Zergatik gaude geroz eta deprimituagoak?

Jaione Dagdrommer / 2019 -09-23 / 442 hitz

Milaka milioi pertsonek pairatzen dute egun depresioa Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Hemendik bi urtera autoestimuaren galera eta erruduntasun sentimenduak bihurtuko dira desgaitasunaren bigarren kausa.

Depresioaren hazkundea ez da fenomeno berria. Bere igoera 1960an hasi zen, paradoxikoa bada ere, ongizatearen gizartearekin batera. Nola liteke bizi kalitate handiagoak narriadura sortzea gogo-aldartean?

Teoria ezberdinak daude honen inguruan, baina ez dute erabat erantzuten fenomeno honen funtsa. Zerbait gaizki dago, bai. Batez ere, ongizatearen eredu bihurtu diren herrialde nordikoetan atzematen da gehien joera hau. Bertako instituzio politikoek joera hau mito bat dela sinestarazten saiatzen badira ere, Finlandian dago Europar Batasuneko suizidio tasa handiena. Ikerketa ugariren arabera, suizidioen %42 eta %71 artean lotura zuzena zuten sindrome depresiboarekin, nahiz eta bertako klimaren errua dela sinestarazi nahi zian diguten. Begi bistakoa da ordea, klimak berak bakarrik ezin duela fenomeno hau azaldu Finlandia bezalako herrialde oparo batean, gizarte suediarraren dekadentzia emozionala azaldu ezin dezakeen bezala.

Ekidin beharreko ereduak
Herrialde nordikoen eredu arrakastatsuaren atzean sekulako drama ezkutatzen da. Ekonomiari dagokionez, erreforma eraginkorrak aplikatzen jakin izan dute, baina aldi berean zuzentasun politikoak erritmo zorabiagarrian joan da eboluzionatzen, ondorio negatiboak utziz bertako gizarteari.

Suediarren %50 bakarrik bizi da eta %40ak aitortzen du bakarrik sentitzen dela. Bi pertsonek osatutako familiak geroz eta ezohikoagoak dira. Esperma banketxeen bezerorik onenak suediar emakumeak dira, metodo hau erabiltzen baitute familia osatzeko gizonezko baten beharrik gabe.

Herrialde nordikoetan pentsatu zen harreman pertsonalak berdintasunean oinarritu zitezen beharrezkoa zela besteekiko dugun dependentzia ezabatzea. Horregatik, emakume guztiak buru askiak izan zitezen lanean jarri ziren eta jada 1981erako emakume suediarren independentzia harrigarria zen.

Independentzia honek ordea, askatasun gehiago eman baino, harreman espontaneoak sustatu zituen gizon eta emakumeen artean. Eta subjektuen arteko interdependentzia ezabatu zen, estatuaren dependente bilakatuz biztanleak.

Estatu sozial eta terapeutikoaren sorrera
Honen aurrean Estatuak dimentsio terapeutikoa eskuratu zuen. Titulu berri honekin Estatuaren egitekoa zen biztanleak ongi sentiaraztea ongizatea bultzatzen zuten politikak sortuz. Oreka emozionala estatuaren esku uztean, zenbait emozio negatibotzat hartuak izan dira indibiduoaren zoriontasunera bidean eta norbait maitatzean, pertsona horri lotuta gelditzea dela sinisteraztera iritsi dira batzuk, horrek ez dueakoa norbanakoa emozionalki hazten uzten. Maitasuna beraz, kontrolatu beharra dago eta baita gorrotoa ere. Egun gorroto delituei buruzko albisteak eguneroko ogia dira. Horrela, herrialde nordikoetan, eta oro har mendebaldar gizartean, George Orwell-en aurreikuspenak gainditu ditugu: ez dugu pentsamenduaren poliziarik, sentimenduen polizia baizik.

Halarik ere, kultura terapeutikoaren ezaugarririk kezkagarriena uste hau da: indibiduoaren egora emozionala ez da pribatua, publikoa baizik. Sineste honekin abordatzen dituzte estatuek arazo sozialak, geroz eta gehiago esku-hartuz pertsonen garapen emozionalean.

Zoritxarrez, ezinezkoa da Estatuaren ongizate emozionala hiritar librearen ikuspegiarekin uztartzea. Hiritarrak paziente bihurtzeak pertsonen arteko harremanean eragina du, botereari men egitera behartuz. Paternalismo horrekin, gure kabuz erabakiak hartzeko ahalmena murrizte ari zaizkigu, horrek gure ongizatean duen eraginarekin. Deprimitzeko baditugu bada hainbat arrazoi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.