«Iditarod» lasterketako txakurrak

J.I. Perez eta M.B. Urrutia / 2018-04-12/ 537 hitz

Ospe handiko narra-lasterketak egiten dira Alaskan. «The Copper Basin 300» da horietako bat, horri buruz aritu gara aurreko atalean. Beste bat Iditarodizenekoa dugu; lasterketa ezagunena da eta; seguru asko, gogorrena ere bai.

Parte hartzaileek 1.161 milia (1.868 km) egin behar dituzte Willow-etik (Anchorage hiritik gertu) Nome-raino eta 9-15 egun ematen dituzte horretan. Hamasei txakurrek osatzen dute lasterketa-taldea: narratik tiratzen dutenak eta «musher» izeneko giza gidariak.

Aurreko ataletan esan dugun bezala, lasterketa horietan parte hartzen duten txakurrak oso gogorrak dira, ugaztunen artean erresistentzia fisiko altuena dutenetakoak seguru asko. Azken urteotan, gainera, zenbait musherrek egiaztatu dute uste zena baino erresistentzia eta ahalmen handiagoa dutela txakurrok. Izan ere, lehen 6 orduko lasterketa-aldiak eta beste 6 orduko atsedenaldiak txandakatzen zituzten, baina azken urteotan lasterketa aldi luzeagoak egiten hasi dira, eta emaitza hobeak lortu dituzte horrela. Lasterketaren azken egunetan astiroago badoaz ere, denbora luzeago egon daitezke gelditu gabe (bai eta 14 ordu ere).

Narra-txakurren ahalmen horrek Estatu Batuetako armadan interesa piztu du, soldaduentzat nahi lukete-eta txakurrek duten erresistentzia fisiko hori. Begi-bistakoa da interes horren arrazoia, ezta? Hori dela eta, Defentsarako Ikerketa Aurreratuko Egitasmoetarako Agentziak 1’4 M$-ko diru-laguntza eman dio Oklahoma Estatuko Unibertsitateko ikertzaile bati. Michael Davis doktorea da ikertzailea eta animalien ariketa fisikoa da haren lan-esparrua.

Narra-txakurrek metabolismo altuenaren %50ean manten dezakete jarduera-maila egunetan zehar. Ez hori bakarrik, musherrek diotenaren arabera, nekatu beharrean, erresistentzia gehiago erakusten dute lasterketa egunak igaro ahala. Davis doktoreak, bestalde, lasterketan zehar giharraren energia-erreserbak ez dituztela agortzen aurkitu du. Lasterketaren hasierako orduetan bai, jaitsi egiten dira, baina denbora igaro ahala lasterka hasi aurretik zuten mailara hurbiltzen dira erreserba-mailak berriro, batez ere glukogenoarenak. Azken egunetan bai, jaitsi egiten dira, baina oso astiro. Noski, txakurrak oso ondo elikatuta daude, proteinetan eta batez ere gantzetan oso aberatsa den janaria ematen baitzaie. Beraz, argi dago ariketa egiteko erabiltzen duten erregai gehiena janaritik ateratakoa dela edo giharrak ez diren beste organoetatik, proportzioan oso neurri txikian erabiltzen baitute giharretan gordeta dagoena.

Esan bezala, txakurrek oso neurri mugatuan erabiltzen dituzte giharraren glukogeno-erreserbak. Dirudienez, muskuluko triglizeridoak eta gorputzaren beste organoetan gordeta dauden lipidoak ere erabiltzen dituzte, baina gantzetan aberatsa den janaria emanez, janariaren gantz hori da erabiltzen duten energia-iturri nagusia, erreserbak gehiegi erabili beharrik gabe. Animalia gehienek, eta batez ere ahalegin luzeak egiten dituztenek, gantzak erabiltzen dituzte energia-emari nagusi gisa, baldin eta nahikoa bada eskuragarri dutena; eta eskuragarri egoteak esan nahi du muskuluan edo lipido-biltegietan egotea edo janariaren bitartez lortu ahal izatea.

Narra-txakurrek beste txakur-arrazek baino gihar-zuntz gorri gehiago dute. Ezaguna denez, mioglobinan eta mitokondrioetan aberatsak dira zuntz gorriak, oso ondo odoleztatuta daude eta lipidoak dira haien metabolismoaren substratu nagusiak. Ezaugarri horiei esker astiro uzkurtzen dira eta nekearekiko erresistentzia altua erakusten dute. Entrenamenduaren ondorioz, gainera, areagotu egiten dira ezaugarri horiek, ezaguna baita entrenamenduak katabolismo aerobikoaren etekina eta eraginkortasuna areagotu egiten dituela eta lipidoen erabilera ere handitu egiten duela. Hori dela eta, ariketa fisikoaren eta metabolismoaren mutur batean daude narra-txakurrak, erresistentzia fisiko altuenetakoa duten ugaztunak baitira.

Ezin esan nekaezinak direnik, baina sinesgaitza dirudi egiten duten ahalegina; oso handia da, metabolismo gorenaren erdiari baitagokio, eta luze irauten du, zortzi egunetik gorako lasterketak egiten baitituzte. Ez dakigu gizakiari aplikatzeko moduko kontuak diren ala ez, baina beharbada ez legoke gaizki gero eta lipido gehiago sartzea erresistentzia handiko kirolarien jakian, lipidoak baitira muskulu geldo nekagaitzek erabiltzen dituzten erregai nagusiak eta gihar horiek baitira narra-txakurrek gehien erabiltzen dituztenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude