Emakumezkoak su artean

Suhiltzaile postua lortzeko oposizioen azken probak egin dituzte Bizkaian. Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan deialdia egin berri dute. Lanpostu horretara aurkezten diren gehienak gizonezkoak badira ere, badira emakumezkoak ere: Isabel Espinosa, Eider Ruiz de Agirre eta Daniela Dominguez, esaterako.

Suhiltzaileen urtea da 2017a. Bizkaian, amaitu dituzte suhiltzaile posturako oposizioak, eta Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan egingo dituztela iragarri dute. Araban, 94 lanpostu daude jokoan; Gipuzkoan, 25; eta Nafarroan, hamabost. Araban, izena emateko epea apirilaren amaieran amaitzen da; Gipuzkoan eta Nafarroan, amaitu dira. Gipuzkoan, 1.021 lagunek eman dute izena, eta haietatik 33 emakumeak dira.

Gipuzkoako deialdiak badu berrikuntzarik: proba fisikoen baremazioa sexuka egingo da, EHUko kirol zientzietako adituek egindako azterketa batean oinarrituta. «2008. urteko deialdian ere egin zen, baina, oraingoan, azterketa sakonagoetan oinarrituta hartu dira erabakiak, sektorearen maskulinizazioari aurre egiteko», zehaztu du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak. Lasak zehaztu duenez, gorputz ezberdintasunaren arabera, ariketak nola egokitu behar diren finkatzen da azterketa horretan.

Oposizio orotan, arlo teorikoaz gain, proba fisikoak gainditu behar izaten dituzte hautagaiek. Lasak azpimarratu du proba fisikoak denentzat berdinak direla, baina denborak sexuaren arabera egokitzen direla, baita denboren puntuazioa ere.

Lasak aitortu du proba fisikoak «zorrotzak» direla gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat, «lanbidearen exijentzia fisikoa ere halakoxea delako». Puntuazio handi bat lortzeko prestatzea beharrezkoa dela dio, baina probak ez direla «gaindiezinak».

Oraindik ere gizonezkoak nagusi diren lanbide bat bada ere, emakumezko batzuk badira haien artean: bi suhiltzaile dabiltza Arabako parkeetan; lau Gasteizko suhiltzaileetan; beste lau Bizkaiko Foru Aldundiaren parkeetan; Bilboko suhiltzaileen artean hiru emakumezko daude; Gipuzkoako parkeetan hiru dabiltza; Donostiako suhiltzaileetan, lau, eta, administrari lanetan, beste bat; eta, Nafarroa osoan, bi emakumezko suhiltzaile daude. Eider Ruiz de Agirre, Isabel Espinosa eta Daniela Dominguez dira lanean ari diren hiru suhiltzaile.

Emakumeak, beraz, ari dira apurka lekua egiten suhiltzaileen artean. Lasaren ustez, «denbora beharko da gauzak aldatzeko». «Erakundeetatik baldintzak jar ditzakegu, baina, gero, emakumeei dagokie pausoa ematea. Gizarteari ere badagokio estereotipoak alboratzea, eta sektore maskulinizatuetan emakumeen parte hartzea bultzatzea».

Hori da, hain zuzen, atzo Gasteizen aurkeztu zuten Zergatik ez hemen? kanpainaren xedea ere. Pilar Garcia de Salazar Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak azaldu zuenez, «helburutzat hartzen dutena lortzeko gai direla kontzientziatzeko» abiatu dute kanpaina. Eta gaineratu du: «Mailarik gorenetara heldu gara arlo ugaritan, baina gehienbat gizonek egiten dituzten lanbideak daude. Errealitate hori aldatu nahi dugu». Hala, suhiltzaile postuetarako deialdira aurkez daitezen animatu ditu emakumeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.