosoan bukatzen da, gurasoak haserre eta umea ere bai. Zer lotura egiten du umeak etxeko lanen inguruan? Ba, kasu gehienetan, azterketen inguruan egiten duen antzekoa, hots, negatiboa. Eta zer lortzen dugu helduok horrekin? Ba ezagutza plazer moduan ulertu beharrean, esperientzia aberasgarria, interesgarria, betegarria izan daitekeela sentitu beharrean, umeak esperientzia aspergarri, estresagarri, gogaikarria, neketsu, interes gabeko modura bizitzea. Ondorioa, helduaren presiopean ez dagoenean ezagutza saihestea ahal den heinean.

Vygotskyk ere, aspaldi ikertu eta ondorioztatu zuen ikaste prozesuak eta gizabanakoaren garapena bereizi ezinak zirela. Eta egun frogatuta dago pertsonen garapena testuinguru ezberdinetan dituen bizi eta harreman esperientzia eta bizipenekin loturik dagoela. Ildo horretan, kalitatezko hezkuntzaren markoa eta beharra azpimarratu nahiko genuke, kalitatea bazterketarik eza ziurtatzeko elementu gako gisa ulertuz. Ikasle bakoitzak bere gaitasun, potentzialtasun eta aukerak ahal bezainbeste garatu beharko lituzke; horrek lotura dauka ikastetxeetan hori ahalbidetzen duten testuinguruak sortzearekin. Etxean denbora eskaintzea, norbaiten laguntza jasotzea, baliabideak erabiltzea eskatzen duten etxerako lanak bidaltzen jarraitzen badugu, sistemaren beraren desorekak erreproduzitzen jarraituko dugu. Adibidez, etxean baliabide teknologikorik eduki ezin dituzten ikasleekin zer egiten dugu? Etxeko hizkuntza eta eskolako hizkuntza bat ez datozenean? Etxeko testuinguru eta giroa zereginei erantzuteko egokiena ez denean? Etxean dauden helduek beste zeregin edo beste lehentasun batzuk dituztenean? Askotan, aukera berdintasuna bermaturik ez dagoela sumatzen dugu.

Eskolaz kanpoko bestelako eremuetan ere, esaterako, familian, kalean, herrian, lagunartean, aisialdirako espazioetan eta abarretan, uste dugu espazio eta denbora gehiago utzi beharko geniekeela gure haur eta gazteei ikaskuntza esperientzia esanguratsuak bizitzeko; ahaztu gabe helduok ere badugula horren beharra eta eskubidea. Beraz, momentu ezin interesgarriagoan aurkitu gaitezke hezkuntza komunitatea osatzen dugun agente eta eragileok «etxerako lan» honi heldu eta eskolaren funtzioak elkarrekin birpentsatzeko.

Ildo hori azaltzeko, interesgarria iruditzen zaigu Pepa Gisbert-en Amalgama de experiencias escolares: los deberes, necesarios para repensar la escuela artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.