Maialen Unanue / 2017-03-24 / 691 hitz
Bere hirugarren nobela argitaratu du Juanjo Olasagarrek: ‘Poz aldrebesa’. Elkarrekin hemeretzi urte daramaten bi gizonen harremanetik abiatu du liburua, munduaren analisia «gaytasunetik» eginez.
400 orri baino gehiagoko nobela ondu du Juanjo Olasagarrek, Poz aldrebesa (Susa), bere hirugarrena, eta «agerikoa» irudi dezakeena defendatuz hasi du liburuaren aurkezpena: nobela bat egin nahi zuela, alegia. «Defendatzen dut nobela edo fikzioa errealitatea argitzeko, [Honore de] Balzacek eta gero [Rafael] Chirbesek jaso zuten hura: nobela ispilu bat da, eta gertatzen dena jasotzen du». Horretan saiatu da Olasagarre, eta oreka bilatzen saiatu da pertsonaien baitako zein kanpoko elementuen artean: «Interesatzen zait barrua nola ageri den kanpoan, eta kanpoa nola ageri den barruan. Eta horrek nola behartzen dituen pertsonaiak». Susako editore Gorka Arreserekin eta EAEko ararteko ohi Iñigo Lamarcarekin aurkeztu du nobela —Iruñean eta Bilbon ere aurkezpen bana egingo du, apirilaren 8an eta 29an, hurrenez hurren—.
Hain zuzen ere, Bilbo eta Iruñea dira nobela gertatzen den kokaleku bi; San Frantzisko ere agertzen da, «bai Bilbokoa, bai AEBetakoa». Hogei urte inguruko tartean girotu du liburua, 1992tik 2015 ingurura, gutxi gorabehera. Elkarrekin hemeretzi urte daramate Axi Iminizalduk eta Joseba Aldazek; telebistako kazetaria eta buletin ofizial baten itzultzailea dira, hurrenez hurren. Hari nagusia horien ingurukoa izanik ere, dezente gehiago dira ageri diren pertsonaiak; «presentzia handia» dute dozena batek.
Iminizalduren eta Aldazen betaurrekoetatik begiratu dio munduari: «Istorioak interesatzen zaizkit, baina ikuspegi bat edo erreflexio bat adierazi nahi nuen». Hainbat gai ukitu ditu nobelan, hainbat hausnarketa egin ditu «gaytasunetik», baina horrek ez du esan nahi, haren esanetan, nobela gay bat denik: «Bi gauzak defendatzen ditut: nobela gay bat da, baina ez da nobela gay bat. Gay partikulartasunetik unibertsaltasuna kontatzen saiatu naiz: balio izan dit nire munduaren izkina horretatik munduaren irakurketa oso bat egiteko».
Alde horretatik, «gay batzuen» gorabeherak kontatu ditu, «belaunaldi oso konkretu batekoak»: «Pertsonaia batzuk, gutxienez, gaytasunaren bidez, mundua aldatu edo hobetu nahi zuten belaunaldi edo talde batekoak dira». Horrekin lotuta, ariketa hori bera egin zuen Paco Vidarte idazlea (Sevilla, Espainia, 1970 – Madril, 2008) aipatu du Olasagarrek: «Etica marica saiakeran planteatu zuena izan zen marika batek —hori baita guk ere EHGAMen aldarrikatzen genuen hitza— nondik ikusten duen mundua, eta nola elkartzen den ingurukoekin, gero». Saiakera hura «nolabait, eraldatu» eta bere egin duela dio.
Elipsiak saihestuz
«Hizkuntza garatzera, esaldi luzeak egitera eta barrutik agertzera jo dut, eta behartu egin dut literatura edo nobela errealista deitzen dena». Olasagarreren ustez, nobela bat ontzat edo kalitatezkotzat jotzen denean uste izaten da neutroa dela, baina kalitatezko izenondo horren azpian ideologia bat ezkutatzen da: «Sinplifikatzen ari naiz, baina kalitatezkotzat ditugu burgesiaren konfliktoak agertzen dituztenak, gizon heterosexual zuriei buruzkoak edo andreari adarrak jartzen dizkietenak…».
Beste estetika bat adierazteko, «mundua gay ikuspegitik adierazteko», kalitatearen estetika hori «behartu» egin behar da, haren ustez: «Zergatik? Gay nobela arruntak eta, nolabait, gaytasuna gainditzen duten nobelak berriki hasi direlako funtzionatzen. Gayen nobela asko irakurri ditut, eta antropologia baino ez ziren». Alde horretatik, estetika behartu egin duela nabarmendu du, «neurri batean, hizkuntza bortxatuz edo, eta elipsiari uko eginez». Izan ere, uste du elipsiek «ideologia dominanteari» atea irekitzen diotela: «Istorio bat erdi kontatuta uzten baduzu, neurri batean, airean dagoen ideologiaren bidez irakurtzen du irakurleak».
Amodioek, sentimentuek eta zaintzak pisu nabarmena dute nobelan. «Literatura femeninoaren barrukotzat» hartuak direla ohartarazi du Olasagarrek, baina berak ez du uste hala direnik; nobelan landu ditu, batetik, garrantzitsutzat dituelako eta, bestetik, gaiok gizonentzako ere aldarrikatu nahi dituelako. Hala, pertsonaiak horien inguruan hausnarrean jarri ditu.
Zoriontasunaz gogoetatu du izenburuarekin. Batetik, kontatu du lagun batek Sara Ahmeden The promise of happiness liburua aholkatu ziola: «Saltzen diguten zoriontasuna desmuntatzen eta feminismotik aztertzen du». Bestetik, «beti» izan omen ditu «arazoak» zoriontasunarekin. Eta, azkenik, lagun bat hartzen ari zen botika batek —prednisona, kortikoide bat—eman zion izenbururako aitzakia: «Albo efektuen zerrendan jartzen zuen, besteak beste, zoriontasun desegokia eduki dezakezula: kabreatuta deitu zidan lagunak, ia nork esan behar zion bere zoriontasuna egokia edo desegokia zen».
Nobelak zapore «garratza, baina alaia» uzten du amaieran. «Bizitza, nondik begiratzen duzun, kaka zaharra izan daiteke, baina saiatu naiz miseria horretan poz distirak sartzen». Horrekin lotuta, iraganetik orainera eta alderantziz jauzi etengabeak egin arren, ez du uste nostalgiarik dagoenik liburuan.
Bere lehenengo nobela, Ezinezko maletak (Susa, 2004) eta Poz aldrebesa elkarren osagarriak dira, haren ustez. «Hura baldin bazen identitate nazionalaren inguruko erreflexio bat, hau bestelako identidade batzuei buruzkoa da».