Ez lasaitu, Marlon

Martxelo Otamendi / 2017-03-29 / 285 hitz

Azken hatseraino egin duk borroka, Hasier, DNAn heraman menderaezintasunarekin. Azken egunetan ere ibili haiz galdezka zehaztasunez egoera bera bizitakoei; itxaropenari lepotik heldu eta aurrera segitzeko asmoarekin.

Hire presentziarik gabeko saltsarik ez duk egon azken hamarkadetan gurean, ez behintzat gure herriarekin, kulturarekin eta euskararekin zerikusia baldin bazuen. Denetan egon haiz, jakinda nekeza eta ondorioduna izan zitekeela. Helduen euskalduntzean, ETBn hasieratik, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran, literaturan idatziz eta dibulgatuz, artean, sukaldaritzan, Interneten… Tekla asko jotakoa haiz, eta hagoenean ere segituko duk jotzen, lasaitzeko moduan ez gaudela jakitun.

Literaturarekin gozatzen huen, eta, Frantziako kanalak erreferentzia, sufritu telebistan berritzea zein konplexua zen ikustean. Zopa Handi aitzindaritik, zenbat hedatu den harrezkeroztik sukaldaritza telebistetan, Fahrenheit kulturaino, eta atzetik etorri zituan guztiak. Nekez joango zaizkiguk erretinatik Fahrenheit saioan erabiltzen huen aulki luze eta zuri hartan landutako gaiak, proposatutako eztabaidak, kultur abangoardiari irekitako ateak; aulki luze eta zuri hark ederki asko erakutsi ziguan geroago prime time esaten diogun horretan kultura duintasunez landu litekeela.

Babel saioan egin genian topo, heu aurkezle honen zuzendari. Suizida izan beharra zagok telebista saioaren lantalde berean Pako Aristi, Felipe Juaristi, Ines Intxausti eta neu jartzeko. Izerdi latzak bota hituen, geroztik beste batzuek egin duten bezala, kamera aurrean mantsoago hitz egin nezan. Amore eman nahi ez eta, gogoratzen al haiz egoskorretan egoskorrena, mihi azpian boligrafo bat jarrita ariketak egiteko esan hidan unea? Hortxe bukatu huen nire aurkezle ibilbidea, besterik ez nian behar, boligrafoa ahoan sartuta ibiltzea. Ez diat sekula barkatuko.

Errebeldea, kausarekin, izan haiz, Marlon. Errebeldia horrek eraman hau, modu finean esanda, karakter sendoa edukitzera. Amestu huen herria erabat libre ikusi gabe joan haiz. Gure aurrekoengandik jasotako nahi eta konpromiso horri eutsi diok bizitza osoan, eta horretan segituko diagu geratu garenok. Hik ere horrelaxe egingo huen. Ez gaituk lasaituko.

Garfunkel.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.