Inboluzioa

Goizalde Landabaso / 2017-04-04 / 258 hitz

Mexikon bortxatzaile bat aske utzi du epaileak, lagun batzuekin taldean egindako bortxaketan ez zuelako gozatu. Beste hiru lagunek zakila sartu zioten 17 urteko neskari; berak, ordea, soilik bularrak ukitu eta atzamarrak sartu zizkion. Epailearen aburuz ez zuen «haragizko asmorik».

Atzamarrak sartzearena bagina barruan zer ote zegoen ikusteko izango zen. Epaileak, lupetzetan lupetz, esan zuen gehiagorik: bortxatutako emakumea indarrez autoan sartu bazuten ere ez zela babesgabe egon. Alegia, babestua egon zela. Nik horrelakoetan ondo ulertzeko pieza guztiak ordenan jarri behar ditut (oso azkarra ez izatearen minak). Ondorio argia: 17 urteko emakumea auto barruan bortxatzen ari zirenean babestua zegoen. Emakumeari eraso egin zioten lau gizonak (hiru bortxatzaileak eta batere gozamenik izan ez zuen Edward Scissorhands) aberaskumeak dira. Eliteko ikastetxe batean ikaskide. Bai. Horixe.

Duela aste batzuk AEBetako Idaho estatuko epaile batek hartutako erabakiaren aurrean ere zur eta lur gelditu nintzen. 14 urteko emakume bat bortxatu zuen gizona aske utzi zuten sexu harremanak soilik emaztearekin izango dituen promesarekin. Idahoko epaile horren aburuz, bortxaketaren errua sare sozialek dute. Ez zuen zehaztu sare sozial batek edo denek batera. Baina esango nuke denak direla errudun. Eta gero zelan ahaztu beste une gogoangarri hura. Saudi Arabiako aberats batek Londresen 18 urteko emakume bat, ustez, bortxatzeagatik epaiketa izan zuen. Epaia mundiala da. Ez zegoen bortxaketarik, emakumeak salatzen zuen bezala. Istripu tamalgarria izan zen. Gizonak ez zuen nahi. Zakila praketatik kanpo eta tente zuen eta gelditzen saiatu zen, baina zutarria bagina barrura jausi zen, bere borondatearen kontra. Barruan aurkitu zuten bere hazia ere, kasualitatez heldu zen horra. Zein gizoni ez zaio gertatu inoiz? Ufa. Egun batzuetan beste mundu batera joateko tentazioa izaten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.