Pornografiari zuzenean begira

Iker Tubia / 2017-05-31 / 803 hitz

Teknologia berriek esku-eskura jarri dituzte eduki pornografikoak, baita nerabeentzat ere. Pornografia hegemonikoak azaltzen dituen balio, rol eta jarrerak ontzat har ditzakete, sexu heziketa onik ez badute. Horregatik, kezka agertu dute hezitzaile batzuek.

Jende gutxik aitortuko du ikusten duenik. Agian gune txikietan bai. Baina nonahi ikus liteke, nolanahi eskuratu, inguruan dago eta ezin zaio ez ikusiarena egin. Webgune bateko iragarkian, Whatsapp taldean jasotako bideoan… bide anitzetatik jasotzen dira eduki pornografikoak. Noski, gaztetxoek ere jasotzen dituzte, eta horrek kezka piztu du sexologo eta hezitzaile batzuengan. Ezinbestekotzat jo dute nerabeei fikzioa eta errealitatea ez nahasteko tresnak ematea, eta horretarako bi bide nagusi aldarrikatu dituzte: solasa eta heziketa.

Non ikusi dute gaztetxoek sexua? Lehenbizi, filmetan, eta gero, pornografian. Izan ere, harreman sexualak intimitatean izaten dira; beraz, ez dira beste inon ikusten. Askorentzat horiek dira sexuari buruzko lehenbiziko ezagutzak, eta horrekin kezka agertu du Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak. «Film konbentzionaletan benetako bizitzan horren arrunta ez dena ikasten dugu sexuari buruz. Adibidez, orgasmoen aldiberekotasuna eta koitoaren bitartez, hori ia-ia film guztietan agertzen da. Gero, pornoan hori konfirmatu egiten da. Hori desikasi behar dugu, bestela lehen esperientziak frustrazio itzela izango dira batzuentzat».

Beraz, hasi zinema komertzialetik eta sexua agerien azaltzen duten filmetaraino, sexuaren ikuspegi bat eta bakarra gailendu ohi da. Barquinek adjektiboak jarri dizkio: «androzentrikoa, koitozentrikoa eta zakilzentrikoa». Azken batean, patriarkatuaren beste isla bat baizik ez da. Gizona eta bere plazera izan ohi dira horrelako produktuetan erdigunean, genitaletan zentratzen da sexua, eta mutilaren eiakulazioarekin bukatu. Ikuspegi horretan emakumeek eredu horretara moldatu beharra daukate. Nagore Iturrioz Medeak taldeko kideak «sexualitateari marrazten zaion irudimenik gabeko bidexka» deitu zion horri.

Barquinek esan duenez, badira 11 eta 13 urte bitartean pornoa ikusten hasten diren gazteak. Telefono bat eta konexioa izatearekin aski da porno hegemonikoa ikusteko. Hori errealitate bat izanik, ez ikusiarena egin baino, hitz egitea aukera hobea izaten da. Elena Jimenez Sexune taldeko sexologoa da, eta hark pornografia lantzen du gazteekin batera. «Beti ateratzen dut gaia, beraiek ateratzen dutelako», azaldu du. Hala ere, ez dute denbora askorik izaten pornografiaren gaiari sakon heltzeko.

Jimenezen aburuz, lehenik gaia kokatu beharra dago. «Pornografiaren helburua ez da heziketa. Kristoren negozioa dago, eta helburua kitzikatzea da», adierazi du. «Esaten diet denei ez zaigula berdina gustatuko». Askotan debekuak edo ona/txarra dikotomia izaten dira pornografiaren inguruan, eta hori baino eraginkorragoa da heziketa, sexologoaren aburuz. «Heziketa behar da, eta gauzak ulertu eta kudeatu». Desiren munduan bi bide bereizi ditu: fantasia —errealitate bihurtzeko asmorik gabekoa— eta jokaera. «Nik esaten diet pornografia ez direla dokumentalak, ez dela errealitatea, esajerazioa baino ez».

Beste batzuek, berriz, ez dute pornografiaren gaia lantzen. Solasean sexologia guneko langileek, adibidez. Maite Ziganda hango gizarte langile eta sexologoa da, eta hark ez du beharrik ikusi gaia lantzeko, orain arte behintzat. «Urruneko gauza bat da, nerabeek edo gazteagoak direnek ez dute gustuko, nazkagarritzat dute». Haren ustez, Interneten ez dituzte horrelako edukiak bilatzen, baina bai aurkitu. «Eskuragarri dute, sakelakoan dute, baina arduratsuak badira eta jarrera kritiko bat landu badute, ez dute arazorik izango, jarrera hori ongi barneratzen dutelako». Haiek lauzpabost urte daramate nerabeekin lanean, eta, esan duenez, ez dute gaiaz hitz egin nahi zuen talderik eduki.

Sexologoaren aburuz, gizartea ez da irekia, eta beti genitalen inguruan zentratzen du sexualitatea. «Merkatuak gidatzen du eredu hori. Ez da gehien gustatzen zaiguna batzuei, baina erantzuten dio merkatuari. Bakoitzak erabaki behar du zer ikusi». Telezaborrarekin alderatu du. Baina, bada pornografiaz hitz egiteak sortzen duen beldur bat: ireki nahi ez duten ate bat irekitzea. Zigandak ez du argi zein adinetan atera beharko litzatekeen gaia. «Hezitzaileentzat zaila da».

Ezin izkin egin

Jimenezek, berriz, uste du gaia kontuan izan behar dela, 11 urtetik aurrerako gazteek ere eskura dituztelako horrelako edukiak. Izan ere, arrisku bat badago: heziketarik ezarena. Jimenezek uste du oso heziketa gutxi dagoela, eta, beraz, balantzan pornografiak irabaz lezake. «Gerta liteke sinesmen eta eredu okerrak jasotzea, heziketatzat har dezaketelako». Argi eduki behar da filmaren xedea: kitzikatzeko soilik bada, ez da hainbesterako arazorik. «Arazoa da hortik harreman ereduak ateratzen baditugu».

Nahi edo ez, pornografiak badu eragina pertsonen sexu harremanetan. Ez soilik nerabeengan. Barquinek hainbat adibide eman ditu. Batetik, pubiseko ileak kentzeko bolada. Pornografia komertzialak sarketa hobeki filmatzeko erabilitako bitartekoa oso zabaldua dago bizitza errealean, eta askok exijitu ere egiten diote bikotekideari. Eragin hori ere ikusi du Barquinek sanferminetako bortxaketan. «Gehiegi gogorarazten digu porno komertzialean ikusten diren eszena batzuk. Eszenotan gizonen plazera dago lehen lerroan eta emakumeak objektuak dira. Bortxaketan erreproduzituta zegoen». Are, bortxaketa Whatsapp talde batera iritsi, eta bertan zirenek ez zuten bortizkeriarekin lotu. «Mila aldiz ikusi dira halako irudiak».

Dena den, hegemonikoa den pornografiaren aurrean, badira beste alternatibak ere. «Geroz eta pornografia gehiago egiten dira, baina irizpideak behar dira eta bilatu behar da. Hor dago postpornoa. Gauza ezberdinak egiten ari dira pornografiaren existentzia ez ukatzeko, eta, bere tokian jarrita, beste kitzikagarri baten moduan erabiltzeko», esan du Jimenezek. 2015eko postporno jardunaldien ondoren, gakoetako bat bota zuen Iturriozek: «Gorputzarekin elkarrizketan jarri behar dugu, pornoak egiten duen bezalaxe, baina beste hizkuntza bat hitz eginez».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.