Hasier Etxeberria . Idazle artean zebilen idazlea

Iñigo Astiz / 2017-03-30 / 431 hitz

Umetatik aritu zen idazten, eta ‘idazle psikotikotzat’ definitu izan zuen bere burua Hasier Etxeberriak. Argitaratuta utzi duen literatura lan sorta da horren froga.

Okerrena da liburu honen ostean, haren itzalean geldituko direla idatzi ditudan gainontzeko liburu guztiak». Kontziente zen Hasier Etxeberria bera ere Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuan egindako lanak izango zuen oihartzunaz, eta horregatik egin zuen aipamena erdi brometan eta erdi serio 2002an Iruñean egindako liburuaren aurkezpenean. Idazle artean aritzea zuen lanbide, eta Joseba Sarrionandia, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirre idazleekin izandako solasaldiak bildu zituen bertan, baina ibilbide oparoa egina zuen berak ere literaturan. «Zer idatzi ez izateak erotu egiten nau». Horregatik «idazle psikotiko» izendatu zuen bere burua inoiz, eta horren froga dira argitaratuta utzitako bost eleberri, hiru narrazio bilduma eta gazteentzako bi lanak.

Idazle jaio zenik ezin esan, baina kasik. 9 urterekin argitaratu zituen bere lehen lanak, Umeen deia argitalpenean, eta 14 urterekin euskara ikastaroak ematen zebilen ja. Etxetik zetorkion gosea: «Gure haurtzaro hartan euskara asunto politikoa zela, eta herri bakoitzean bazeuden bi edo hiru ero euskara salbatzeko prest. Eta ero horien artean, ba, Elgoibarren nire aita zegoen». Euskara zaletasun horretan, beraz, bere literatur zaletasunaren hazia.

1984an argitaratu zuen bere lehen literatura liburua: Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (Elkar), eta nagusiki ipuingile kontsideratzen zuen bere burua hasieran. Denborarekin nobelarantz lerratu zen, ordea, eta nagusiki alor horretan aritu zen azken hamarkadan. 2003an argitaratu zuen Eulien bazka (Susa), 2005an Mutuaren hitzak (Susa) eta 2007an argitaratutako Iturrino Handia (Susa) da kaleratutako bere azken lana. Idaztean gero eta libreago sentitzen zela adierazi zion ordukoan BERRIA egunkariari. «Konturatzen naiz gero eta jaramon gutxiago egiten diedala presioei».

Libre idaztea

Ipuin antologia batzuetatik kanpo gelditu izanak min egin ziola onartua zuen, baina sorkuntzan jartzen zuen berak arreta.«Idazteak ekarriko duenaz kezkatu gabe idaztea egokitu zaio gure beulaunaldiari». Polizia generoa landu zuen azken liburuetan nagusiki, baina generoari zirrikituak bilatuz betiere, eta maiz errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lausotzera jokatuz. «Idazterakoan, plazer handia da, niretzat, apurketak egitea, neure inbentotxoak sartzea nobelan, eta horrelakoak zenbat eta arlo gehiagotakoak izan hobe».

Kritikarik ere ez zuen ezkutatu. Euskal literatura «geza» iruditzen zitzaiola esan zuen, esaterako, Eulien bazka argitaratu berritan. «Liburu asko irakurri behar izaten ditut, baina oso gutxi dira benetan gustuz hartzen ditudanak. Ez azken urteetan bakarrik. Aspaldian. Sistema oso bat egotea ona iruditzen zait, beharrezkoa, baina, zintzotzen eta zentzutzen bagara, ikusi beharko dugu ez garela hainbesterakoak. Beste leku batzuetan ere ez diren bezala, Espainian adibidez».

Gaixoaldian ere azken unera arte heldu zion literatur zaletasunari. Bere buruaz harriturik idatzi zuen duela hilabete aitortza sarean: «Ez daukat idazteko gogorik eta, okerragoa, irakurtzekorik ere ez. Nire bizitzako bi makulu handi horiek gabe, zurtz nago». Irakurtzea eta idaztea zituen bizigarri. Idazle arteko idazle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.