Eider Hormaetxea: “Arrisku-Egoerek Ez Dute Zertan Menpekotasun Batean Amaitu Behar”

Gaztebaerri / 2017-02-03 / 843 hitz

Etorkintza Elkargoak, Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzarekin elkarlanean, gazteekin ausazko jokoen eta apustuen erabilerari buruzko sentsibilizazioa lantzeko ‘Jokover’ izeneko bideo-jokoa prestatu du.

Eusko Jaurlaritzarekin batera gazteen artean zorizko jokoen erabileraren arriskuaz ohartarazteko bideo-joko bat egin duzue. Zertan datza jokoa?
Jokoa 13 eta 22 urte bitarteko gazteei bideratuta dago eta horren xede nagusia zorizko edo ausazko jokoen eta apustuen erabilerari buruzko sentsibilizazioa lantzea eta horiek erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak gutxitzea da.

Jokoaren dinamika nahiko erraza da. Jokalariak bere ikaskideekin ikasketa-bidaiara joateko 500 euro lortu behar ditu. Horretarako, ataza batzuk bete beharko ditu baina hautatzen diren aukeren arabera ‘lagunak’, ‘familia’ eta ‘egoera emozionala’ egoera-barrek gora edo behera egingo dute. Irabazteko, aipatu diru kopurua lortu behar da, baina, aldi berean, aipatu barra horiek ere gutxieneko maila batean mantendu behar dira. Azken finean, bideo-jokoaren bitartez ondasun materialen eta bizitza sozial zein ongizate emozionalaren artean oreka bat mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu nahi da.

Nola edo non lor daiteke jokoa?
Jokoa deskargatu behar da. Ordenagailuetan deskargatzeko aukera dago, Linux, Windows zein Mac sistema eragileetarako. Era berean, Google Play eta App Storen ere eskuragarri dago gailu eramangarrietarako. Jokoa euskaraz zein gaztelaniaz deskarga daiteke.

Bideo-jokoarekin batera, unitate didaktiko bat ere prestatu duzue.
Bai, hala da. Unitate didaktikoa Berritzegune Nagusiarekin batera egin dugu. Unitate horren bidez jokoan azaltzen diren edukiak modu egituratuago batean garatu nahi izan ditugu. Jokoaren tresna osagarri bat da eta gai horren inguruan diren alderdi desberdinak lantzeko aukera ematen du.

Zein neurritaraino dira arriskutsuak zorizko jokoak? Zein nolako ezaugarriak ditu horrelako menpekotasun batek?
2013. urtean Valentziako Unibertsitateak eta Codere Fundazioak egin zuten ikerketa baten arabera, Estatuko adingabeen % 18 inguruk online apustuak egiten zituen. Gazteen % 8rentzat horrelako jokabideak, gainera, ohikoak dira.

Bestalde, Ana Estévezek egin zuen “Gazte eta nerabeen artean joko patologikoaren mendekotasunezko jokabideak errazten dituzten faktoreak” ikerketan joko mota horrek sortzen dituen arazoen sorreran, besteak beste, oldarkortasuna, sentsazioak bilatzea eta zirraren erregulazioa bezalako faktoreak aipatzen dira.
Izan ere, teknologia berrien garapenari esker online jokatzeko aukerak biderkatu egin dira eta horrek menpekotasun arazoak sortzeko aukerak biderkatzen ditu. Gaur egun, edozein gaztek du edozein momentutan eta edozein lekutik konektatzeko aukera. Bestalde, online jokoek anonimotasuna ahalbidetzen dute eta faktore horrek ere mendekotasuna sortzeko aukerak biderkatzen ditu.

Nola bereiz daitezke gehiegizko erabilera edo kontsumo bat eta menpekotasuna? Hau da, non dago menpekotasun arazo baten aurrean gaudela zehazten duen lerroa?
Bereizketa hori egitea ez da gauza erraza. Oro har, menpekotasunaz hitz egiten dugu jokabide batek gure bizitza modu zabal batean baldintzatzen duela ikusten dugunean; gure bizitzaren ardatz bilakatzen denean. Menpekotasuna, nolabait esanda, azken etapa bat izango litzateke. Baina hara iritsi baino lehen badira arazo baten aurrean izan gaitezkeela adierazten duten zenbait pista. Zorizko jokoaren kasuan, adibidez, adingabe bat etengabe Interneten bada eta apustuak egiteko orrialdeetan sarritan sartzen bada; eskolako emaitzetan joera negatibo bat ikusten bada; gero eta bakartiagoak direla ikusten bada edota diru eske etengabe aritzen bada, hor arazo bat izan daitekeela ikus daiteke. Dena den, arrisku jokaera guztiak ez dira berdinak. Badira zenbait jokaera adinaren araberakoak direnak. Azken finean, nerabetasuna esperimentaziorako garaia ere bada. Horregatik, ez da ausazko jokoen edo apustuen erabilera dramatizatu edo kriminalizatu behar. Hala ere, jokaera batzuk positibotzat jo badaitezke ere, beste batzuk guztiz kaltegarriak izan daitezke (gezurretan aritzea, dirua lortzeko lapurretak egin…) Dena den, nerabetasunean oso zaila da menpekotasunak izatea; normalean arrisku-jokaeraz hitz egin beharko genuke.

Etorkintza Elkargoan, joko eta apustuek sor dezaketen arazoak ez ezik, bestelako menpekotasunak ere jorratzen dituzue. Zein nolako lana egiten duzue?
Etorkintza Elkargoa 1984. urtean sortu zen eta, beraz, 32 urteko ibilbidea du. Hasiera batean, drogamenpekotasunaren arazoari aurre egiteko sortu zen baina ondoren bere lana bestelako menpekotasunetara ere zabaldu da. Gainera, menpekotasun arazoak ez ezik, osasun mental arazoak eta gizarte-bazterkeria ere lantzen ditugu. Gazteen esparruan, bereziki prebentzio eta detekzio goiztiarrerako zerbitzu bat dugu. Nerabeentzako eta bere familientzako berariazko zerbitzu bat eskaintzen dugu. Bertan, arrisku-egoerak (droga kontsumoa eta bestelako jokabide arriskutsuak) dituzten gazteekin eta bere familiekin egiten dugu lan. Kasu gehienetan droga kontsumo arazoak izaten dira baina horiekin batera, sarritan, bestelako jokabide arriskutsuak ere azaltzen dira, hala nola, delituak, arazo legalak, borrokak…

Prebentzio lana ere funtsezkoa da guretzat. Zentzu horretan 150 ikastetxerekin egiten dugu lan, bai gazteekin zuzenean tailerren bidez, bai guraso zein irakasleekin.

Drogamenpekotasunak direla eta gazteen artean zeintzuk lirateke gehien lantzen dituzuen arazoak?
Drogamenpekotasunen arloan gazteek kanabisa normaltasun osoz kontsumitzen dutela ikusi dugu. Gure ustez, gazteek mito gehiegi dituzte droga horren inguruan eta eragin negatiboak ere badituela jakin behar dute, bereziki, egunero kontsumitzen bada. Zentzu horretan, gure xedea ahalik eta informazio objektiboena ematea da. Gazteek, normalean, Kanabidaren kontsumoaren alde positiboak bakarrik ikusteko joera azaltzen dute.

Apustuak, jokoa, drogak… Zer egin daiteke gazteen inguruan diren arrisku egoera horiek guztiak murrizteko?
Esperimentatzea ez da gauza txarra eta gaztea zarenean egin beharreko gauza bat da. Esan dudan bezala, arrisku egoera horiek normaltasunez ikusi behar dira, kasu gehienetan horien ondorioz ez baita menpekotasunik sortuko. Gazte gehienek bizitza ‘normal’ bat izango dute nahiz arrisku egoera desberdinak bizi. Egoera horiek menpekotasunean ez amaitzeko gazteek ahalik eta informazio objektibo gehien izan behar dute, moralizatzailea ez dena. Bestalde, erabakiak hartzeko konpetentziak ere landu beharko lirateke, autoestimua, zirrarak… Hori esparru guztietan egin beharko litzateke: eskolan, familian, gizartean… Familian, adibidez, funtsezkoa da komunikazioa lantzea, arauak jarri. Ikastetxeetan ere emozioak landu beharko lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.