Horra zergatik ez duzun bota behar paper-zapirik komuneko zulotik behera!

Sustatu.eus / 2017-09-21 / 191 hitz

Atzo jakin genuen Donostiako arazoaren berri. Donostiako ur zikinak biltzen dituen estolda-sistema buxatuta dago, eskuzapiek sortu duten tapoi handi baten erruarengatik. Baina Donostiakoa beste adibide bat besterik ez da. Komunetik behera jaurtitzen ditugun paper-zapi, kleenex edota eskuzapiek sekulako arazoak sortzen dituzte gure estolderietan. Izan ere, eskuzapi ustez biodegradagarri horiek ez baitira horren degradagarri. Urtero mlioika euro gastatzen dira paper-zapiek sortutako arazoak konpontzen. 

Herritarron ohiturak aldatzea ez da erraza izaten. Eta, ohitura dugu, komuneko zulotik behera edozer botatzeko: paperak, zaborra, janaria,… eta baita eskuzapi ustez biodegradagarri horiek ere, toallitak, alegia. Azken urteotan izugarri handitu da paper-zapi horiek erabiltzeko ohitura, gainera. Ondorioak nabarmenak dira: buxadurak gure hodi eta estolderietan.

Izan ere, toallita horiek biodegradagarriak izango dira, bai, baina epe luzera. Eta, gainera, degradagarri izateak ez du esan nahi uretara bota eta desegin egingo direnik. Ez da hala. Eta horregatik sortzen dituzte sortzen dituzten arazoak.

Ingalaterran fatberg deitzen diete paper-zapiek sortzen dituzten tapoi erraldoi horiei. Paperaz gain, koipea ere pilatzen da horrelakoetan. Denborarekin gogortu ere egiten dira, zementoaren gogortasuna hartuz. Londresko estoldetan joan zen astean bertan aurkitu zuten fatberga itzela da, 200 metroko luzera eta 130 tonako pisua. Hona hemen zenbait bideo arazoaren “neurria” erakusten dutenak.

Bideo 1

Bideo 2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.