Ez dago arraza zuririk, ezta beltzik ere

Juan Ignacio Perez Iglesias / 2019-09-23 / 413 hitz

Pertsona bat zuria edo beltza dela esaten dugunean, beharbada pentsatzen dugu bere koloreak zehaztutako kategoria biologiko batekoa dela. Jende askok pentsatzen du larruazalaren pigmentazioak pertsona bat zer arrazatakoa den adierazten duela.

Larruazalean melanozitoak daude, pigmentuak sortzen eta biltzen dituzten zelulak. Bi pigmentu mota daude, eta, generikoki, «melanina» izenez ezagutzen dira; bat marroi arrexka da (eumelanina), eta, bestea, gorri horixka (feomelanina). Larruazalaren kolorea bi pigmentuen kantitatearen eta proportzioaren araberakoa da. Eta kontua da bereizgarri hori zenbait generen araberakoa dela; batzuek melanozitoetan dagoen pigmentu kantitatean dute eragina, eta, beste batzuek, bi melanina moten arteko proportzioan. Are gehiago, antzeko bi kolore oinarrizko ezaugarri horien zenbait konbinazioren emaitza izan daitezke, eta konfigurazio genetiko desberdinengatik izatea.

Afrikarrak, oro har, larruazal ilunekoak dira. Dinka etniakoen (Afrika mendebaldean) larruazala oso iluna da; San etniakoena (kontinentearen hegoaldean), aldiz, argiagoa. India hegoaldeko, Ginea Berriko eta Australiako natiboek ere larruazal iluna daukate. Asia erdialdean eta Ekialde Urrunean, baita Europan ere, larruazalak argiak dira, oro har. Eta natibo amerikarren artean, zenbait koloretako larruazala daukate, baina ez afrikarrek bezain iluna.

Txinpantzeen ilaje lodiaren azpian ezkutatzen den larruazalaren koloreari erreparatzen badiogu, gure arbaso hominidoena, seguruenik, argia zen. Duela bi milioi urte inguru, gure espezieko kideen ilajearen lodiera eta gogortasuna murriztu egin zen, ia gorputz osoan ile geruza mehe bat geratu arte. Baina eraldaketa horren ondorioz, larruazala eguzkiaren erradiazio ultramorearen eraginpean geratu zen, eta horrek minbizia eragin zezakeen eta, gainera, garrantzi fisiologiko handiko substantzia bat desagerrarazi: azido folikoa. Seguru asko, arrazoi horrengatik hautatu ziren larruazala iluntzen zuten aldaera genetikoak, melaninak babestu eta aipatutako kalteak eragozten baititu.

Gizakiak hedatu egin gara, eta ia latitude guztietara iritsi gara. Mugimendu horien ondorioz, jendearen larruazala erradiazio baldintza oso desberdinen eraginpean egon da. Eta erradiazio ultramore gehiegi izatea oso kaltegarria izan daitekeen bezala, erradiaziorik ez hartzea ere kaltegarria izan daiteke. Izan ere, kasu horretan ezin da D bitamina sintetizatu, eta horrek errakitismoa eta beste osasun arazo batzuk eragin ditzake. Hori dela eta, beste aukera batzuk alde batera utzi gabe, gizakien larruazala argitu egin da eremu geografiko batzuetan, hautespen naturalaren ondorioz. Gainera, biztanleria mugimenduek hainbat espezie nahastea eragin dute, bakoitza bere bereizgarri genetikoekin eta pigmentu ezaugarriekin, eta askotariko itxurak sortu dira.

Gaur egungo gizakien kolorea, beraz, gertakari biologiko eta demografikoen sekuentzia konplexu baten emaitza da, eta ezin dira taldeak biologikoki mugatu. Larruazalaren kolorearen desberdintasunak, askotan, ez datoz bat beste hainbat ezaugarrirekin, zeinak beste eredu batzuen arabera eta beste presio selektibo batzuen ondorioz aldatzen baitira. Horrenbestez, ez dago arrazak existitzen direla argudiatzeko oinarririk. Halaber, ez dago beste desberdintasun batzuk justifikatzeko oinarririk ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.